Indarkeria matxista

Emakume bat hil dute Bilboko San Frantzisko auzoan

Gizonezko batek udaltzainei deitu die hiltzailea bera dela esanez, eta atxilotu egin dute. 2003tik 117 emakume eta 11 ume hil ditu bortxa matxistak, Bilboko hau ere aintzat hartuta. Indarkeria matxistaren mapa.

Larrialdi taldeak, hilketa gertatu den tabernako atarian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gotzon Hermosilla - Isabel Jaurena
2022ko abenduaren 28a
10:56
Entzun

44 urteko gizonezko batek 45 urteko emakume bat hil du Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean. 09:00etan, gizonak berak udaltzainei deitu die, eta atxilotu egin dute. Albiste agentziek emandako informazioaren arabera, gizona hildakoaren senarra da, baina Ertzaintzak ohartarazi du oraindik ez dakitela zein den biktimaren eta ustezko hiltzailearen arteko harremana. Bilboko Udalak indarkeria matxistaren kontrako protokoloa aktibatu du.

Larrialdi zerbitzuek gaur goizean topatu dute gorpua, baina, zenbait informazioren arabera, litekeena da hilketa bart gertatu izana, hildakoak eta gizonak San Frantzisko auzoan duten Hilargi tabernan. Gorpuak labankada zauriak ditu.

Hauxe da 2022an indarkeria matxistak Euskal Herrian utzitako bosgarren biktima, eta bigarrena oso egun gutxiren buruan. Izan ere, abenduaren 19an Cortesko emakume bat (Nafarroa) kolpeka hil zuen senarrak Zaragozan (Espainia). 2003tik, 117 emakume eta 11 ume hil ditu bortxa matxistak, Bilboko hau ere aintzat hartuta.

Erreakzioak

Urteko azken batzarra egin dute gaur Bilbon, aurrekontuak onartzeko. Hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin dute, eta Juan Maria Aburto Bilboko alkateak «gaitzespenik irmoena» azaldu du «indarkeria matxistak eragindako hilketa honengatik». Bilboko Udala akusazio partikular gisa aurkeztuko dela iragartzeaz gain, elkarretaratzera deitu du biharko, 12:00etarako, Bilboko Udaletxeko eskaileretan.

Bizkaiko Batzar Nagusiek adierazpen instituzionala egin dute «edozein motatako indarkeria eta, bereziki, genero indarkeria» arbuiatzeko, eta hildako emakumearen senide, lagun eta auzokoei elkartasuna eta doluminak helarazteko. «Indarkeria matxista ez da hori pairatzen duten pertsonen arazo pribatua, ezpada herritar guztiena, desberdintasunaren agerpenik bortitzena delako», adierazi dute.

Antzeko mezua eman du Bilboko Udalak bere adierazpen instituzionalean: «Milaka emakumek zuzenean pairatzen dituzten egoera horiek gure gizartean eta gure eguneroko bizimoduan txertatuta daude. Heriotza hau indarkeria matxistaren adierazpiderik larriena da, baina egunez egun asko dira emakumeen kontra zuzentzen diren jarrerak eta adierazpenak, eta horiek guztiak gaitzestekoak eta arbuiatzekoak dira».

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere gaitzetsi egin du hilketa, eta esan du aurtengo hilketa matxisten kopuru handiak «gogoeta eginarazi» beharko liekeela «genero indarkeria ukatzen tematzen direnei».

Emakundek bere «gaitzespen irmoena» adierazi du gertatutakoaren inguruan, eta elkartasuna erakutsi die biktimaren familiari eta senideei. «Emakumeen aurkako indarkeria mota hau menpekotasunaren eta emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latz eta gogorrena» dela adierazi du erakundeak, eta bihar eginen den kontzentrazioan parte hartuko dutela erran du. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua ere bertan izanen da. Artolazabalek hilketa gaitzetsi du, eta urtea «modu okerrenean» amaituko dela deitoratu du. Azaldu du indarkeria matxista «giza eskubideen urraketa nabarmenena eta gaitz soziala» dela.

Beste ikerketa bat zabalik

Era berean, Ertzaintza beste emakume baten heriotza ere ikertzen ari da. 40 urte inguruko emakume baten gorpua agertu zen joan den larunbatean Bilboko itsasadarraren uretan, Bizkaiko Zubiaren inguruan, Portugalete eta Getxo artean (Bizkaia). Hura identifikatzeko lanetan dabiltza oraindik, baina, zenbait hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, baliteke Getxokoa eta transexuala izatea. Hala ere, Ertzaintzak ez du emakumearen identitatearen inguruko informaziorik baieztatu. El Correo egunkariak asteon argitaratu du bortxaz hil zutela andrea, baina poliziek ez dute inolako xehetasunik eman oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.