Leku itxietan eta garraio publikoan maskarak erabiltzeko gomendatu die OME Osasunaren Mundu Erakundeak Europako herritarrei. Azken asteotan Txinan COVID-19aren kutsatzeek izan duten hazkundeak bultzatu du OME gomendio horiek egitera. Informazio «zehatza eta periodikoa» emateko eskatu dio, gaur, Hans Henri P. Kluge OMEren Europarako eskualdeko zuzendariak Txinako Gobernuari, birusaren eboluzioa hobeto ezagutzeko. Informazio hori eskuratu bitartean, adierazpen batean esan du «zentzuzkoa» dela EB Europako Batasuneko estatu kideetako eta kontinenteko gainerako herrialdeetako gobernuek prebentzio neurriak hartzea.
Hala ere, gaineratu du neurri horiek «proportziozkoak eta diskriminaziorik gabekoak» izan behar dutela, baita «zientzian oinarritutakoak» ere. Izan ere, Txinan gertatzen ari den COVID-19 kasuen gorakada ikusirik, handik iristen diren bidaiariei COVID test negatiboak eskatzea gomendatu zuen EBk aurreko astean. OMEk ez du bere egin gomendio hori.
Ikusi gehiago:Gora egin dute COVID-19aren aurkako txertaketek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Suitzan, esaterako, ez diete test negatibo bat eskatuko Txinatik hara iritsitako bidaiariei. Gaur iragarri du erabaki hori Suitzako Gobernuak, eta, ohar baten bidez, adierazi du EBren gomendioak aintzat hartu dituela, baina ondorioztatu duela «oraingoz» ez dela beharrezkoa Txinako bidaiariei test negatiboak eskatzea. Hala ere, maskara erabiltzea gomendatuko du.
Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak nabarmendu izan duenarekin, ordea, bat dator OME; alegia, Txinako COVID-19 kasu positiboen gorakada ez dela «berehalako mehatxu bat» Europako herritarrentzat. «Ez dugu aurreikusten Txinako kasu positiboen hazkundeak nabarmen eragingo dionik COVID-19aren egoera epidemiologikoari Europan», adierazi du Klugek. Izan ere, Txinako kutsatzeen artean dauden COVID-19aren aldaerak ez dira arrotzak Europan; «berberak dira», Klugeren arabera. Suitzako Gobernuak argudio bera erabili du test negatiboak ez eskatzeko erabakia justifikatzeko.
OMEren estatistiken arabera, urtarrileko lehen astean 252.000 lagun kutsatu ziren Txinan, eta 700 lagun hil ziren COVID-19arengatik. Hala ere, munduko egoera «duela urtebete baino hobea» dela nabarmendu du gaur Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendari nagusiak.
Hala ere, XBB.1.5 aldaerak izan dezakeen eragina ikertzen ari da orain OME. AEB Ameriketako Estatu Batuetan hedatzen hasia da, eta badakite ja «oso kutsakorra» dela. Europan kasu gutxi identifikatu dituztela nabarmendu du OMEren Europarako eskualdeko zuzendariak.
COVID-19aren eboluzioaren ikerketari garrantzia emateko eskatu die Klugek EBko estatu kideetako eta kontinenteko gainerako herrialdeetako gobernuei, baita osasungintza publikoan inbertsioak handitzeko ere. Hiru hitzetan laburbildu du OMEren ustez pandemiaren laugarren urte honetan zer indartu behar den: «Zientzia, zainketa eta erantzukizuna».