Hirugarren txapela poltsikoratu du Maialen Lujanbiok, eta, beste behin, 2009ko eta 2013ko buruz burukoaren argazkia ikusi da, Amets Arzallusekin aritu baita aurten ere. Iñaki Muruak jantzi dio, azkenik, txapela txapeldunari.
Orain bost urte txapeldun izatearen ordainetan, gaurko geltokian igo da txapelketaren trenera Lujanbio. Erakustaldia eman du hasi eta buka, eta 2.240 puntuak dira horren erakusle. Beste zazpi bertsolariak ere, nolanahi ere, bikain aritu dira; saioa hasi orduko hartu baitiote tamaina oholtza berriari, eta tenple onean eutsi diete 13.300 lagunen begirada, animo eta txaloei.
Ikusi gehiago:Podcasta. Miren Mujika Telleria: finalaren balorazioa
Amets Arzallus izan da txapeldunorde, 2.166 punturekin, eta Aitor Mendiluze, buruz burukotik kanpo geratu bada ere, itzel aritu da, eta hirugarren geratu (1.507). Atzetik izan du, laugarren postuan, Sustrai Colina, 1.495 punturekin. Puntu eta erdira izan du atzetik Alaia Martin (1.493,5). Koska bat beherago, Beñat Gaztelumendik egin du seigarren, 1.443 puntu eskuratuta. Nerea Ibarzabalek egin du azken-aurren, 1.435 punturekin. Eta, azkenik, Joanes Illarregi izan da azken, 1.421 puntu batuta.
Ikusi gehiago:Horrela kontatu du BERRIAk finala
Txapelketen argazkia berritu du aurtengo finalak, baina bideak berak berritu du. Bertsozaleak bertso gosez zeuden txapelketa hasterako, eta gaurko finalean ere islatu da gose hori. 13.300 lagunen olatuak izan dira, txalo zaparradak, malkoak eta isiltasun luzeak.
«Txapela bete indar», hala kantatu du amaierako agurra 2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunak:
Herriak ta hizkuntzak
zuten norantzari
gai gehio lotu zaio
lehengo ardatzari
ta munduak hartu dun
itxura latzari
aurre egiteko, beraz,
laguna altxa hadi!
bultza hainbat borroka
ederren martxari
kontrapisu eginez
eskuin balantzari
txapela bete indar
mingaina dantzari
borroka irabazteko
desesperantzari.
Txapeldunaren agurra #BTN22pic.twitter.com/EBGB4N2wJp
— Berria.eus (@berria) December 18, 2022