Ulma eta Orona kooperatibek bide propioari ekingo diote Mondragon korporaziotik kanpora. Hala erabaki dute bazkideek, beren boto eskubideaz baliatuta, ezohiko batzar nagusi banatan. Erabakia inflexio puntu bat da, hala bi kooperatibentzat, nola Arrasateko taldearentzat; azken hamarkadetan ereindako lankidetza eredua alboratzea ekarriko baitu batzuentzat, eta erronka berriei beste antolaketa modu batekin erantzutea besteentzat. Edonola ere, eta jarduera ekonomikoan izan dezakeen ondorioez harago, epe laburrera proiektu kooperatiboaren lotura batzuei eusteko gai izango ote diren da orain galdera nagusia.
Kontseilu errektoreek aurkeztu dute proposamena eta langileek baietz esan diote; gehiengo zabalarekin babestu dute gainera. Ulmaren kasuan, langileen %80,52 bozkatu dute korporaziotik irtetearen alde. Taldeko kooperatiba guztietan nagusitu da aldeko emaitza. Oronaren kasuan, aldiz, langileen %70 inguruk bozkatu dute korporaziotik ateratzearen alde.
Ikusi gehiago:Gehiengoaren babesa Ulman eta Oronan
«Agindu argia jaso dugu», adierazi du Lander Diaz de Gereñu Ulma taldeko lehendakariak, bozketa amaitu berritan egindako balorazioan, gogoraraziz enpresaren «bidea» bazkideek erabakitzen dutela. Azpimarratu du euskal kooperatiben «arrakasta ereduaren parte» direla, eta bere balioak defendatu eta babestuko dituztela aurrerantzean ere. «Hori egiteko modurik onena Ulma industria talde kooperatibo indartsu bihurtzea da».
Beste harreman bat
Oronak ere ohar bidez nabarmendu du «kooperatibaren subiranotasun osoa berreskuratzea» babestu dutela bazkideek hautetsontzien bidez. Oier Lizarazu Oronako lehendakariak prozesuaren garrantzia azpimarratu du, eta gogorarazi 80 informazio saio baino gehiago egin dituztela kooperatibaren etorkizuna eta mugimendu kooperatiboari egiten dion ekarpena bermatzeko «hain garrantzitsua den» erabakia hartu baino lehen.
Hain zuzen, kooperatibetako kideen arabera, Mondragonen eta Ulmaren nahiz Oronaren kudeaketa ereduek talka egiten dutelako hartu dute erabakia. Eta bi kooperatibek korporazioan egun duten lekuarekin eta harekin dituzten loturekin deseroso daudelako. Beste harreman eredu bat nahi dute Mondragonekin. Korporazioari atxikitako kooperatiba izateari utzi, eta hitzarmenen bidezko lotura bat da hemendik aurrera garatuko dutena.
Hogei urte egin ditu Oñatiko kooperatiba taldeak (Gipuzkoa) Mondragoneko kide gisa. 2002an batu zen korporaziora, taldearen bereizgarritasunei eusteko baldintzarekin. Izan ere, talde kooperatibo propioa izatea lehenetsi zuen Ulmak 1990eko hamarkadaren hasieran, eta enpresa taldean ez sartzea erabaki zuen hasiera batean. Bederatzi kooperatibek osatzen dute gaur egun Ulma taldea, 5.000 langiletik gora ditu, eta 900 milioi baino gehiago fakturatzen dituzte denen artean.
Mende erdi baino gehiago egin du, aldiz, Oronak: 1968tik dago Mondragoni atxikita. Hernaniko (Gipuzkoa) igogailu ekoizleak 5.000 langile baino gehiago ditu gaur egun, eta azken urteeko bolada onari esker hazkunde sendoaren bidea hartuta dabil, nazioartekotzea eta berrikuntza ipar hartuta. 800 milioi eurotik gorako salmentak lortu zituen iaz kooperatibak, eta sektorean erreferentziazko tokia lortu du.
«Etapa berri bat»
Bozketaren emaitzak ezagututa, Mondragonek amaitutzat eman du afera, eta azken egunetako ika-miketatik urrun, errespetuzko hitzak izan ditu bi kooperatibentzat. Ulmako eta Oronako bazkideek hartutako erabakiak «erabat» errespetatzen dituela adierazi du korporazioak. Bi kooperatibei bide ona opa diela esan du, eta espero duela bien enpresa proiektuek nahiz eredu kooperatiboek bilakaera ona izatea etorkizunean ere.
«Ilusio mezua» igorri du korporazioak, nolanahi ere, bere negozioak bolada onean direlako, eta gaur egun lantzen ari diren proiektuak eta Mondragonen eredu kooperatiboa bera egokiak direlako «merkatuen erronkei aurre egiteko eta gizarte kohesionatuagoaketa irakunkorragoak eraikitzeko».
Ulmaren eta Oronaren erabakiak, baina, aro berri bat zabalduko du Mondragonen, eta korporazioak ere ez du ezkutatu hori: «Etapa berri bat» hasiko duela esan du, eta bide hori interkooperazio eta elkartasun balioetan arreta jarrita egingo duela. «Ezaugarri horiei esker, kooperatibek, modu erabat autonomo eta librean, beren enpresa proiektuak zabaldu ahal izan baitituzte eta, zailtasun egoerak igaroz gero, multzoaren elkartasuna izan».
Ulmak eta Oronak iraganeko mamuak azaleratu dituzte, ordea. Itxita ziruditen zaurietan arrakalak eragin eta zalantzan jarri dituztelako kooperatibek azken urteetan egindako adostasunak. Horregatik, ikusteko dago nola eragingo dion guzti honek korporazioari aro berri honetan. Gauza bat ziurra da: aldaketak ekarriko ditu.
Batetik, Mondragonen gihar industrialari eragingo dio. Bi kooperatibek korporazioaren lanpostuen %13 baitute, salmenten %15 eta irabazi gordinen %20. Hutsune handia da hori, eta ikusteke dago zein ondorio izango dituen bere jardueran edota eragiteko gaitasunean.
Beste zalantza da nola eragingo dion taldearen antolaketari eta batasunari. Hots, emaitzak ikusita, Mondragoneko beste kooperatiba batek bide bera hartzearen tentaldia izan dezakeen edo ez. «Argi eta garbi, ez», esan zuen Iñigo Uzin presidenteak. Aitzitik, azpimarratu zuen bi kooperatiben mugimenduak kontrako norabidean egin duela bultza; batzuen alde egiteak besteen atxikimendua indartu duela, alegia. Taldea inoiz baino batuago dagoela eta elkarren arteko loturak indartsuagoak direla adierazi zuen.
Eusko Jaurlaritzak ere ez du zalantza egiten Mondragonen jarduerak «indartsu» jarraituko duenik. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak aitortu du, halere, industria «antolaketa eredu berri baten aurrean» dagoela, eta elkarrekin lan egitea dagokiela guztiei, lehiakorrak izaten jarraitu dezaten.
Zeintzuk dira hurrengo pausoak?
Hurrengo urratsak erabakitzeko Mondragonekin bilera sortak abiatu beharko dituzte orain bi kooperatibek. Hasteko, erretiratzea adosteko prozesua abiatu beharko dute, lotura administratiboak eta ekonomikoak eteteko. Eta, bestetik, korporazioarekin nola jokatu eta zein lotura izan erabaki beharko dute. Izan ere, Ulmak eta Oronak argi adierazi dute Mondragonen proiektu kooperatiboa garatzen jarraitu nahi dutela.
Agindu hori eman diete bazkideek zuzendaritza taldeei: etorkizunean Mondragonekin lankidetzak bultzatzen saiatzeko, eta diru ekarpenak mugimendu kooperatiboa garatzeko erabiltzen jarraitzeko. Bestela esanda, lotura eta zubi batzuei eusteko, etena erabatekoa izan ez dadin. Mezuak hartzailerik izango ote duen ikusteko dago, hala ere.
Oreka hori ez baita erraza izango. Iñigo Uzinek adierazi zuen «eskuzabalak» izango direla, baina argi utzi zuen harremanen bidezko lankidetza ez dela orain artekoaren parekoa izango. Izan ere, beste kooperatiba eta enpresa batzuekin hitzarmenak badituzte jada, baina «ez dira Mondragon», eta, beraz, elkarren arteko hartu-emanak ere ez dira taldeko gainerakoekin dituztenaren parekoak.
Bi kooperatibek banaka aztertu beharko dituzte besteekin dituzten loturak. Ulmak eta Oronak argi utzi dute ez dituztela itun horietako batzuk aldatuko. Lagun Arorena da horietako bat. Hura da langileen gizarte babesaz arduratzen den entitatea, eta, beraz, haien pentsioez eta prestazioez arduratzen dena. Baita langileen balizko birkokatzeak egiten dituena ere. Laboral Kutxa da bestea, enpresen finantza erakundea. Biak dira ezinbestekoak Ulmarentzat eta Oronarentzat eta beren bazkide-langileentzat. Kooperatiba izaten jarraituko dutela nabarmendu baitute biek.