Hilketa matxista

Cortesko emakume bat hil du senarrak Espainian

Kolpez hila aurkitu zuten astelehenean 80 urteko emakumea, Zaragozan. Senarrak hilketa aitortu zion Poliziari. Elkarretaratzera deitu dute gaur Cortesen. Urtarrilean, Cortesko beste emakume bat hil zuen haren senarrak: Sara Pina Ieregi. Indarkeria matxistak 116 emakume eta 11 ume hil ditu 2003tik.

Zaragozako erdialdean gertatu zen hilketa. JAVIER CEBOLLADA / EFE
2022ko abenduaren 21a
14:29
Entzun

Astelehenean emakume bat hil zuten Zaragozan (Espainia). Gaur jakin da hildakoa Maria del Carmen Ruiz Huerta zela eta Corteskoa zela (Nafarroa). 80 urteko emakumea kolpeka hil zuen senarrak, etxean. Hala aitortu zion gero Poliziari, bere burua entregatu ondoren.

Antonio Giger Kaufmann du izena senarrak, eta 83 urte ditu. Gaur, ordea, uko egin dio Poliziaren aurrean deklaratzeari, abokatuarekin deklaratzeko garaian. Polizia iturrien arabera, bihar eramango dute epailearengana.

Cortesko Udalak hiru eguneko dolua ezarri du, eta protestara deitu dute gaur iluntzerako. Hilketa horrekin, 116 dira 2003tik Euskal Herrian hilketa matxistak hildako emakumeak; 11 ume ere hil dituzte modu horretan.

Agintariek esan dutenez, Ruizek ez zuen inoiz indarkeria matxistarik salatu. Aspaldi bizi zen bikotea Zaragoza erdialdean. Gizonak hasieran deklaratu zuenez, astelehenean hil zuten emakumea. Atzo 11:00 inguruan kalean zeuden polizia batzuei aitortu zien hilketa.

2022a urte gogorra izan da Cortesen indarkeria matxistari dagokionez. Urtarrilaren 8an, Sara Pina Ieregi cortestarra hil zuen haren senarrak, Tuteran (Nafarroa). 38 urte zituen Pinak. Hilketaren harira protesta ekitaldi jendetsuak egin zituzten. Tuterako eta Cortesko udalek hiru eguneko dolua ezarri zuten.

Pinaren hilotzak indarkeria zantzuak zituen aurkitu zutenean, labankada arrastoak. Gorpua aurkitu eta berehala hasi zen Polizia Pinaren senarraren bila, hark hil zuela baitzen hipotesi nagusia; biharamunean atzeman zuten, Bordeletik hurbil (Okzitania). Gizonezkoa preso eduki zuten Parisen, eta, urtarrilaren 24an, Nafarroara eraman zuten. Auzitegiak adierazi zuenez, akusatuak aitortu zuen Sara Pina hil zuela, hura «lo zegoen bitartean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.