EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren (Bizkaia) aurka egin du, eta azpikontratatutako zerbitzuetan gutxieneko euskara maila eskatzearen aurka ebatzi. Zehazki, erabaki du euskara ezin dela langileentzako betekizun gisa ezarri udalerri horretako gertuko kultur zerbitzuez arduratzeko enpresa bat kontratatzeko lehiaketan. Ebazpenaren arabera, ezin zaizkie eskakizun berak «inposatu» langile publikoei eta enpresa pribatu bati. Euskalgintzaren Kontseiluak, berriz, 2023. urtea «hizkuntza eskubideen aurkako eraso batekin» hasi izana salatu du.
Barakaldoko Udalak 2021ean egin zuen lehiaketa publiko hori, 4,6 milioi eurokoa. Baldintza gisa ezarri zuen langile guztiek —guztira, 26 lagun— gutxieneko euskara maila bat egiaztatzea, edo bi urteko epean maila hori izateko ikasketak gauzatzea. Teknikarientzat, hirugarren euskara eskakizuna (C1) eskatu zuen udalak; administrazio langileentzat eta mantentze lanez arduratzen direnentzat, berriz, bigarrena (B2).
CCOO sindikatuak lehiaketaren aurka egin zuen, besteak beste argudiatuta hizkuntza betebehar horiek ez dutela bat egiten errealitatearekin. Sindikatuaren iritziz, aurrez hizkuntza eskakizunik ez egoteak ez zuen galarazi «egoki» lan egitea, langileetako batzuek badakitelako euskaraz. Era berean, uste du «erabiltzaileen errealitate linguistikoa» aztertu beharko litzatekeela halako erabaki bat hartu baino lehen.
Epaimahaiak bat egin du sindikatuarekin, eta udalari adierazi dio ez duela eman hizkuntza eskakizunen inguruko argudiorik; besteak beste, azaldu du langile horietako batzuek ez dutela harreman zuzenik herritarrekin eta ez dela kontuan hartu eskaerak langileengan izango lukeen eragina. Udalak aukera du ebazpenari errekurtsoa aurkezteko.
Oztopoak
Kontseiluaren esanetan, herritarrek euskarazko zerbitzua jasotzea «oztopatzen» du ebazpenak, eta auzitegiak euskaldunen hizkuntza eskubideen aurka «gidatzen ari diren oldarraldiarekin» lotu du. Horren harira, herritarren eskubideak erdigunean jartzeko eskatu du, argudiatuta administrazio publikoaren «betebeharra» dela.
Erantzun bateratua ematearen alde egin du Kontseiluak, eta dei egin die eragile politiko, sozial eta sindikalei. Hala, gogoratu du sektore publikoa euskalduntzeko proposamen bat aurkeztu zutela ELA eta LAB sindikatuekin batera: «Neurri zehatzak jasotzen ditu proposamenak, eta egiteko modukoak, atzerapausoei aurre egiteko ezinbestekoak».
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere bide beretik jo du. Barakaldoko herritar batek egindako kexa bat plazaratuz adierazi du zein den udalerri hartako egoera: «Goiz honetan deitu berri dut Retuertoko Kultur Etxera, eta, artatu nauen lehen emakumeari euskaraz hitz egin diodan arren, esan dit gazteleraz erantzungo zidala. Haren lankide euskaldun batekin jarduteko aukera ere eman dit, eta, gazteleraz hasi aurretik, aukera hori hartu dut. Bizpahiru minutu itxaron ondoren, euskaraz totelka eta gaizki hitz egiten zuen emakume batek artatu nau: mantso jardun behar izan dut harekin euskaraz».