Hiru medikuk hartu dute hitza, azaltzeko zertan den hilaren hasieran Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuan Osakidetzarekin dituzten desadostasunak tarteko sortu zen krisia. Felix Zubia, Manuela Perez eta Cristina Calvo izan dira, baina argi nabarmendu dute «langileen batzar» baten izenean ari direla. Batzar horretan gehienak medikuak diren arren, beste langile taldeetako ordezkariak ere badirela esan dute. Onartu dute aparteko oihartzuna hartu dutela Donostia ospitaleko zerbitzuburuek Osakidetzari egindako hainbat kritikak, baina «batzarra» zabalagoa dela esan dute, eta «irekia». Osakidetzari bost «eske zehatz» egin dizkiote.
Ozen zabaldu dira hedabideetan Osakidetzak ESIan jarri dituen arduradun berriekin dituzten «interlokuzio» arazoak, «tirabirak» onartu dituzte, baina ororen gainetik, «ESI hobe bat» ekarriko duten eskeen inguruan jardun nahi dute. Ustez Donostialdeko ESIaren eta Gurutzetakoaren arteko dema baten gisara ere aurkeztu da hainbat tokitan krisi hau, eta horri ere uko egin diote. «Ez daukagu inolako arazorik Gurutzetako gure kideekin». Krisia bideratzeko elkarrizketak hasiak direla esan dute, «jarrera ona» dela, baina «ekintza konkretuak» falta direla. Urtarrilaren 18an dute hurrengo bilera, eta bitartean jarraituko dute astelehenero Donostia ospitaleko atarian elkarretaratzeak egiten. Horra egin dituzten bost eskariak:
Zuzendaritza, barrutik
«Ospitaletik datorren zuzendaritza mediko bat»: hortxe lehen eskea. «Eta hor ez dugu aurrerapausorik izan», zehaztu du Perezek. «Baina esan eta esan ari gara: garrantzitsua da zuzendaritza medikoak gure ESIa ezagutzea eta ematen den artaren jarraikortasuna bermatzea». Krisia piztu zuen motiboetako bat izan zen Osakidetzak kargugabetu egin zuela Donostia ospitaleko zuzendari mediko Idoia Gurrutxaga. «Jarduneko» beste arduradun batzuk daude orain, eta behin betiko tokia beteko duenaren izenaren bila «pertsonalismotan» ez direla galduko esan du Zubiak, baina erietxearen «ezagutza» ona izatea ezinbesteko ezaugarria dela. Eskatu dute, halaber, integraziorako zuzendaritza ESIaren lehen arretatik izendatzeko.
Mahai tekniko bat
Donostialdea ESIaren geroko estrategia «erabakitzeko» gaitasuna izango duen «mahai tekniko bat» ere nahi dute. Dekretuz, egun «kontseilu kliniko asistentzialak» martxan direla azaldu du Zubiak, baina «bakanak» izan direla orain arte egin dituzten bilerak, eta beti «informatzeko» helburua izan dutela. Harago egingo duen organo bat nahi dute. «Langile guztiek» ordezkaritza izatea proposatu dute: langileek beraiek hautatutako ordezkaritza bat izatea. Era berean, «puntu jakin batzuk» aztertzen direnean organo horretan «arazoan tarteko diren pertsonak» ere egotea da egin duten eskariaren helburua. Orain martxan dituzten negoziazioez haragokoa izango litzateke mahai tekniko horren eginkizuna: «ESIaren etorkizuneko estrategia ontzea nahi dugu guk ere parte hartuta».
Ebaluazioa, norabide bitan
Zerbitzuetan egiten den lana maiztasun jakin batekin «ebaluatzea» da hirugarren eskea. Perezek azaldu duenez, Osakidetzak jakinarazi die Osakidetzako zerbitzuburuen ebaluaziorako modelo bat garatzen ari direla. «Gure proposamena da, ordea, ebaluazioa norabide bikoa izatea; profesionaletatik zerbitzuburuetara, eta estamentu guztietako erdi karguak eta zuzendaritza ere sar daitezela bertan».
«Egonkotasuna» helburu
Hainbat eske sartu dituzte eskari honen barruan. Batetik, ESI bakoitzeko osasun arloko giza baliabideen zerrendak argitaratzea nahi dute, informazioa «gardena» izateko. «Osakidetzak erantzun digu lanpostu finkoen zerrenda publikoa dela. Baina bertako argazkia ez da erreala», adierazi du Calvok: «Lanpostu finkoak bakarrik biltzen baitira, eta behin-behinekotasuna oso altua baita». Horri lotuta, langileak «egonkortzeko» neurriak ere eskatu dituzte %30-40ko behin-behinekotasunak dakartzan arazoak handiak badira. Bestetik, «ESI bakoitzaren giza baliabideen analisia» nahi dute, «bere zerbitzu kartera kontuan hartuta». Bide horretan, «erreferentzia unitateak» non jarri behar diren erabakitzeko, «txosten tekniko independenteak» behar direla esan dute. Atal hau biribiltzeko «gaitasun berezia eskatzen duten lanpostuen profila» ezartzeko eskatu dute. «Ez dugu hautatzen diren pertsonengan eraginik izan nahi, baina bai beren gaitasunean», zehaztu du Calvok. Martxan jarria du hurrengo LEPa Osakidetzak, hor zentzu horretan gabeziak ikusi dituzte, eta horiek konpontzeko eskatu dute. «Kopuruz lanpostu gutxi dira, baina asistentzia duten eragina handia da, eta horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua».
Azalpenak Onkologikoaz
Krisia piztu zenetik usu aipatu dituzte ESIko profesionalek Onkologikoari buruzko eskeak. Zentro hori guztiz ESIaren barruan txertatuta nahi dute. Justu Osakidetzak findu berria du harekiko «binkulazio hitzarmen berria», eta iruditzen zaie «antolakuntzaren alderdia» ez dela batere argia. Azalpenak nahi dituzte horregatik: «Izan ere, pazienteen zirkuituetan eta asistentziaren kalitatean eragina izan dezake».
Krisia, abenduaren 2tik
Abenduaren 2an hasi zen Donostialdea ESIko krisia. Osakidetzak ESIko zuzendari kudeatzaile Itziar Perez eta Donostia ospitaleko zuzendari mediku Idoia Gurrutxaga kargutik kendu zituen, eta egun hartan bertan egin zuten ESIko hainbat langilek erietxeko atarian lehen elkarretaratzea, haiei babesa erakusteko. Ordutik, gatazkak hainbat mugarri izan ditu, eta agerian utzi ditu Osakidetza barruan dauden desadostasunak. ESIen arteko tirabirak geratu dira agerian, goi agintarien inguruko mesfidantzak, eta gainezka ari den sistema batek sortutako zailtasunak.
Abenduaren 3an bertan kargua utzi zuen Adolfo Begiristain erietxeko kirurgia zerbitzuko zuzendariordeak. Hitz gogorrak izan zituen; salatu zuen Osakidetzak Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren «apeten arabera» hartzen dituela erabakiak. Erabakiak hartzeko «era diktatorial» bat ere deskribatu zuen. Abenduaren 5ean, Donostialdeko ESIko 30 bat zerbitzuburuk gutun bat kaleratu zuten; Osakidetzaren «politika suizida» salatu zuten, eta «sektarismoz eta trakeskeriaz» aritzea leporatu zioten. Kargugabetutako zuzendaritzako kideak berriz ere euren postuetara itzultzeko eskea mahai gainean jarri zuten. Kontrara, Sagarduik esan zuen kargugabetze horiek «antolakuntza aldaketa» soilak izan zirela: «Aldaketa bat behar zen. Eta horixe egin dugu».
Aldaketa hori bideratzeko, Agustin Agirre jarri zuten zuzendari kudeatzaile Donostialdea ESIan, eta Ana Bustindui zuzendari mediko. Agirreren izendapenak berehala sortu zuen ezinegona hainbat sektoretan; hari egotzi diote, besteak beste, 2018ko oposizioetan izan ziren irregulartasunak salatu zituzten Arrasateko erietxeko profesionalek (Gipuzkoa) beren aurkako jazarpena sustatzea. Krisiaren harira, oposizioko taldeak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren aurkako adierazpenak egiten hasi ziren, eta oihartzun handia izan dute iragan asteotan.
Elkarretaratzeen dinamika
Abenduaren 7an, langileek esan zuten kargugabetuak berriz integratzen ez ziren bitartean egunero erietxe atarian protesta egiten jarraitzeko asmoa zutela. Jaurlaritzaren izenean, Bingen Zupiria eledunak adierazi zuen elkarrizketarako «prest» zegoela Osasun Saila. Eta elkarrizketek fruituren bat ematen zuten. Abenduaren 13an, osasun profesionalen eledun Adolfo Lopez de Muniainek jakinarazi zuen egoera onbideratzen ari zela administrazioarekin zituzten elkarrizketetan, eta elkarretaratzeak eten egingo zituztela. Hilaren 19an, halaber, Donostialdeko ESIaren krisia «normalizatzeko bidean» zela esan zuen Sagarduik. Baina zerbait okertu egin zen bidean. Abenduaren 23an, langileek jakinarazi zuten berriz hasiko zirela elkarretaratzeak egiten erietxe atarian. Zerbitzuburuek propio Agustin Agirre zuzendari kudeatzaileak izandako jarrera salatu zuten, eta esan zuten hura ez dutela solaskide izan nahi negoziazioetan. Salatu zutenez, El Diario Vasco egunkariak egindako elkarrizketa batean Adolfo Begiristain ospitaleko zuzendariordeak Osakidetzari egindako kritiken harira, Agirrek eskatu zien kritika horiei erantzuteko. Zerbitzuburuek, ordea, ez zuten begi onez hartu eskakizun hori.