ESPAINIA. BOTEREEN ARTEKO KRISIA

Espainiako Senatuak onartu egin du sedizio delitua indargabetzen duen erreforma

PSOEk eta UPk aurkeztutako lege proposamenak diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua moldatzea ere jasotzen du. Goi ganberak ez ditu bozkatu Konstituzionalak baliogabetutako bi zuzenketak.

Espainiako presidente Pedro Sanchez, atzo, Senatuan. KIKO HUESCA / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko abenduaren 22a
14:41
Entzun

Espainiako Senatuak behin betiko onartu du PSOEk eta UP Unidas Podemosek bultzatutako lege proposamena: batetik, sedizio delitua ezabatzea, Kataluniako «gatazkaren desjudizializazioa» bultzatzeko; bestetik, diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua moldatzea. Hori bai, goi ganberak ez ditu bozkatu Espainiako Zigor Kodearen erreformaren barruan jasota zeuden eta auzitegi horretako kideak berritzeko derrigortasuna ezartzen zuten bi zuzenketak, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin baitzituen astelehenean, PP Alderdi Popularraren helegitea ontzat emanda.

Kontuak kontu, Zigor Kodearen erreforma aurrera atera da Senatuan, PSOEren, ERC Esquerra Catalunya, EH Bilduren, EAJren eta Mes per Mallorcaren gehiengoarekin; PPk, VOXek, Ciudadanosek, UPNk, Junts per Catalunyak, Coalicion Canariak, Teruel Existek, PAR-ek eta bi parlamentari independenteek aurka bozkatu dute. Bestalde, Mas Madridek, Geroa Baik eta Compromiseko senatariek abstentziora jotzea erabaki dute.

Gobernua sostengatzen duten taldeek ere —UPk ez du ordezkaririk Senatuan— atzera bota dituzte lege proposamenari jarritako bost betoak eta zuzenketa partzial guztiak, eta, beraz, goi ganberan tramitatzearen ondorioz aldaketarik egin ez denez, Zigor Kodearen erreforma hori behin betiko onartu dute; BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean aurki argitaratuko dute.

Konstituzionalak ezohiko osoko bilkura egin zuen atzo, organo horretako eta CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko hautaketa eredua aldatzen zuten bi zuzenketen tramitea etetearen aurka Senatuak jarritako helegitea ebazteko. Atzera bota zuen, eta, hortaz, debekatu egin zuen gaurko saioan bozkatzea.

Goi ganberak argudiatu zuen tramitazioa eteteak «nahasmendu ezin larriagoa» eragiten zuela botere legegilean, baina magistratuek berretsi egin zuten erabakia, eta senatariek ostegun honetan bozkatu behar izan dute lege proposamena, inpugnatutako zuzenketarik gabe. Konstituzionalaren erabakiak behartuta, Espainiako Diputatuen Kongresutik zetorren lege proposamenaren testuan aldaketak egin dituzten arren, legea ez dute Senatutik behe ganberara itzuli beharko behin betiko berresteko, Espainiako zenbait hedabidek parlamentuko iturriak aipatuz jakinarazi dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.