Gasteizko Artium museoak aurtengo programazioa aurkeztu du, eta bertan zerrendatu ditu datozen hilabeteen ikusgai izango diren erakusketak eta jarduerak. Ohi bezala, barkako erakusketak izango dira museoaren ardatz nagusiak, baina azken urteetan martxan jarritako lan ildoei ere eutsiko die, hala nola Z aretoari eta museoaren bilduma osatzen duten artelanekin egindako erakusketa handiari.
Datorren astean zabalduko du lehen erakusketa: Konposaketak/Composiciones. Rafael Lafuente artistari eskainitakoa izango da, hark margolari eta diseinatzaile gisa egindako askotariko lanari erreparatuko baitio. Museoak bere bilduman dituen artelanekin osatuko du, eta Enrique Martinez Goikoetxea arduratuko da komisario lanak egiteaz.
Martxoan, berriz, Alejandro Cesarco artista uruguaitarraren Beste adibide berri batzuk erakusketa irekiko du. Ekainean Julia Spinola artista espainiarraren artelanak izango dira ikusgai, eta urrian inauguratuko dute Carolina Caycedo artista kolonbiarraren Land of Friends erakusketa.
Kronologia berri bat
Artiumek 2020an zabaldu zuen Zeru bat, hamaika bide izeneko erakusketa zabala. Bere bildumako obretatik abiatuta, garai jakin baten gailendu ziren praktika artistikoen inguruko irakurketa egitea zuen helburu erakusketa hark. Bada, aurten, kronologia berri bat aurkeztuko du museoak. Kasu honetan, 1950. urtea hartuko dute abiapuntu erakusketarako, eta hamarkada horretatik aurrera modernitatearen narratiba berri gisa sortu ziren praktika artistikoak aztertuko dituzte.
Ez da nolanahiko data euskal artearen historian; izan ere, Artiumek gogorarazi duenez, garai horietan Jorge Oteiza, Mari Paz Jimenez, Nestor Basterretxea eta beste artista asko Latinoamerikatik itzuli eta hainbat enpresa artistiko, politiko eta pedagogikotan murgildu ziren. Hamarkadaz hamarkadako irakurketa «kritikoa» eginez, gaur egunera arte bidea egingo du erakusketak.
Funtsei lotuta, bestalde, Sahatsa Jauregi eta Nerea Lekuona artisten erakusketak ere aurkeztuko ditu Artiumek aurten. Gasteizko museoak berriki eskuratu baititu bi artista horien obrak bere bilduma propiorako. Horrez gain, Esther Ferrer, Alberto Peral, Jose Ramon Ais, June Crespo eta beste hainbat euskal artisten obrak ere ikusgai jarriko dituzte museoaren kanpoaldean, Plazaratuz programaren harira.
Zinemagintza eta erakusketa formatua uztartzen dituen Z aretoari ere eutsiko diote, eta, aurten, Mirari Etxabarrik eta Irati Gorostidik, Laida Lertxudik, eta Naomi Rinconek ondutako filmak erakutsiko dituzte.
Bestalde, iazko urrian zabaldu zituzten Ivan Zuluetaren Asaldura eta Jutta Koetherren Black Place erakusketak oraindik ere ikusgai egongo dira aste batzuez. Lehena martxoaren 5era arte egongo da zabalik, eta bigarrena, udaberrira arte.