Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmeneko korapiloa are gehiago estutu da, eta, azken orduko ezusteko mugimenduren bat egon ezean, langileek ituna berritu gabe amaituko dute urtea. Negoziazio epe honetako hogeigarren bilera egin dute gaur Lan Harremanen Kontseiluan, eta, CCOO-LAB-UGT hirukoak beste eskaintza bat eraman arren —ordezkaritzaren %59 dute—, ez da adostasunik egon. Are gehiago: FVEM patronalaren ustez, eskaintza hori aurrekoa baino «onartezinagoa» da. Oraingoz ez dago berriz biltzeko egunik.
Bizkaiko metalgintzako itunaren auzia konpontzeko egun aproposa zirudien. Iragan astean eginiko bileran sindikatu zein patronalak eskaintza berriak egiteko konpromisoa hartu zuten. Azaro amaierako grebaren aurretik, bi aldeek onartu zuten jarrerak gertuago zeudela, eta aukera aproposa zen ituna urtea amaitu aurretik sinatzeko. Usteak, baina, erdi ustel izaten dira maiz, eta hori gertatu da. Ordubete nahikoa izan zuten akordiorik ez zela egongo ikusteko, eta mahaitik altxatu dira.
Patronalak ez du eskaintza berririk eraman; CCOO-LAB-UGT hirukoak, aldiz, bai —ELA ere bileran egon zen—. Eta nolakoa da eskaintza hori? Lau urterakoa: %6,5eko soldata eguneraketa 2022an —2021eko KPIaren bezainbestekoa—; %6koa 2023an, %3koa 2024an, eta %2koa 2025ean. Eguneraketa horiek %17,5eko soldata igoera bateratua ekarriko lukete. Hitzarmenaren indarraldiko KPI bateratua hori baino handiagoa balitz, haren arabera eguneratuko litzateke 2026an. Soldata eguneratze taula horretaz gain, sindikatuek eskatu dute aldi baterako lan enpresen erabilera hiru hilabetera mugatzea, eta enpresek ezin xurgatzea gutxieneko bermeko soldaten eguneraketa.
FVEMek mahaian bertan esan du eskaintza hori onartezina dela, bere azken proposamenekoa baino 3,5 puntuko igoera handiagoa dakarrelako. Azaroaren 24an egin zuen proposamena, eta oraingoz hori da haren azken hitza. Dena den, bileran esan du agian beste eskaintza bat pentsatuko duela, «hala egokia iruditzen bazaio» eta «egokia iruditzen zaion unean». Aurreko bileraren aurretik patronalak esan zuen hori zela Bizkaiko enpresariek egin zezakeen eskaintzarik onena.
Bi aldeek modu oso ezberdinean baloratu dute bilera. CCOO-LAB-UGT hirukoak azaldu du hainbat arlotan leundu dituztela beren eskaerak. Besteak beste, hitzarmenaren bigarren urtetik aurrerako soldata igoerak aldatu dituzte, KPIak berrikusteko klausularen formula onartu dute, subrogazio eremuak murriztu dituzte, eta mahai gainetik kendu dute ABLEak erabiltzeko debekua. FVEMek, berriz, «zekenkeria» leporatu die, eta bere eskaintzak Arabako metalgintzan onarturikoa hobetzen duela gogoratu die.
ELA: greba mugagabeap>
Ikusteko dago zein bide hartzen duten negoziazioek. Dagoeneko bi bilera igaro dira azken greba deialditik, eta egoera ez da aldatu. Hori ikusirik, ELAk —ordezkaritzaren %41 du— argi du mobilizazioak gogortu behar direla: «CCOOri, LABi eta UGTri jakinarazi diegu aurten 11 greba egin ondoren hurrengo urratsa greba mugagabea dela. Bizkaiko metalgintzako langileen merezi duten ituna lortu arte». ELAk bidalitako oharrean beste sindikatuen eskaintza kritikatu ditu.
CCOOk, LABek eta UGTK, berriz, ez dute beste greba deialdirik aipatu. «Borrokan» eta «mobilizazioetan» jarraituko dutela iragarri dute, baina zer motatakoak izango diren zehaztu gabe. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren jarrera deitoratu dute, azken astean metalgintzako grebekin harremana duten «hainbati» jakinarazi dietelako ikertuak izaten ari direla ordena publikoa aztoratu izanaren susmopean.