Musika

Milioi batetik gora ikustaldi lortu ditu Kai Nakaik, Shakirak Piqueri jarritako koplen euskarazko bertsioarekin

Abeslari gasteiztarrak ez du kantaren bertsio osoa egin, baizik eta Tiktok sare sozialerako lagin bat. «Nire helburua ez da abesti osoak egitea, baizik eta erakustea zelan entzuten den holako abesti famatu bat euskaraz»

Kai Nakai abeslariaren bideoko irudi bat. KAI NAKAI
Edu Lartzanguren.
2023ko urtarrilaren 16a
11:04
Entzun

Ostiralean argitaratu zuen Kai Nakai musikari gasteiztarrak Shakiraren azken kantaren euskarazko bertsioa, edo, hobeto esanda, Tiktokek duen denbora mugaren araberako bertsioaren puska, eta dagoeneko milioi bat ikustaldi lortu ditu.

Barkatu, beste hegazkin bat hartu dut
Etsipen handia izan dut jada
Hain txapelduna zinela esaten duzu
Eta behar zintudanean, guztiz galdu ninduzun

'Sorry', txiki, amaitu da
Esan agur, ni naiz eredua
Ni bezalako otso bat ez dago galdua
Ni bezalako otso bat ez dago zu bezalakoekin

Zuretzat gehiegi nintzen
Eta orain zaude, zu bezalako batekin

Zenbakiak ere dantzan jarri ditu kantak, halere. Kai Nakaik Tiktoken zabaldu du lehenbizi bideoa, eta hango kontagailuaren arabera, 297.000 ikustaldi pasatxo ditu. Twitterren bideoarekin jarritako mezua, ordea, astelehen goizerako, 769 aldiz birtxiokatu dute, 378 bider aipatu dute, eta 5.000 atsegin baino gehiago lortu ditu. Eta, esan bezala, milioi bat aldiz ikusi dute, gutxienez.

Musikazale asko gosez geratu da, edonola ere, eta kantaren bertsio osoa plazaratzeko asmorik ote duen galdetu diote musikariari. «Egiten ditudan cover-rak [bertsioak] beti zatitxo bat dira, Tiktokerako direlako. Normalean, iraupen txikiko bideoek hobeto funtzionatzen dute», erantzun dio abeslariak BERRIAri.

Gaineratu du uste duela ez lukeela modurik izango musika zabaltzeko plataformetan jartzeko kantua, jatorrizko abestiaren oinarria erabiltzen duelako. Horrek egile eskubideen gatazka eragingo luke, noski.

Garai batean, bertsolariek mehatxu gisa erabiltzen zuten ohartarazpen hau: «Kontuz, koplak aterako dizkizut eta». Oso ohikoa zen gizarteko gertakarien inguruko koplak egitea eta bertsopaperetan argitaratzea eta saltzea gero. Askotan satiriko samarrak izaten ziren, oker jokatu zuen bati barre egiteko, esaterako.

Bada, antzeko mekanismoa erabili zuen Shakirak joan zen astean, munduan bolo-bolo zabaldu den abestian: koplak jarri dizkio Gerard Pique bikotekide ohiari, beste batekin tronpatzeagatik. Eta Iratxe Aguilera Kai Nakai musikariak ohitura du asko zabaltzen diren kantuen bertsio laburrak egiteko. «Nire helburua ez da abesti osoak egitea, lan asko delako (horretarako badauzkat nire abesti propioak), baizik eta erakustea zelan entzuten den holako abesti famatu bat euskaraz». Aurreko batean, Rosaliaren Despechá kantaren lagina jarri zuen sare sozialetan.

Eta, azken udan, Quevedok Bizarrap ekoizle argentinarrarekin eginiko Quédate kantuaren bertsioa egin zuen.

Reggaeton euskaldun eta ahaldundua egiteagatik da ezaguna Kai Nakai gasteiztarra. Musika estilo horrek duen ospe matxistari buelta emateko asmoz ekin zion sortzeari. «Beti esan da reggaetona oso matxista dela, eta guk erakutsi nahi izan dugu hau ere musika dela, eta musika berez ez dela matxista, eta gure hitzek kolektibo guztiak hartzen dituztela kontuan», esan zion BERRIAri 2020. urtean

Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen 2019an, eta, horri esker, Baimenik gabe diskoa plazaratu zuen 2020an, azokan bertan. Geroztik, ez da geratu. Maitia disko laburra plazaratu zuen 2021. urtean, eta Tira singlea iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.