Foro Sozial Iraunkorrak 2022. urteko balantzea egin du, eta biktimen, presoen eta memoriaren arloak aztertu ditu. Azaldu dute «aurrerapauso garrantzitsuak» egon direla, baina aldi berean «zailtasun berriak finkatzen» ari direla. «Indarkerien zikloaren ondorioak konpontzeko prozesuaren fase bat ixten ari da, eta fase berrirako ateak irekitzen ari dira», ondorioztatu dute.
Biktimei dagokienez, Foro Sozialak nabarmendu du egokitzat jotzen duela Espainiako Estatuko «biktimek sufritu duten eta sufritzen jarraitzen duten tratamendu asimetrikoa gainditu beharraren inguruko adostasunak finkatzen aritzea». Hala ere, azpimarratu dute «GALen bultzatzaile izan zirenek eta tortura babestu» zutenek «autojustifikazio publikoa» egiten dutela, eta horrek ondorioak dituela biktimengan.
Presoez mintzatzean, aipatu dute iheslari eta deportatuen gaiaz ez dela solastatzen. Esan dute Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzak «jarrera oztopatzailea» duela, zeina «baimenen eta hirugarren graduen aurkako helegiteetan islatzen» den.
Memoriaren arloan, berriz, aurrerapenak egon direla azaldu du Foro Sozialak, eta azpimarratu «memoriaren ardatza garaileen eta garaituen markotik ateratzen ari» dela. Hala, honako aurrerapauso hauek aipatu ditu: Begiradak dokumentua, Nafarroan egin den Memorien elkarrizketa egitasmoa edota beraiek bultzatutako Ustekabean topo dinamika. Arlo horretan alde negatiboak ere egon direla azaldu du Foro Sozialak: «Madrilen eztabaida politikoaren polarizazio arriskutsuak eta haren erabilerak gai horretan duten eragina».