Puntuaketa

Finalean puntu gehien lortu duten bertsoak

Mendiluze, Ibarzabal eta Arzallus, atzoko finalean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abenduaren 19a
12:31
Entzun

Zuzenekoaren emozioak jota, xehetasun ugari eskapa daitezke. Lerro bateko hitz bat aditu ez izana, bertsoaren esanahia benetan ulertzeko kantaldia patxadaz entzun behar izatea... Zortziak pasatxo iragarri zuten nor zen aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna: Maialen Lujanbio, 2.240 punturekin. Finalista bakoitza zenbatgarren sailkatu zen ere esan zuten, baina ariketa bakoitzeko bertsoek badute beren puntuazioa. Ariketa bakoitzetik onenak zeintzuk diren jakin nahi?

Ikusi gehiago:https://www.berria.eus/paperekoa/1897/006/001/2022-12-20/txapelaren-bertsoak.htm

Hona hemen 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko final handiko ariketa bakoitzaren puntuazioa:

8H8txpe6motzaganbara10txpuntutanbakarkaiparrag8txg hitzag gaiaGuztira
Maialen Lujanbio200.00191.50175.50193.00197.00196.50187.50214.50205.00203.0067.00209.502240.00
Amets Arzallus190.50185.50178.50197.00195.50200.50182.50179.00188.50196.0069.50203.002166.00
Aitor Mendiluze176.50186.00187.00185.00188.00187.00196.50201.001507.00
Sustrai Colina178.50182.50185.50192.00198.00190.50180.50187.501495.00
Alaia Martin185.00175.50183.50184.50207.50181.00181.00195.501493.50
Beñat Gaztelumendi177.50178.00185.50179.50186.00187.50175.50174.001443.50
Nerea Ibarzabal175.00173.50175.50179.00192.50159.50182.50198.001435.50
Joanes Illarregi170.00176.00179.00177.50179.50181.50172.50185.50

1421.50

Binaka, hiruna bertso zortziko handian

Maialen Lujanbio indartsu hasi zen finalean. Alaia Martinekin batera ibili zen lehen ariketan. Hauxe zen gaia: itsasertzean denda bat zuten elkarrekin, eta klima larrialdiaren ondorioak geroz eta nabarmenagoak ziren bertan. Martinek denda lekuz aldatzearen alde kantatu zuen; Lujanbiok, bertan geratzearen alde. Hona hemen Lujanbioren bertsoetako bat:

«Ez naiz zurekin haserretuko
beti izan zaitut begiko
hankak bustita biok freskatu
gaitezkeela nerekiko
ekonomia zirkular hori
hau baldin bada, ba, kito!
Lehenengo justu, ondoren pobre
ta azkenerako ito».

Binaka, hiruna bertso zortziko txikian

Bigarren ariketan ere, Maialen Lujanbio garaile. Beñat Gaztelumendirekin batera ibili zen. Binakako ariketa horretan, bazkaltzera joandako bi lagun ziren bertsolariak. Gaztelumendik jaten hasi aurretik plater guztiei argazkia ateratzeko ohitura izanik, postrea jateko orduan kargu hartu zion Lujanbiori, jaten hasi baitzen hark argazkia atera ahal izan aurretik. Ederra Lujanbioren erantzuna, baita azken ziztada ere:

«Eta ni harrituta
geratzen natzaizu
gehien azkeneko hau
gustatuko zaizu
ekarri dute nota:
200 euro, aizu,
atera fotoa ta
pagatu ezazu!».

Nabigatzaile honetan ezin duzu bideo hau ikusi

Banaka, puntu erantzuna

Hirugarren ariketan, Aitor Mendiluzek lortu zuen puntuaziorik altuena. Honela hasi zitzaion Ion Zaldua Brit gai jartzailea, Hertzainak-en azken bira aipatuz:

«Hertzainak-ek omen du
bere azken bira».

Eta honela jarraitu zion bertsoari Mendiluzek, umore apur batekin:

«Aspaldian halaxe
esaten ari da
baino atzoko argazki
ederrei begira
igual berriro ere
agurtuko dira».

Nabigatzaile honetan ezin duzu bideo hau ikusi

Binaka, hiruna bertso sei puntuko motzean

Amets Arzallusen bertso batek lortu zuen puntu gehien binakako ariketa horretan. Nerea Ibarzabalekin batera aritu zen. Hau zen gaia: Arzallus eta Ibarzabal neba-arreba abeltzainak ziren; orain arte, behien esnea enpresa bati saldu zioten; Arzallusek, ordea, arrebari proposatu zion lan egiteko modua aldatzea, eta esnekiak zuzenean saltzen hastea, bitartekaririk gabe. Hona hemen Arzallusen bertso bat:

«Gure behien mirariak
enpresaren opariak
Kaikuk uste dut kaikutzat hartzen
gaituela biak
izozkiak, janariak
eta jogurt ugariak
bestela dena irabazten du
bitartekariak».

Ganbara

Goizeko lanei amaiera eman zien Alaia Martinek, ordura arte puntu gehien lortu zituzten bertsoekin (207,5 puntu). Bost hitz besterik ez zituen gaiak: «Irribarre konplizea egin diozue elkarri». Intimotasunetik eta larrutik eutsi zion Martinek ganbarako ariketari:

«Beso artea poliki
bilakatzen da kabia
konplizitatez josiaz
gure arteko haria
taupadekin neurtuta
emari eta eskaria
gaur bi tximeleta gara
gaurkoan ez naiz zaldia
ondo al zaude laztana
xuxurlako esaldia
aurretik probatua neukan
mutikoen haragia
gaur daukat neska batekin
bigarren lehen aldia».

Nabigatzaile honetan ezin duzu bideo hau ikusi

Ganbarako ariketak ere utzi zituen beste bertso eder batzuk: Nerea Ibarzabalek botatakoak. Senarrarengandik banatua zen emakumearen rolean kantatu zuen Ibarzabalek; alabaren zaintza erdi bana zeukan. Horren inguruan aritu zen hiru bertsoetan:

«Nahiz ta ez dizkigun eman
bultzada edo ostiko
pertsonak asma lezake
beste norbait nola ito
ta nire irrifarrea
ezabatu zen betiko
baina alabarenari
eutsi nahi nioke tinko
kotxean ona berekin
bera bi masail gorriko
'Agur' esan dio aitari
ta nik barre neurekiko.
Itxaron beharko gaituzu
denbora luzez txikito
ze gu hurrengo astean
ez gara hona itzuliko».

Binaka, hiruna bertso hamarreko txikian

Arratsaldeko lehen ariketan, Amets Arzallus izan zen onena. Sustrai Colinarekin batera kantatu zuen. Ariketan, Colina gurasoa zen; Arzallus, 14 urteko semea. Gurasoari hiruhilekoko notak erakutsi zizkion Arzallusek; ohi bezala, nota txarrak. Nerabe izatearen esperientzia azaldu zion Colinari, nota txarrak justifikatu nahian:

«Ene aita, guztiak
garenez personak
lehen maitasun harreman
eta lehen hormonak
ezagutzen ari naiz
horren zorionak.
Ze inporta du euskarak
ta zientzien dogmak?
Beste gauza batzutan
dauzkat nota onak».

Binaka, zortziko txikian puntutan

Lujanbio eta Mendiluze elkarrekin ibili ziren arratsaldeko bigarren binakakoan, eta Mendiluzek eskuratu zuen zortzien artean punturik gehien. Hona hemen gaia: begiraleak biak, umeekin irteera bat egin zuten; hamaiketakoaren ordua ailegatzean, kafe bat hartzera joan, eta hara non, bueltan parkea hutsik zegoen. Honela heldu zioten larrialdiari:

M. Lujanbio: «Benetan sentitu dut/ bakea galanta»
A. Mendiluze: «Bai, behin etorri eta/ arazoak falta»
M. Lujanbio: «Baina enteratzean/ ama eta aita»
A. Mendiluze: «Igual egingo degu/ sekulako marka!»

M. Lujanbio: «Oihu bat egin zazu/ ahal duzun tokira»
A. Mendiluze: «E! Umeak non daude?/ A, hortxe, begira»
M. Lujanbio: «Haurrak askatasunez/ hezi behar dira»
A. Mendiluze: «Ume kuadrilla alua/ barrezka ari da»

Banaka, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian

Buruz burukoaren aurreko ariketan, hor ere Lujanbio garaile. Honela esan zion Alaitz Rekondo Ferrero gai jartzaileak: «Egun osoa bertzeen etxeak garbitzen aritu ondotik, zure etxera ailegatu berri zara».

«Lan bat finkorik ez daukat eta
ordea hiru lan orde
orduka egin eta indarrak
hurrengorako ere gorde
nire jabeen etxeak dira
mila klase ta kolore
dizdizka hantxe ipintzen ditut
euren zilar eta kobre
ezkertiarrak, aurrerakoiak
ta zenbait bikote progre
niri ordaintzat ematen dabiltz
beltzean pare bat sobre
ni nire lanaz harro banago
baina harro bezain pobre».

Binaka, hiruna bertso Iparragirre abila dela doinuan

Goizeko eta arratsaldeko ariketen ostean, buruz burukora Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus heldu ziren. Binaka ekin zioten bertsoaldiari, Iparragirre abila dela doinuan. Lujanbio izan zen buruz burukoaren lehen ariketaren garaile. Honela esan zieten, bertsotan has zitezen: «Gehiegizko lotsa lantzeko terapian ezagutu duzue elkar. Hitz egiten hasteko ordua da».

Honela esan zion Lujanbiok:

«Beraz, lotsaren bulimia horretan
ibilia zara lehendik
lotsati ustez nahiko ausarta
zinela uste nun lehenik
ba ni nauzu Maialen
hori esan al det lehen?
Begira nago hemendik
zure antiojutan nere isladak
ere lotsa ematen dit».

Eta honela erantzun Arzallusek:

«Ene, Maialen hain lotsatia
ta poemak nola trentza?
Zure hitz denei jarraitzen ere
baina ez zait hain erreza
baietz lotsak erantzi
ta traba denak ahantzi
eta josi hitzen ertza
gehiago kosta behar zaizu kentzen
zure begitarte beltza».

Binaka, hiruna bertso zortziko txikian

«Maialen, zuri buruzko pelikula biografiko bat egin behar dute. Amets da zure rola jokatuko duen aktorea». Horixe izan zen binakako ariketa horren gaia, eta Lujanbio gailendu zitzaion Arzallusi. Dena dela, publikoak barrezka jaso zituen bien bertsook:

Maialen Lujanbio:

«Nik bai zerbait nuela
androgino kutsu
norbait aukeratuko
eta hautatu zu!
Kortxo puntari eman
metxeroakin su
betartea pixka bat
belztu beharko duzu!».

Amets Arzallus:

«Lasai, ni ere banaiz
mira beltzekoa
ta hemen sentitzen naiz
aski etxekoa
erre-a egiteko
zure antzekoa
nahita hautatu naute
Iparraldekoa».

Ganbara, hitza emanda, bertsoa bederatziko txikian

Buruz burukoko ganbarako lehen ariketan, Arzallusek eskuratu zuen puntu gehien. Eman zioten hitza hauxe izan zen: oreka. Hitzaren adiera, esanahi eta ertz guztietatik hizkuntzen arteko oreka aukeratu zuen bertsolariak:

«Hizkuntzetan badira
hemen zenbait talde
ta batetik bestera
pentsa ze alde!
Diglosiaz egingo
bagenuke galde
erdera ta euskera
noizko parez pare?
Gu beti herabe
mutu eta grabe
sarri hitzik gabe
ta besteak jabe
orekatikan oso
urruti gaude!».

Ganbara, gaia emanda, hiruna bertso nahi den doinu eta neurrian

Ganbarako bigarren partean, gaia hau izan zen: «Ez dago B planik».

«Orain dena da pribatizatze
ezker-eskuin, dinbi-danba
osasungintza adibide bat
nola jeitsi duten langa
hezkuntzak ere latza pasa du
ta ai, gazteen demanda!
Bi urte luzez musuko hori
klaseetan eramanda
egin genuen elkar zaintza ta
auzo zaintzen propaganda
baina aukera heldu denean
edo ekiteko txanda
komuna izan zitekeen dena
komun zulotik joan da!».

Nabigatzaile honetan ezin duzu bideo hau ikusi

Agurra

Agurrak ez dira ariketa puntuagarriak, baina Aitor Mendiluzek bertso ederra bota zuen amaierako agurrean, bere amari dei eginez:

«Zorionak, mito pare,
orain mitoago are
ta zuei gure zutabe
milesker zorretan gaude.
baina ez nuke joan nahi ama,
zutaz gogoratu gabe
Inoiz ez degu euskaraz egin,
ez zara hizkuntzaren jabe
bertso eskolara zure eskutik
iritsi nintzen, hala ere
ta ez gaur ez zaude Arenan baina
oholtzan nerekin zaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.