Energia

Gasari gehienezko prezioa jarriko dio EBk: 180 euro megawatt-ordua

Batzordeak muga kendu ahal izango du, baldin eta  ikusten badu hornidura arazoak daudela edo kontsumoa handitu dela. Errusiak «onartezintzat» jo du muga, eta erantzungo duela agindu du.

Luxenborgoko Energia ministro Claude Turmes eta Estoniako Riina Sikkut, gaur, Bruselan. OLVIER HOSLET / EFE
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 19a
16:51
Entzun

Ez bat, ez bi, ez hiru; azken sei hilekoan hamabi bilera egin behar izan dituzte Europako Batasuneko Energia ministroek gasari gehienezko prezio bat jarri ahal izateko. Azkenean, 180 eurokoa izango da muga hori, Europako Batzordeak proposatutako 275 euroen oso azpitik, eta haren beste baldintza gogor batzuk leunduta. Hori bai, Batzordeak bere esku izango du muga etetea, ikusiko balu hornidura arazoak sortzen ari dela.

Errusiak haserre erantzun dio gehienezko prezioari. «Merkatuko prezioen osaketaren bortxaketa bat da [...]; onartezina da», esan du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, eta agindu du haren aurkako erantzun bat prestatuko duela.­

Azken urteetan EBko gobernuek gehien eztabaidatu dituzten gaietako bat izan da gasaren prezioarena. Bi talde egon dira: batetik, gehiengoa, Frantzia, Italia eta Espainia buru zituztela, eskatuz gasaren prezioari muga bat jartzea, familien, enpresen eta erakunde publikoen kontuetan eragiten ari den zuloa arintzeko; bestetik, Alemania eta haren ohiko aliatuak, halako esku hartze bat egiteak hornidura arazoak ekar zitzakeela ohartaraziz. Argudiatzen zutenez, EB gasik gabe geratzeko arriskua dakar, gas kargamenduak merkatuko prezioak ordaintzeko prest zeuden lekuetara joan zitezkeelako; Asiara, batez ere.

Mugaren aldekoen iritzia aldaraziko ez zuela ikusita, Alemaniak akordioaren aldeko botoa eman du, eta abstenitu egin dira Austria eta Herbehereak. Aurkako boto bakarra izan da, Hungariarena.

GNLa baino 35 euro garestiago

Hitzartu dutenez, gasari gehienezko prezioa jartzeko tresna indarrean jarriko da Herbehereetako TTF merkatuan edo beste batzuetan hilabete, hiru hilabete edo urtebete barru entregatu beharreko gas megawatt-orduak 180 euro baino gehiago balio badu hiru egunez jarraian. Beste baldintza bat ere bete beharko du: GNL gas natural likidotuak nazioarteko merkatuetan duen prezioa baino 35 euro garestiagoa izatea, hiru egunez hor ere.

Baina mesfidatiei keinu batzuk ere egin dizkie akordioak. Muga ezabatuko da prezioak behera egiten badu, Europako Batzordeak uste badu gas eskasia izan daitekeela, eta herrialdeen artean gorabehera handiak badaude. EBren helburua denez gasaren kontsumoa jaistea, Bruselak muga eten ahal izango du hilabete batean gas kontsumoa %15 handitu bada edo bi hilabetean %10 handitu bada.

350 euro lehen, 110 orain

Abuztuaren amaieran iritsi zen gasa bere preziorik gorenera, —350 euro megawatt-ordua—, Errusiak Nord Stream 1 gasbidea itxi zuelako EB bere biltegiak betetzen ari zela. Baina orduan ere ez zuen bete Bruselaren baldintza, astebetez egon baitzen 275 eurotik gora, eta ez bi. Herenegun, 110 euroan zegoen gasaren megawatt-ordua TTF merkatuan, jarri nahi dioten gehienezko prezioaren oso azpitik. Baina oso gorabeheratsua da TTF, eta adituek ez dute baztertzen hurrengo asteotan gorakada handia izatea, baldin eta negu hotza bada eta udan eta udazken hasieran pilatutako erreserbak ohi baino azkarrago husten badira.

Baina negu honetan bainoago, hurrengoan izan dezake zeresana gehienezko prezioak. Izan ere, aurten uste baino bizkorrago bete ahal izan dituzte biltegiak EBko herrialdeek, Errusiako gasa izan baitute luzaroan. Orain, baina, Moskuk itxi egin ditu gasbide gehienak, eta hark bidaliko ez duen gas gehiena itsasontziz ekarri beharko du EBk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.