Migrazio politika

Migratzaileak kanporatzeko neurriak indarrean jarraitzea ebatzi du AEBetako Gorenak

Zigor Kodeko 42. artikuluak modua ematen du hegoaldeko mugatik iristen diren migratzaile eta asilo eskatzaileak automatikoki herrialdetik kanporatzeko.

Jende andana El Pasoko aterpe baten kanpoaldean, atzo. JUSTIN HAMEL / EFE
maddi iztueta olano
2022ko abenduaren 28a
13:04
Entzun

Euskal Herriko ordu txikietan iritsi da AEB Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenaren ebazpena: indarrean jarraituko du Zigor Kodeko 42. artikuluak. COVID-19a hasi eta gutxira hartu zuen neurria AEBetako presidente ohi Donald Trumpek. Horren arabera, Washingtonek eskumena du toki eta herrialde jakinetako migratzaileak herrialdetik kanporatzeko, irizten badio «osasun arriskuek gora egin dezaketela».

2020ko martxoan hartutako neurria aldi baterako bertan behera uztekoa zen, iragan abenduaren 21ean Emmet Sullivan epaile federalak legez kanpokoa zela ebatzi ostean. Bi egun lehenago, ordea, AEBetako Auzitegi Goreneko presidente John Robertsek baliogabetu egin zuen Sullivanen ebazpena.

Izan ere, AEBetako hemeretzi estatu errepublikanoetako zenbait taldek 42. artikuluari eusteko eskatu zuten. Haien arabera, artikulua bertan behera utziz gero, herrialdean «migrazio krisi» bati egin beharko diote aurre, eta iritzi zioten gobernua ez dagoela horretarako «prest».

Auzitegi goreneko bederatzi kideetatik bostek 42. artikulua mantentzearen alde bozkatu zuten atzo, eta beste laurek, berriz, aurka. Gaur-gaurkoz, neurriak indarrean jarraituko du, baina datorren urteko otsailetik aurrera beste estatuen iritziak entzungo ditu gorenak. Azken erabakia 2023ko ekainean hartzea espero da.

Neil Gorsuch kontserbadorea izan zen neurria mantentzearen aurka bozkatu zuten epaileetako bat. «Egun AEBetako eta Mexikoren arteko mugan dagoen krisia ez du COVID-19ak eragin. Muga kontrolatzeko ez zaio osasun neurri horri jarraitu behar», salatu zuen.

Joe Biden AEBetako presidentearen administrazioak esan du bete egingo duela gorenaren erabakia, baina migrazio politikaren erreforma egitera deitu du. «Aurrera doaz 42. artikulua bertan behera geratzen denerako muga modu seguruan eta humanitarioan kudeatzeko prestakuntzak, eta migrazioaren aldeko ibilbide legalak eraikitzen jarraituko dugu».

Bill Cassidy Louisiana estatuko senatariak, berriz, iritzi dio 42. artikulua baliogabetzeak «okertu» egingo lukeela migrazioaren krisia, eta, auzitegi gorenaren erabakia txalotu duen arren, «behin betiko irtenbideak» eskatu ditu Twitterreko kontu ofizialaren bidez.

Milaka lagun ebazpenaren zain

Egunotan migratzaile andana bildu da Mexikoren eta AEBen arteko mugan, gorenak zer erabakiko zain. Abenduko hiru egunetan, 9.000 lagundik gora bildu ziren hegoaldeko mugan.

Abenduaren 21ean, neurria bertan behera utzi behar zuten, eta, hortaz, jende uholdea espero zuten AEBetako mugan dauden estatuko agintariek. Texasko agintariek, adibidez, alarma egoera ezarri zuten iragan astean, eta indartu egin dute Ciudad Juarezen eta El Pasoren arteko mugako kontrola.

Giza eskubideen aldeko erakundeek gaitzetsi egin dute gorenaren erabakia. International Rescue Comitte erakundearen arabera, «42. artikulua mantentzea asilo eskatzaileei eta migratzaileei lege babeserako eskubidea ukatzeko aitzakia bat» besterik ez da.

Duela bi urte indarrean sartu zenetik, 2,5 milioi inguru aldiz aplikatu dute. AEBetatik kanporatu dituztenen artean, gehienak Mexikotik, Hondurastik, Guatemalatik eta El Salvadortik iritsiak ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.