Auzitegiak

25 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote Black Marfil rap abeslariari

Iruñeko auzitegi batek ezarri dio espetxe zigorra, Udaltzaingoa eta haien familiak mehatxatzea egotzita. Haren Youtubeko kanala ixteko ere agindu du epaileak.

Black Marfil rap kantaria, '2PAC CAP 1' abestiaren bideoklipeko une baten. BERRIA
itziar ugarte irizar
2023ko urtarrilaren 12a
11:28
Entzun

Iragan abenduan epaitu zuten Black Marfil rap abeslari eta drill generoaren barruko artista, Iruñean, Udaltzaingoa eta haien senideak «larriki mehatxatzea» leporatuta. Epaileak frogatutzat jo du hori, eta 25 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio, baita haren Youtubeko kanala ixteko agindu ere. Datozen hiru urteetan ezingo du gisako konturik ireki bere lana zabaltzeko.

Akusazioak Fuck a Cripa 02 kantuko hitzetan oinarritu du bere salaketa. «Corre, sinpa (sin papeles), matar al hijo de un munipa» (Egin korrika, paperik gabea, udaltzain baten semea hiltzea) dio abeslariak kantu horretan, eta lepoa mozteko eta tiro egiteko keinuak egiten ditu bideoklipean. Abesti gehiago ere aztertu dituzte: Atraco, esaterako, zeinetan«polizia bat hilez gero, bost hiltzen dituzu» dioen kantariak.

Akusatuak epaiketan deklaratu zuenez, haren asmoa ez zen ez Udaltzaingoa ez haien familiak mehatxatzea; kontrara, argudiatu zuen bere kantuetako hitzak eta bideoetako irudiak «sareko itxurakeriaren parte» direla. Bide beretik, haren abokatuak azpimarratu zuen artistaren letretan ez dela «mehatxu zehatzik» ageri, eta ez dela «ezer gertatu», nahiz eta bideoek milaka ikustaldi dituzten eta sarean denbora daramaten.

Fiskalak, ordea, bere txostenean nabarmendu du aurrez lesio, mehatxu eta lapurreta delituengatik kondenatua zutela kantaria, eta hura ikertzen ari direla zabalik dagoen beste auzi batean, Blood 901 izeneko talde bateko kide delakoan. Gaineratu du, halaber, artistak argudiatutako «posea» ez dagokiola «pertsonaiari», ezpada «errealitateari». Ebatzi du kasuak adierazpen askatasunaren mugak «gainditzen» dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.