Biztanleria

Baionak 50.000 biztanleren langa gainditu du, datu ofizialen arabera

Biztanle hazkuntza ez da, ordea, orokorra izan kostaldean, eta Ziburuk 600 herritar galdu ditu sei urtean. Donibane Garazin ez da mugimendu askorik egon, baina Maulek 269 biztanle galdu zituen 2008tik 2019ra.

Baionako ikuspegi bat. Urtero 600 biztanle inguru irabazi ditu lapurdiko hiriburuak. GUILLAUME FAUVEAU
Edu Lartzanguren.
2023ko urtarrilaren 12a
16:37
Entzun

Frantziako INSEE estatistika institutuak populazio datuak argitaratu berri ditu, eta horren bidez baieztatu da Baionak 3.746 biztanle irabazi zituela 2014 (49.550 biztanle) eta 2020. urteen artean (53.296 biztanle). Beraz, ofizialki Lapurdiko hiriburuak 50.000 biztanleren langa utzi du atzean, eta, Udalaren arabera, litekeena da honezkero 55.000 biztanletik hurbil egotea.

Baionak, beraz, %1,5 handitu du errolda urtero; hau da, 600 biztanle irabazi ditu urtean. Badirudi, gainera, joera ez dela apaldu txostenak oraindik jaso ez dituen azken bi urteotan. Datu ofizialak ez badira ere, Jean-Rene Etxegarai alkateak adierazi du berak urtean bitan egiten diela agur ekitaldi bat Baionan bizitzen jarri berri direnei, eta azken bi urteotan ekitaldiotako bakoitzean 200 eta 300 pertsona inguru batu izan direla.

Antza denez, Baionako Udalak ez du biztanleen datu propiorik. Aurreko urteetan, errolda osatzeko galdeketa egin izan dute etxez etxe, eta litekeena da hori aspaldi egin ez izana.

Ba, dirudienez, ez: «Garai batean errolda galdeketa egiten zen urtero edo behintzat erregularki, etxez etxe. Aspaldi ez dut halakorik ikusi. Baionan sortutakoen artxiboa izanen dute, baina biztanleena ez».

Azken hamarkadetako joera izan da Lapurdiko kostaldeak biztanleak irabaztea, kanpotar asko bertara joan baitira bizitzera, tartean erretiroa hartutako frantziar asko. Horrez gain, kostaldeak biztanleak lapurtu izan dizkio barnealdeari, gazte askok hara jo duelako, lan aukera gehiagoren bila.

Baina txostenak agerian utzi du kostalde guztian ez dela berdina izan bilakaera. Esaterako, Ziburuk 600 biztanle galdu ditu azterturiko sei urteetan. Herriak 6.834 biztanle zituen 2013. urtean, eta 6.211 bizilagun 2019an.

Baina, Eneko Aldana auzapezak Euskal Irratietan azaldu duenez, Lapurdiko kostaldeko leku batzuek populazioa irabaztea eta beste batzuek galtzea txanpon beraren bi aldeak besterik ez dira. Etxebizitza garestitzeak eragin du hori, Aldanaren arabera. «Arrazoi bakarra eta sinplea da: etxebizitzaren prezioaren kurba eta kurba demografikoa batera jartzen baditugu, ikusiko dugu proportzionalki kontrako zentzuan doazela». Datua ez da ustekabea izan Aldanarentzat, eta azken hamarkadako joera berretsi besterik ez du egin. Salatu du udalak ez diela erantzun ziburutarren beharrei. Azaldu duenez, ziburutar batek aukera bakarra du etxebizitza eskuratzeko: etxebizitza soziala. Izan ere, merkatu librekoetan 7.000 eta 10.000 euro artean ordaintzen da metro koadroa. Hau da, Ziburun etxebizitza batek milioi bat euro kostatzea ez da salbuespena gaur.

Hendaiak ere jarraitu du biztanleak irabazten, Baionako abiadan izan ez bada ere. 14.081 biztanle zituen 2008. urtean, eta 16.967 2019. urtean. Beraz, 2.866 biztanle irabazi ditu hamaika urte horietan.

Barnealdean, ikuspegia bestelakoa da. Donibane Garazin ez da gorabehera handirik sumatu: 1.483 biztanle zituen 2008an, eta 1.532 hamaika urte geroago. Beraz, 49 biztanle irabazi ditu.

Maulek, ordea, populazio galera argia pairatu du. 3.216 biztanle zituen 2008an, eta 2.947 baino ez 2019. urtean. Beraz, 269 biztanle galdu ditu.

2022ko ekainean, Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak 1876tik 2019ra izaniko demografia aldaketak bildu zituen BERRIAk, eta Peio Etxeberri bigarren mailako Historia-Geografia irakasleak bilakaeraren azterketa egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.