Donostiako Koldo Mitxelena kulturunearen ateak itxita egongo dira ia bi urtez. Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo onartu zuen eraikinaren zati bat eraberritzeko aurreproiektua: 8.400.000 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta, printzipioz, 21 hilabete iraungo dute. Oraindik ez dute iragarri, ordea, obrak noiz hasiko diren.
Foru Aldundiak azaldu duenez, eraikina erabat itxita egongo da hilabete horietan. Beste leku batzuetara mugituko dituzte kulturuneak gaur egun eskaintzen dituen zerbitzuak: liburuak mailegatzeko zerbitzua Errege Katolikoen kalean dagoen Komikigunera eramango dute, eta aretoko programazioa, berriz, Santa Teresa komentura.
Zerbitzu gehiago ere baditu eraikinak. Liburutegiko zerbitzu teknikoak, ikertzaileentzako arreta eta infoteka Mirakruzen dagoen Villa Asuncionera eramango dituzte, eta funts historikoa eta ondarezkoa Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan egongo dira; hala, ikertzaileek dokumentuak eskatu ahal izango dituzte.
Proiektu estrategikoa
Koldo Mitxelena berritzeko asmoa ez da berria. 2020ko maiatzean, ordea, pandemia zela eta, Harkaitz Millan Kultura diputatu zenak azaldu zuen atzeratu egingo zutela egitasmo hori. «Lehentasunak berregituratu behar izan ditugu», esan zuen, baina gehitu zuen kulturunearen berriztatzea «proiektu estrategikotzat» jotzen zutela.
2021eko otsailean, berriz, proiektua «birdimentsionatu» egingo zutela iragarri zuen Millanek; hau da, egoera soziala eta ekonomikoa ikusita, soilagoa eta merkeagoa izatea erabaki zuten (sei milioi euro inguruko kostua zuen proiektu berriak). Orduan azaldu zuenez, lanak 2021eko udazkenean hastea zen asmoa. Azkenean, ordea, aurreproiektua ez da onartu orain arte.
Lanek hiru ardatz nagusi dituzte: irisgarritasuna hobetzea, gaizki dauden elementu arkitektonikoak berritzea eta espazio gehiago jartzea erabiltzaileen eskura.
Ikusi gehiago:Eraberritze soilagoa eta merkeagoa