Herritarrek aurrez aurre ikusten ahalko dute Irulegiko Eskua, azkenik. Aranzadik aurkikuntzaren berri eman eta hilabete pasara, Nafarroako Gobernuko Kultur Departamentuak Iruñeko Planetarioan emanen du eskua ikusteko aukera, hiru ordu eta erdiz. Zehazki, aretoko ateak 16:30etik 20:00etara izanen dira publikoari zabalik. Sartzea doakoa izanen da.
Ikusi gehiago: Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena aurkitu dute Nafarroan, K.a. I. mendekoa: 'sorioneku'
Gainera, hitzaldi bat ere antolatu dute. 19:00etatik 20:00etara bitarte, Irulegiko Eskuaren aurkikuntzan eta haren ondoko ikerketan parte hartu duten zenbait lagun arituko dira hizlari. Besteak beste, parte hartuko dute Jesus Sesma arkeologoak, Mattin Aiestaran Irulegiko aztarnategiko zuzendariak, Berta Balduz Nafarroako Gobernuko zaharberritzaileak, eta Javier Velaza eta Joakin Gorrotxategi hizkuntzalariek.
Hitzaldia aditzea ere doakoa izanen da, baina ezinbestekoa izanen da aldez aurretik sarrera eskuratzea. Ordu hauetan izanen da horiek eskuratzeko aukera: bihar, 10:00etatik 14:00etara, eta etzi, ostegunean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era. Bakoitzak bi sarrera hartzen ahalko ditu gehienez.