Klima larrialdia

Ikatzaren aurkako borrokak ez du etenik Alemanian

Poliziak klimaren aldeko ehunka ekintzaile kanporatu ditu Luetzerath herrixkatik, meatze bat zabaltzeko. Baina operazioak protestak hedatzea eragin du, eta Alemania osoan manifestatzera deitu dute. Greta Thunbergek iragarri du herrixka horretara joango dela larunbatean.

Edu Lartzanguren.
2023ko urtarrilaren 11
17:18
Entzun

Iragarritakoa bete da, eta ehunka polizia 09:00etan sartu da Alemaniako Ipar Renania-Westfaliako Luetzerath herrixkan, han gotortu diren dozenaka ekintzaile ekologista kanporatzeko asmoz. Alemaniako Barne Ministerioak «istilu gorria» iragarri bazuen ere, protestariak erresistentzia baketsua egin dute, oro har, txapligu batzuk eta molotov koktel bakan bat gorabehera. Polizia batzuk ukabilkadaka aritu dira protestarien kontra, han grabaturiko bideoetan ikus daitekeenez.

Etxe multzo bat besterik ez da Luetzerath, baina begi guztiak hara begira egon dira, han gertatzen ari dena proba bat delako Alemaniako Gobernua osatzen duten SPD alderdi sozialdemokratarentzat eta, batez ere, haren bazkide Berdeentzat. Izan ere, Gobernuak erabakita dauka Ipar Renania-Westfalian 2030. urterako ez dela ikatzik erreko argindarra sortzeko, eta Alemania osoan, 2038rako. Klima larrialdiarekin kezkaturik dauden ekintzaileek, ordea, ikatza berehala alboratzeko eskatzen dute.

Gobernu gorri-berdea eta ekologista batzuk aurrez aurre jarri dira Luetzerathen.

Poliziak herrixkan sartu direnerako, ehunka ekintzaile zeuden teilatuetara edo propio eraikitako egurrezko tripode eta bestelako egituretara igota. Beste asko etxeetan gotortu dira, edo inguruko zuhaitzen gainean eraikitako etxoletan. Badakite azkenean kaleratuko dituztela, baina asmoa operazioa ahalik eta gehien zailtzea da, eta denbora irabaztea. Izan ere, Alemanian lege batek galarazita dauka otsailetik irailera zuhaitzak botatzea, eta espero dute horrek meatzearen irekiera atzeratzea.

Herrixka erabat inguratu dute, protestariek handik bi kilometrora eraiki duten kanpalekutik Luetzerathera joaterik izan ez dezaten.

Ekologista kristauak ere bildu dira protestetara, eta eszena bitxiak ikusi dira, leloak oihukatu beharrean eliz kantuekin egin dietelako aurre poliziei.

Akrisgrango epaileek astelehenean eman zuten herrixka hutsarazteko baimena, eta gaur bertan beste bi ebazpen plazaratu ditu, Luetzerathen egotea debekatzeko.

Garzweiler meatzea handitu ahal izateko nahi dute herria hustu. Lignitoa edo ikatz arrea ateratzen dute han,1940. urtetik. Erabat suntsigarria da ustiaketa sistema, ez duelako etxerik, zuhaitzik, errekarik edo zorurik ere uzten atzean. Dagoeneko 30,96 kilometro koadroko eremu bat suntsitu du meatzeak, eta, denera, hamabost bat herrixka desagerrarazi ditu.

Garzweiler meatzearen ikuspegi bat, Grevenbroichetik gertu. / Ekem

Berdeek garaipen gisa saldu zuten Alemaniak 2030erako ikatza uzteko konpromisoa. Baina Errusiak Ukraina inbaditu ostean, Berlinek arbuiatu egin zuen Moskuren gasa, eta horrek sorturiko energia krisiak berriz ikatza indartzea ekarri du. Iazko uztailaren eta irailaren artean, Alemaniako argindarraren %36,3 ikatz zentraletan sortu zuten —aurreko urteko epe berean %31,9 izan zen—.

«Jendea prest dago herrixkan jarraitzeko, zuhaitzak eta eraikinak babesteko», esan du Luetzerath Lebt (Luetzerath Bizirik) ekimeneko eledun Mara Sauerrek.

Urtero 175–225 milioi tona lignito atera dituzte meatzetik, Neuratheko zentralean erretzeko, argindarra sortze aldera. Lignitoak ikatz arruntak baino bero gutxiago ematen du, eta, beraz, gehiago kutsatzen du bero berbera sortzeko. Neuratheko zentralak 22,1 milioi tona CO2 aireratu zituen 2021. urtean, eta Europako Batasunean berotegi efektua eragiten duten gas gehien sortu zuen bigarrena izan zen, Poloniako Belchatoweko zentralaren atzetik (33,2 milioi tona). Azken horrek ere lignitoa erabiltzen du. EBko hamar zentralik kutsagarrienetako zazpi Alemanian daude, gainerakoak Polonian, eta denek lignitoa erretzen dute.

Protesta zabaltzen

Eguerdian, Fridays for Future mugimenduak protestara deitu du Alemania osoan, Luetzerathen hustearen kontra.

Arratsaldean, Greta Thunberg klima larrialdiaren inguruko ekintzaile suediarrak adierazi du parte hartuko duela Luetzeratheko protestetan. Larunbatean inguruan egingo den manifestazioan egongo dela iragarri du. Manifestazioaren deitzaileen artean daude Alemaniako erakunde ekologistak elkartzen dituen BUND koordinakundea, Greenpeace eta Fridays For Future.

Ikusteko dago operazioak zer kalte ekarriko dion Berdeak alderdiari. Izan ere, Berdeek gobernu federalean sozialdemokratekin gobernatzen badute ere, Ipar Renania-Westfalian CDUko demokratakristauekin gobernatzen dute, eta gaurko polizia operazioaren arduraduna Dirk Weinspach da, Akisgrango poliziaburua eta Berdeen militantea.

Gaur eguerdian, protesta egoitzara eraman diete Berdeei Berlinen. Ixa horiak itsatsi dituzte alderdiak hiriburuen duen egoitza nagusiaren kanpoaldean. Gaurko operazioaren erantzule izatea egotzi diete, eta klimari kalte egitea.

Halere, Berdeak alderdiko Robert Habeck kantzilerordeak herrixka hutsarazteko operazioa defendatu du arratsaldean, eta Luetzerath «ikur faltsu bat» dela adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.