Nekazaritza

Enbak elikagaien marjinak apaltzeko eskatu die saltokiei

Hemengo ekoizleen produktuak «amu gisara» erabiltzen dituztela salatu du sindikatuak. Kontsumitzaileak marka zuriko produktuetara bideratzea kritikatu dute, eta baserritarren ekoizpen kostuak ez estaltzea.

Enbako nekazarien agerraldia, gaur goizean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 19a
13:33
Entzun

Ekoizleak «jokoz kanpo» daude janari katearen «joko arauetan», Enba nekazari sindikatuak ohartarazi duenez. Haren barruan jarduten duten hainbat ekoizlek agerraldia egin dute goizean Donostian, euren produktuei ezartzen zaizkien «gehiegizko marjinak» salatzeko eta horiek apaltzea eskatzeko. «Marjina izugarriok gehiegi garestitzen dituzte gure elikagaiak, eta, horrenbestez, kontsumitzailearen babesa galdu eta salmentak jaisten dira», salatu du Enbak. Produktu batzuetan salmentak %10-12 jaitsi direla zehaztu dute.

Hemengo produktuen salneurrietan marjinak zenbatekoak diren ere zehaztu dute Xabier Iraola Enbako koordinatzaileak eta Iñaki Goenaga Gipuzkoako Enbako presidenteak: %33 behi okelan, %45-55 behi esnean, %68 sagardoan, %70-80 oilaskoan, %118 letxugan... Azaldu dutenez, marjina horiek marka propioa duten produktuei eragiten diete, eta nabarmen apalagoak dira marka zurikoetan. Produktu bera modu batera edo bestera merkaturatuz gero, merkeago saltzen da marka zurikoa, beraz. Hala, saltokiek «bertakotasunaren» propaganda egiten duten arren, helburutzat «errentagarritasuna» dutela salatu dute, eta ez dutela hemengo markako produktuen alde egiten. «Gure elikagaiak amu gisara erabiltzen dira», salatu dute.

Horregatik, «marjinak neurrira ekartzeko» eskatu diete banaketa kateei eta saltokiei, baserritarrek euren ekoizpen gastuak estal ditzaten. Halaber, hemengo elikagaien salmenta «areagotzeko» ere eskatu die, salneurrian eraginda: «Dei egiten diogu banaketa sektoreari bere marka zuriaren eta enpresako markaren arteko marjina ezberdinak alboratu eta rappelak ezaba ditzan». Iraolak azaldu duenez, komisio mota batzuk dira rappelak, arrazoi desberdinengatik kobratu badaitezke ere nagusiki ekoizleak saltzen duen bolumenaren araberakoak direnak. Orain, baina, beste hainbat arrazoirengatik kobratzen hasi zaizkie komisio horiek, eta ez zaie «onargarria» iruditzen.

Azken batean, Iraolak adierazi du ekoizleak gero eta gehiago daudela saltoki handien menpe, denda txikiak urritzen ari direlako, edo banaketa katetik igaro behar delako denda horietan produktua merkaturatzeko. Horrek negoziazio gaitasuna gutxitu diela ohartarazi du Enbak.

Eusko Jaurlaritzari ere mintzatu zaio sindikatua. Elikaduraren Kateko Behatokiaren martxa «bizkortzeko», ekoizpen kostuen txostenak argitaratzeko eta banaketa zein saltokiak kontrolatzeko eskatu dio, «elikagai katearen legea betetzen dela bermatzeko». Hain justu, ekoizpen kostuak kalkulatzea eta elikagai katearen oreka eta lehia bermatzea da behatoki horren helburua. Jaurlaritzak martxoan eman zuen haren berri, lehengaien prezioak igotzen ari zirelarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.