Arabako Salhaketak dio ez daudela argi 2020an hildako preso baten ingurukoak

Zaballan zegoen 67 urteko G.B. presoa Gasteizko Santiago ospitalean sartu zuten 2020ko apirilean, ebakuntza kirurgikoa egiteko. Handik bi egunera hil zen, eta Salhaketak uste du ez dela «behar bezala kontrolatu Ertzaintzaren jarduera».

Zabalako kartzela, Araban. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2023ko urtarrilaren 16a
12:53
Entzun

Ertzaintzaren informazioaren arabera, G.B. presoak erizain bati aurre egin zion Gasteizko Santiago ospitalean 2020ko apirilaren 6an, eta Poliziaren zaintzak «gogor jardun zuen haren defentsan». Eusko Jaurlaritzaren 2020ko maiatzaren 18ko txosten baten arabera, liskar bat izan zen presoaren eta Poliziaren artean, eta Ertzaintzak «bere defentsak erabili behar izan zituen, besoak eta hankak kolpatuz», kide horiei lesioak eraginez. Bi egun geroago, aldez aurretik programatutako kirurgian ebakuntza egin gabe, Santiago ospitalean hil zen G.B presoa.

Eusko Legebiltzarrean, garai hartako Segurtasun sailburu Estefania Beltranek ez zien argi erantzun agenteak erabilitako ala erabili gabeko indarrari buruz egindako galdera jakinei, Salhaketak dioenez. «Segurtasun Sailaren arabera, ez dago jasota ospitaleak G.B.-ren heriotzari buruz egindako txosten medikorik, eta hori ez dator bat fiskaltzarekin, hark baieztatu baitu autopsia egin ziotela 2020ko apirilaren 23an».

Euskal Autonomia Erkidegoko Polizien Gardentasunerako eta Kontrolerako Batzordea sortu eta gero, Arabako Salhaketak babesa eskatu zion Arartekoari, eta erakunde horrek informazioa eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Bada, Salhaketaren arabera, «Arartekoak egiaztatu zuen Segurtasun Sailak ez zuela erabilitako indarrari buruzko xehetasunik ematen», eta berriro eskatu zion sail horri kasuari buruzko informazioa, dokumentazioa eta atestatuak.

Arartekoa ere, erantzunik gabe

Arartekoaren ustez, Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea behartuta dago, ofizioz, Poliziaren zaintzapean pertsona baten heriotza edo lesio larriak izan diren gertakariak aztertzera. «Arartekoak adierazi du Segurtasun Sailak ez dituela gertakariak ikertu, ezta gabezia hori justifikatu ere, baloratu ahal izateko behar bezain zehatz, eta horrek zalantzak sortzen dituela polizia jarduleak erabilitako hertsatzeko bitartekoei buruz».

Horiek horrela, gomendio gehiago eman zizkion Arartekoak Segurtasun Sailari: «Santiago ospitalean Ertzaintzaren zaintzapean zegoen G.B. presoaren heriotza iker dezala; esku hartu zuten poliziek arauzko armaren erabilerari buruzko informazioa eman dezatela; eta Arartekoak emandako gomendioak betetzeko beharrezko mekanismoak ezar ditzala».

2022ko abenduan, ordea, Arartekoak Arabako Salhaketara jo zuen jakinarazteko Segurtasun Sailak ez ziola bidali barne ikerketaren edukia, egiaztatzeko ea Erakundearen Gidalerroen eta Nazioarteko Erakundeen errekerimenduen arabera egin zen; ez eta eskatutako polizia jardunari buruzko dokumentaziorik ere, eta horregatik itxi dela Arabako Salhaketak bere garaian egindako kexa espedientea.

Presoak babesteko elkarte horrek uste du Segurtasun Sailak «jardunbide txarrak» izan dituela Arartekoarekin, eta Ertzaintzaren jarduera «behar bezala ez kontrolatzea» gertatu dela agian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.