Koronabirusa

Gora egin dute COVID-19aren aurkako txertaketek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Adin guztientzako txertaketa kanpaina abenduaren 22an abiatu zen. Azken hilabetean gehien txertatu direnak 50-59 urte bitartekoak izan dira.

22.000 herritarrek baino gehiagok hartu dute bigarren oroitzapen dosia. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko urtarrilaren 11
11:44
Entzun

Txinako mugen irekitzea eta Kraken aldaera berriaren hedapen azkarra dela medio, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako milaka lagunek bigarren errefortzu dosia hartzea erabaki dute. Horren erakusle da, joan den abenduaren 19an ia 394.000 lagunek jasoa zutela txerto hori, eta astelehenean, berriz, 416.000 herritarrek baino gehiagok. Beraz, 22.000 pertsona inguru txertatu dituzte hilabete batean baino gutxiagoan. Hala ere, dosi hori jaso duten herritarren kopurua %32koa da.

Ikusi gehiago:Leku itxietan eta garraio publikoan maskara erabiltzea gomendatu du OMEk, Txinako kutsatzeengatik

Lehenbiziko errefortzu dosia jaso duten herritarren kopuruak ere gora egin du. Abenduaren 19an 1.292.000 inguru ziren, eta joan den astelehenean, aldiz, 1.296.000 baino gehiago. Orotara, beraz, 4.000 herritarrek baino gehiagok jaso dute hilabete eskasean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %75ek jaso du txerto hori.

Orokorrean, 60 urtetik gorakoek jaso dute txerto gehien, eta 29 urtetik beherakoek, berriz, gutxien. Adin guztientzako txertaketa kanpaina joan den abenduaren 22an abiatu zen; hala, azken hilabetean, 50-59 urte bitartekoak txertatu dira gehien.

Txertaketa kanpaina

Kraken aldaerarekin bi lagun kutsatu direla azaldu zuen atzo Bigen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Horrekin batera, gogoratu zuen txertoak direla pandemiari aurre egiteko «bitarteko eraginkor bakarra», eta herritarrei txertatzeko eskatu zien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.