«Oso indar gutxi daukat; beraz, litekeena da hau izatea bidali ahalko dudan azkeneko argazkia». Mezu horrekin agur esan du NASAK 2018. urtean Martera bidalitako InSight esploragailuak. Izan ere, planeta gorriko hautsak haren eguzki plakak estali ditu, eta argindarra ahitu zaio makinari. InSight-engatik ez kezkatzeko adierazi dute, ordea, haren sare sozialak daramatzatenek. «Hemen eman dudan denbora emankorra eta lasaia izan da».
My power’s really low, so this may be the last image I can send. Don’t worry about me though: my time here has been both productive and serene. If I can keep talking to my mission team, I will – but I’ll be signing off here soon. Thanks for staying with me. pic.twitter.com/wkYKww15kQ
— NASA InSight (@NASAInSight) December 19, 2022
«Emankorra», alajaina. Izan ere, misio zehatza zuen gailuak, eta, lortu dituen datuei esker, goitik behera aldatu dira Marteren muinaren inguruan zeuden usteak. Marteko barruko aldea hilda eta geldituta zegoela uste zen, baina Insight-ek erakutsi du lurrikarak badaudela gaur ere, eta magma etengabe mugitzen ari dela azalaren azpian.
Lau urte iraun du gailuaren esplorazioak. Iazko otsailean hasi ziren arazoak. Hautsa pilatzen joaten da Marten dauden gailuen eguzki plaketan, eta horrek Eguzkiaren argia blokeatzen du. Zientzialariek itxaropena dute Marten dabiltzan haize bolada eta zirimoletan. Horiek batzuetan hautsa pilatzen dute plaketan, baina, tarteka, pilaturikoa eramaten dute, eta, beraz, garbitzen laguntzen dute. Baina, espero baino ufada garbitzaile gutxiago gozatu ditu gailuak. Iazko otsailean, haren plakak berez ahal duten energiaren %27 baino ez ziren ekoizten ari.
Iazko maiatzean, NASAk gailua energia gutxiko moduan jarri zuen, misioarekin jarraitzeko plaketan hauts gehiegi zegoela iritzita.
Orain heldu da azken erabakia: 2022ko urte amaieran zen bukatzekoa misioaren epe ofiziala, eta ez luzatzea ebatzi dute.
Martikarak
Barneko Esplorazioa Ikerketa Sismikoak Geodesia eta Bero Garraioa esaldiaren sasiakronimo gisa osatu zuten InSight gailuaren izena. Baina insight hitzak, aldi berean, ulermen sakona edo barrukoaren pertzepzioa adierazten ditu. Izen aproposa, beraz, gailuaren misioa zein zen ikusita.
NASArena zen gailua, baina haren tresna nagusiak Europan eraiki zituzten. Tartean zen SEIS izeneko seismometroa. Marteren barrukaldearen aktibitatea atzemateaz gain, horri esker planetaren barrunbeen hiru dimentsioko modeloak lortzea zen horren eginkizuna. Beste tresnek aztertuko zuten beroa nola mugitzen den planeta gorriaren bihotzean.
Martikarak eta haien oihartzunak aztertuta, planetaren muina zerez eginda dagoen jakin ahal izan dute. Marten magma dagoela jakiteak, berriz, itxaropena piztu du han inoiz bizitza aurkitzeko. Izan ere, planeta hotzegia da, eta haren atmosfera finegia da haren azalean ura pilatzeko. Baina, barruan beroa baldin badago, litekeena da horrek aukera ematea barruan ur likidoa egoteko. Baliteke ur horretan mikrobioak bizirauteko baldintza egokiak egotea.
Beraz, duela 3.600 milioi urte Marte oso bizirik zegoen; biologikoki ez badakigu ere, bai behintzat geologikoki. Sumendiak zeuden han, eta Eguzki Sistemako sumendi sistemarik handiena sortu zuten, Tharsis Montes gunea eta Olympus Mons sumendia –Everest mendia halako hiru da–. Baina inor gutxik espero zuen ikustea gaur ere badaudela magma mugimenduak han, eta planetaren azalera aldatzen ari direla. Hori guztia InSight-ek erakutsi du.
Misioa amaitu baino egun batzuk lehenago esan du agur zundak, beraz. InSight ez da ibilgailu bat, Marten dauden Perseverance eta Curiosity bezala. Marten lur hartu zuen lekuan bertan geratu zen, mugitu gabe. Haiek plutoniozko sorgailuak dituzte, behar duten argindarra ekoizteko. Inork ezin ditu garbitu InSight-en eguzki plakak, eta luze gabe itzaliko da gailua, baina Marte eta gizateria ondo argitu ostean.