Kultur politika

Kultur sektorerako langabezia sari berezia onartu du Madrilek

Sortzaileek zein teknikariek langabezia jasotzeko egun gutxiago kotizatzea, eta pentsioa eta sormen jardunari loturiko ordaina aldi berean kobratzeko aukera onartu ditu, besteak beste, Espainiako Gobernuak. Lanartea hotz agertu da.

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, gaur, Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian, Madrilen. JAVIER LIZON / EFE
itziar ugarte irizar
2023ko urtarrilaren 10a
16:31
Entzun

Urte berriarekin heltzekoak diren kultur iragarpenen artean, sektorearen parte handi batek aspaldi espero zuen albiste bat nabarmendu da gaur Espainiako kultur orrietan. 2018ko uda zen Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdi guztiek aho batez onartu zutenean Artistaren Estatutua garatzeko 75 puntuko txostena; pandemia heldu zen gero, gogor jo zuen kultur sektorea, eta, orduan adostutako zenbait neurri dagoeneko indarrean badira ere, Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur onartu du hartutako norabidea indartzeko errege dekretu berria. Idatziak hiru neurri nabarmen jasotzen ditu: sektoreko profesionalen lan egoera ezegonkorrari egokitutako aparteko langabezia saria; erretiroko pentsioa eta lan artistikoari loturiko ordaina aldi berean kobratzeko aukera; eta urtean 3.000 eurotik beherako sarrerak dituzten kultur arloko autonomoentzat kotizazio murriztua. Frantziako Estatuan indarrean den intermitentzia sistemara hurbilduko da hala Espainiakoa ere, eta Hego Euskal Herriko kultur langile ugariri eragingo die, beraz. Litekeena da bihar bertan sartzea indarrean arau berria, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean.

Ezaguna da kulturari eta arteei loturiko alorretan aritzen diren profesionalen prekaritate egoera hedatua, eta horren atzean lan egoera intermitentea dago maiz. Antzezle, idazle, musikari, argi teknikari zein sektoreko beste hamaika profesionalek aldiak egin ohi dituzte nolabait kontabiliza daitekeen jardunean, baina bolada luzeak egin ohi dituzte, halaber, etekin ekonomikorik sortzen ez duen itzaleko jardunean, eta berezitasun hori aintzat hartzea da, hain justu, Madrilek onartu duen arau berriaren ardatzetako bat. Horri erantzun nahi dio gaur onartu duten langabezia sari bereziak, eta, hura jaso ahal izateko, azken urte eta erdian 60 egunez edo azken sei urtetan 180 egunez kotizatu dutela erakutsi beharko dute sektoreko langileek —oro har, sei urtean 360 egun kotizatu izana eskatu ohi da—. Lau hilabetez kobratu ahal izango da laguntza, eta Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak argitu du bateragarria izango dela irudi zein egile eskubideak kobratzearekin.

Ikusi gehiago:Kilkerren inurri lanak

Erretiroa hartzera heltzen diren kulturgile ugarik ondoren ere segitu ohi dute zenbait lan egiten, izan zineman, literaturan, arte eszenikoetan zein bestelako alorretan, baina horri dagokion ordaina eta pentsioa aldi berean kobratzeak isunak eta bestelako arazoak sortu izan ditu gaur arte. Aurrerantzean, ordea, bateragarriak izango dira, betiere erretiroaz aparteko sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen ez badute —gaur-gaurkoz, 1.000 euro hilabeteko—. Sortzaileei eta interpreteei ez ezik, teknikariei ere eragingo die horrek.

Hirugarren neurri nabarmena, azkenik, diru sarrera oso apalak dituzten kultur arloko autonomoentzat da. Urtean 3.000 euro edo gutxiago irabazten dituztenentzat kotizazio murriztua onartu dute, eta, oinarria 526,14 euroan ezarrita, 161 euroan utzi dute hileko ordaindu beharko duten kuota —oinarria eguneratuz joango dira datozen urteetan—.

Aipatutako neurriez gain, beste bi lantalde eratuko dituztela iragarri du Diazek, eta kultur sektoreko kideak, sindikatuetako ordezkariak eta parte diren ministerioetako langileak eseriko dira bietan. Kultur arloan jarduteak dakarren lan egoera ziurgabeaz hausnartzea eta arau berriak garatzea izango da bien egitekoa.

«89 euro hilean»

Euskal Herrian, Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartea ari da, besteak beste, sortzaileen lan baldintzetan eragin nahian, eta dekretuaren harira bidalitako oharrean nabarmendu dute testua «eguneroko jardunera jaitsitakoan» ikusi beharko dela onuraren zenbaterainokoa. 3.000 eurotik behera irabazten duten autonomoentzako neurriaz, esaterako, hauxe adierazi dute: «Mesede moduan ageri den kuota horrek 1.932 euroko zama suposatzen du urtean. Kopuru hori kentzen badiogu, 1.068 euro irabaziko ditu garbi kultur alorreko lan mundura sartu berri den gazteak edo hain gaztea ez izanik ere tarteka oso ordain txikiko lanak egiten dituenak, alegia, 89 euro hilean».

Gaineratu dute, halaber «Madrilen jositako jantziak larru gorritan» uzten duela euskara ardatz duen kulturgintza, eta bi eskakizun egin diete Euskal Herriko administrazio publikoei: bata, sortzailea kontratatzen duen erakundeak berak eman diezaiola alta kontratatutakoari Gizarte Segurantzan, emanaldi eta entsegu egun guztietan, «babestuta lan egiteko»; eta tokian tokiko ogasunek zerga eta administrazio betebeharrak «bateratu» eta «sinplifika» ditzatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.