COP15

Planetaren %30 kontserbatzeko konpromisoa hartu du COP15ek

AEBak ez daude ituna sinatu duten ia 200 herrialdeen artean. Ez dute zigorrik adostu konpromisoak betetzen ez dituztenentzat.

Amazoniako (Brasil) laku bat ia lehortuta, joan den urrian. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 19a
12:09
Entzun

Espezieen desagertze azkartua galgatzeko asmoarekin, COP15 NBE Nazio Batuen Erakundearen natur aniztasunari buruz egindako goi bileran adostu dute planetaren %30 kontserbatzea. Akordio hori lortu dute, goizaldean, azken bi asteetan Montrealen (Kanada) egindako biltzarrean parte hartu duten ia 200 herrialdeek. AEBak ez daude, ordea, itunaren sinatzaileen artean.

Adostutakoaren arabera, «bereziki garrantzitsuak» diren ekosistemak babestuko dituzte. Herrialdeek zortzi urteko epea dute helburua bideratzeko neurriak hartzeko. Hori bai, ez dute zigorrik ezarri konpromisoak betetzen ez dituztenentzat. Azken xedea da 2050erako etenda egotea orain arriskuan dauden espezieen galera, baita hamar aldiz gutxitzea ere egungo desagertze tasa globala.

Ikusi gehiago:COP15: negoziazioak etenda, funts bat sortzeari buruzko zatiketagatik

Txinak eta Kanadak bultzatu dute akordioa, eta, adituen arabera, betetzen baldin badute aldaketa handiak eragingo ditu nekazaritzan, enpresen hornidura kateetan, eta kontserbazioan komunitate indigenek izango luketen rolean.

Izan ere, itunean helburutzat jaso dute 2030erako erdira jaistea nekazaritza intentsiboan erabilitako ongarriak, eta neurri berean murriztea pestizidei eta produktu kimiko arriskutsuei lotutako arriskuak.

Eta jarritako helburuak betetzeko behar den diruari dagokionez, itunean adierazi dute 2030 baino lehen urtero 200 milioi euro «mobilizatuko» dituztela. Horretarako, herrialde garatuek 19 milioi euroko ekarpena egin beharko diete, urtero, 2025erako, garabidean diren herrialdeei, eta ekarpen horrek gutxienez 29 milioi eurokoa izan beharko du 2030etik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.