Txibitek Foru Hobekuntzaren ekarpena goraipatu du

40. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionala egin dute Nafarroako Jauregian

Maria Txibite, Nafarroako Jauregiko Tronuen aretoan. NAFARROAKO GOBERNUA
2022ko abenduaren 23a
13:12
Entzun

Madrildik Iruñera. Aurten 40 urte bete ditu Foru Hobekuntzak, eta deigarria izan da nola apenas egin den ospakizunik. Berez, azaroaren 28an Nafarroako erakundeetako ordezkariek Espainiako Senatuan egin zuten ekitaldia, eta, Madrilen egiteagatik kritikak jaso dituenez, azkenik Maria Txibitek Nafarroako Jauregian antolatu du urteurren ospakizuna.

Tronuaren aretoa aukeratu dute horretarako. Bertan izan dira erakundeetako ordezkari gorenak, hala nola Txibite eta gobernuko kontseilariak, Unai Hualde parlamentuko lehendakaria eta Miguel Sanz eta Uxue Barkos lehendakari ohiak. Gainera, Ignacio Cabeza de Salvador Nafarroako Kontu Ganberako presidentea, Patxi Bera arartekoa, Juan Carlos Castillo Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentea izan dira. Halaber, parlamentariak izan dira. Taldeei dagokienez, EH Bilduko, Ahal Dugu-ko eta Ciudadanoseko ordezkariak ez dira izan ekitaldian.

Ikusi gehiago: «Foru Hobekuntza UCDren gidoiaren arabera egin zen»

Senatuan egin zuen bezala, Txibitek Foru Hobekuntza goraipatu du. Haren hitzetan, lau hamarkadatan agerian geratu da «lotura argia» dagoela lege organiko horren eta Nafarroak izan duen bilakaera sozioekonomikoaren artean. «40 urteotan, autogobernu maila handietara heldu gara, eta, aldi berean, agerikoa da lortutako garapena, gure herrietan eta herritarren artean».

Foru Hobekuntza garai hartako Nafarroako Diputazioaren eta Espainiako Gobernuaren negoziazioaren emaitza izan zen, baina, elkarrizketa hartan, ordezkari abertzaleak baztertuak izan ziren, eta diseinatutako egitura juridikoa batik bat Jaime Ignacio del Burgo orduko UCDko diputatu eta Nafarroako presidente ohiaren emaitza izan zen. EAEko estatutuarekin ez bezala, ez zen herri galdeketarik egin.

1842ko legearen irakurketa gaurdaino ekarriz, Nafarroaren eta estatuaren arteko hitzarmenaren ideia du oinarri, eta, hain zuzen ere, Txibitek itunaren izaera hori goraipatu du gaur ere: «Gure izaera kolektiboa itunzalea da, bai lurralde barruan, bai handik kanpo. Eta hori nabarmendu beharra dago egungoaren moduko garai nahasietan».

Txibitek gaineratu du 1982ko Foru Hobekuntza «elkarrizketari esker» eratu zela, eta «desberdinen arteko akordioaren emaitza» izan zela. Haren ustez, gai izan da foruen defentsa «estatu moderno baten barruan» uztartzeko. «Itun hura errespetuz, elkartasunez eta leialtasunez egin zen, betiere elkartasunez».

Alta, legealdi honetan, hainbat aldiz eskatu du parlamentuan Foru Hobekuntza berritzeari heltzeko eztabaida hasteko. Horretarako lantalde berezia osatzea proposatu da, 2004an egin zen bezala. Oraingoz, baina, ez da horretarako urratsik egin. Hain zuzen ere, EH Bilduk atzo ohar batean kritikatu zuen eskaera horri muzin egin diola PSNk. Era berean, Geroa Baik ere eztabaidari ekiteko beharra azaldu du.

Ikus gehiago: XXI. menderako akordioaren bila

Ekitaldian, Javier Eneriz Ararteko ohiak ere parte hartu du. Nafarroako foru erregimenari buruzko liburua idatzia du gazteleraz. Enerizen arabera, «mugarri bat» izan zen. Haren diskurtsoaz gain, Iruñeko katedraleko musika kaperak musika emanaldi bat egin du, Aurelio Sagaseta zuzendariak gidatuta. Nafarroako ereserkiaz gain, erreinuan sartzeko martxa eta erreinutik ateratzeko martxa jo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.