Derbien ezaugarri nagusietako bat izango da, agian, trazarik hartu ezina. Hau da, lehiaren estutasunak argi gutxi ematea igarleari. Halakorik ez da jazo gaur Anoetan, Realak eta Athleticek jokatutako norgehiagokan. Etxekoen ekinaldiek gehiago balio izan dute, eta berandu baino lehen islatu da hori markagailuan. Jokoa eta emaitza izan dira horren testigu: txuri-urdinak 3-1 nagusitu dira. Inoiz baino zale gehiago bildu dira Anoetara (38.342), eta, bisitarien kalterako, sailkapenaren logikak agindu du: donostiarrak gailendu ziren.
Ez aise, haatik. Talde zuri-gorriak bere sor-markari men egin, eta gogor estutu du neurketaren hasieran. Jokaldi bakanetan izan bada ere, estu hartu du Alex Remiro Realaren atezaina. Halere, jokoaren gidaritza txuri-urdinena izan da lehen minutuetatik. Gol aukerei erreparatuz gero, batik bat. Imanol Alguacilen jokalariek argitasun gehiagorekin ailegatu dira Unai Simonen atera, eta saria jaso dute.
Alexander Sorlothek estreinatu du markagailua. Aurrelari norvegiarra sasoiko dago, eta agerian utzi du hori 25. minutuan. Athleticeko atzelarien artean zintzilik geratutako baloia indarrez astindu du, Reala aurreratzeko. Lehendabiziko minutuetako oreka hautsi duen jokaldia izan da.
Reala erosoago aritu da ordutik aurrera. Aldiz, Athletici gehiago kostatu zaio bere zelaian lekua egitea. Ernesto Valverdek azken jardunaldietako jokamoldea hobetsi du neurketaren hasieran, baina minutuek aurrera egin ahala, zirrikitu gehiago aurkitu dituzte etxekoek.
Donostiarrek halako jokaldi batean erdietsi dute bigarren gola. Take Kubok eta David Silvak bat-bikoa egin dute, eta japoniarrak jaso du baloia. Jokaldi bikaina egin du Kubok; Dani Vivianen hanka artetik pasatu du baloia, eta sarera errematatu du gero. Neurketak itxura bikaina hartu du Realarentzat, 36. minutuan.
Athleticek, berriz, ez du etsitzeko asmorik izan. Grina da zuri-gorrien ezaugarri nagusia, eta hori baliatu dute atsedenaldira artean. Valverderenek zirt edo zart egin beharra zuten, Realaren menpe baitzeuden. Baita egin ere; Oihan Sancetek bere kalitatearen printzak probestu ditu aldea murrizteko. Jokalari nafarrak pase bat jaso du eskuin hegaletik, 40. minutuan, eta zalantza gutxi egin du. Izterrarekin kontrola egin, eta jaurtiketa indartsua egin du. Atsedenaldiaren atarian, esperantza bizi-bizi mantendu duiruindarrak.
Hala iragan da lehen zatia: Realaren nagusitasunarekin, baina dena argitzeko. Atsedenalditik bueltan, ordea, bestelakoa izan da egoera. Hasi eta gutxira, min hartu du Sorlothek, eta Mikel Oiartzabalen aldeko hautua egin du Imanolek. Ordurako gaitasun handiagoa erakutsi du Realak, baina patxadarako tarterik ez dute izan etxekoek, ez baitzen Athleticen harrapakari senaz fio.
Txartel gorria
Harik eta 58. minutua ailegatu den arte. Donostiarren kontraeraso batean, Kubo lurrera jausi da arean, eta epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du. Ez hori bakarrik, Yeray Alvarez kanporatu du. Bisitarien kexa nabarmena izan da.
Oiartzabalek jaurti du penaltia, eta kapitainak ez du barkatu: 3-1, eta errenta Imanolen jokalarientzat. Hirugarren golak haizatu ditu etxekoak; hondoratu, aldiz, bisitariak.
Hurrengo minutuetan Reala aise aritu da jokoan, Athleticen kopuru txikiagoa probestuta. Dena den, etxekoen nagusitasuna ez da markagailuan islatu, eta Athleticen irmo eutsi dio atzeko aldean. Falta jaurtiketa batean aldeak murrizeko abagunea izan dute bilbotarrek, baina horrez gain, deus gutxi egin ahal izan dute. Halaxe amaitu da sasoiko hirugarren derbia.
Hortaz, Realeko zaleen jaia erabatekoa izan da atzoko aldian. Derbi baten ohiko gidoia segitu du Anoetako partidak: aurrea hartzeak balio handia izan du. Etorkizunerako lezioa izan da.