Polizia

Arma gehiago Iruñeko udaltzainentzat: taser pistolak erabiliko dituzte gaurtik

Iruñeko Udaleko Hiri Segurtasuneko arduradunek esan dute «erabat seguruak» direla, eta «bortxaren erabilera progresiboa beharrezkoa denean» erabiliko dituztela

Polizia bat, taser pistola batekin. BORJA MENDEZ / EFE
Ion Orzaiz.
2022ko abenduaren 20a
17:53
Entzun

Gaurtik, zauritzeko gaitasun handiagoa izanen du Iruñeko Udaltzaingoak: taser pistolak erabiliko dituzte zenbait poliziak, Iruñeko Udaleko Hiri Segurtasuneko alorrak jakinarazi duenez. Navarra Sumako arduradunek ez dute «pistola» hitza erabili; aitzitik, esan dute «belaunaldi berriko gailu adimendun eta ez-hilgarriak» direla, eta kamera pertsonal bat ere konektatuta izanen dutela une oro.

Hiri Segurtasuneko buruek azaldu dutenez, «udaltzainen eguneroko lanaren osagarri» izanen dira taser pistolak. Segurtasunean azpimarra egin dute: «Gradualki handitu edo txikitu daiteke tresna horren intentsitatea, pertsonen ezaugarri fisikoen arabera; hortaz, segurua da erabat».

Pistola horiek erabili ahal izateko, «formakuntza ikastaro bat» egin beharko dute poliziek. Hori egiteak urtebeteko baimena emanen die, arma elektrikoak erabili ahal izateko. Protokolo bat ere ondu du Iruñeko Udaltzaingoak, taser pistolak erabiltzeko: gailua daramaten polizia guztiek patruilatzen ibili beharko dute, eta hiriko sektore guztietan sakabanatuko dituzte. Pistola ateratzean, kamera pertsonalak piztuko dira automatikoki, gertatzen dena grabatzeko.

Poliziaren gehiegikeriak hizpide

Iruñeko Udaltzaingoak arma elektriko berriak aurkezten zituen bitartean, Poliziaren gehiegikeriak eta opakutasuna hizpide izan dituzte Nafarroako Parlamentuan. Bertan, Espainiako Estatuko polizien kontrolerako mekanismoak eta gardentasuna izeneko txostena aurkeztu du Iridia elkarteko kide Anais Franquesak. Ekintzaile eta abokatuak gogorarazi du legeek «mugak» ezartzen dizkietela mundu osoko poliziei, indarkeria era arbitrarioan erabili ez dezaten, baina gaineratu du sarritan «inpunitatea» nagusitzen dela, «gehiegikeria asko ez direlako ikertzen, ezta epaitzen ere, eta, hortaz, delitugileek ez dutelako zigorrik jasotzen». Zehazki, polizia askoren identifikaziorik eza, tortura kasuak eta arrazaren araberako identifikazioak aipatu ditu Iridiako kideak. Franquesak azpimarratu du poliziaren kontrolerako barne mekanismoak ez direla eraginkorrak, eta salatu du prozedurak ez direla publikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.