Ingurumena

Azazetako parke eolikoa eraikitzeko ingurumen baimena eman du Arabako Foru Aldundiak

Orain, Eusko Jaurlaritzak eman beharko dio oniritzia egitasmoari. Zortzi haize errota jarri nahi dituzte, 40 MW sortzeko asmoz.

Azazetako mendatea. Inguruko mendietan, zortzi haize errota jarri nahi dituzte. JUANAN RUIZ / FOKU
Edu Lartzanguren.
2022ko abenduaren 21a
19:40
Entzun

Ingurumen baimena eman dio Arabako Foru Aldundiak Azazetan erakin nahi duten parke eolikoari. Bernedo, Arraia-Maeztu, Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga (Araba) udalerrietako eremuei eragiten die egitasmoak. Azazetako mendietan zortzi haize errota eraiki nahi dituzte, 40 megawatt sortzeko asmoarekin. Egitasmoan 37,3 milioi euro gastatu asmo dituzte.

Aixeindar taldeak eraiki nahi du parkea. Horretan Iberdrolak parte hartzen du, Eusko Jaurlaritzarekin batera. Elkarteak beste parke bat erakitzeko asmoa du Araban, Labrazakoa, Oion eta Aguilar Kodesen.

Iazko apirilean zabaldu zuten epea egitasmoari helegiteak aurkezteko. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adierazi dute Azazetako parkearen eta Araban eraiki nahi dituzten beste parke eolikoen aurka daudela. Eusko Jaurlaritzak uko egin dio azkenean Arkamo eta Iturrietako parkeak eraikitzeko egitasmoari, baina eutsi egin die Azazetako eta Labrazakoei.

Astelehenean bertan, EH Bilduk eskatu zuen Gasteizko Mendiak natur parke izendatzeko tramiteak berriz abiatzeko. Horrekin, Azazetako egitasmoa gelditzeko itxaropena du alderdi abertzaleak.

Helegiteen eraginez, zortzi haize errotatik hiru metro batzuk mugitu dituzte egitasmoan. Baina EH Bilduk astelehenean esan zuenez, horrek ez du aldatu egitasmoren «funtsa».

Aldundiak oniritzia eman ostean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailera bidali dute egitasmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.