Pil-pilean dago Eliza katolikoaren ingurukoek haurrei egindako sexu erasoen gaia. Gaur ETB2k Bilboko gotzain Joseba Segurari egindako elkarrizketa emango du, eta zenbait eduki aurreratu dituzte. Gotzainak esan duenez, ez da nahikoa sexu abusuen biktimei barkamena eskatzea: «Kontua ez da amaitzen barkamen eskaera bat eginda, jarrera aldaketa batekin baizik».
Ikusi gehiago:Argitara atera dituzte apaiz batek duela 60 urte Elgoibarren egin zituen sexu abusuak
Hori horrela, ardurak hartzeko eskatu du: «Guk kontu hori atzean uzteko modurik onena, noizbait atzean utz badezakegu behintzat, ardura guztiak gainean hartzea da, gardentasun osoz».
Kasu jakin baten inguruan ere aritu da gotzaina; hain zuzen, Gaztelueta ikastetxeko haur bati egindako sexu erasoez. Esan du duela hilabete eta erdi inguru bildu zela erasotzailearekin, gurasoekin egon ostean «berak ere horretarako eskubidea zeukalako». Azaldu duenez, gizona prest dago Aita Santuak ezarri dion prozesu kanonikoarekin kolaboratzeko, eta errugabea dela adierazi du.
Bestetik, gaurBERRIAk argitara atera du Elizaren sexu abusuekin lotutako beste kasu bat. Don Andoni izeneko apaiz batek sexu abusuak egiten zizkien haurrei, biktima batek eta zenbait herritarrek BERRIAri azaldu diotenez. Kasu horren harira, Donostiako Elizbarrutira deitu du BERRIAk, eta esan dio ez zuela kasu horren berririk.