Diru politika

EBZk %2,5era igo ditu interes tasak

Aurreko bi bileretan baino gutxiago igo ditu, 0,5 puntu, euroguneko inflazioak goia jo duen lehen zantzuak agertu direlako.

EBZren egoitza nagusia, Frankfurten. ROLAND WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 15a
14:19
Entzun

AEBetako Erreserba Federalaren bidea hartu du Europako Banku Zentralak, eta hark ere moteldu egin du interes tasak igotzeko erritmoa. Aurreko bi bileretan 0,75 puntuko igoeren ondoren, gaurko bileran 0,50 puntu handitu ditu interes tasak. Horrenbestez, bankuek %2,5eko interesa eman beharko diote EBZri maileguen truke, eta EBZk %2ko interesa emango die gordailuengatik.

EBZk jakinarazi du hurrengo bileretan ere interes tasak igo egingo dituela, «nabarmen eta etengabe». Ez du esan zenbateraino, soilik «maila murriztaile» batera iritsi nahi duela, eta horrela lortu nahi duela epe ertainean interes tasak %2ra hurbiltzea. Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Christine Lagarde EBZko buruak gaineratu du 0,50eko igoerak dituztela buruan, baina aitortu du iristen diren datu ekonomikoek baldintzatuko dutela zer egiten duten.

Orain tasak igota, eskaria apaldu nahi du banku zentralak; horrek atzeraldia ekar dezakeen arren, hori delako biderik onena etorkizunean berriro inflazio handia ez izateko, argudiatu duenez.

EBZk bere iragarpenak berritu ditu. Horien arabera, baliteke eurogunea atzeraldian sartzea hiruhileko honetan eta 2023ko lehenengoan, energia krisiaren, nazioarteko ekonomiaren moteltzearen eta interes tasen ondorioz. Edonola ere, atzeraldi laburra eta ez oso sakona espero dute EBZko ekonomistek, eta urteko bigarren erdian berriro hazkundea itzultzea. Horrela, 2023 urte osorako %0,5eko hazkundea espero dute. 2024an, %1,9ra da iristekoa eta, 2025ean, %1,8ra.

EBZk onartu du inflazio handiak hasieran uste baino gehiago iraungo duela. Aurten, batez beste, %8,4ko inflazioa izango du euroguneak, eta %6,3ra da jaistekoa datorren urtean. Jaitsiera horrek jarraitu egin beharko luke 2024. urtean (%3,4), eta 2025ean hurbilduko da banku zentralak gogoko duen mailara (%2,3).

Inflazioa goia jotzen ari da

Uztailean hasi zen EBZ interes tasak handitzen, lehen aldiz 2011z geroztik. Hasieran, 0,5 puntu handitu zituen, baina iraileko eta urriko bileretan 0,75eko igoerak egitea erabaki zuen, inoizko handienak. Maileguak garestituz borrokatu nahi du banku zentralak euroguneko inflazioa, inoizko handiena mendearen hasieran euroa sortu zenetik.
Inflazioak goia jo duen lehen zantzuak agertzen ari dira. Urrian, %10,6ra iritsi zen, baina Eurostaten datu aurreratuak dio azaroan %10era jaitsi zela.

Euskal Herrian aurretik jo zuen goia, eta aurretik hasi zen beherakada. Hego Euskal Herrian, uztailean %10,7ra iritsi zen urte arteko prezio igoera, baina, orduz geroztik, apaldu egin da, eta azaroan %6,7koa zen urte arteko inflazioa. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina han ere ez da urrun ibiliko prezioen igoera, Frantziak %6,2ko inflazioa izan baitu azken urtean, Inseek gaur azaldu duenez.

Zor programarekin zer egin?

Gaurko bileran erabaki beharreko beste kontu bat da zer egin EBZk azken urteetan pilatu duen zor publikoarekin eta pribatuarekin. Ekonomia sustatzeko programen ondorioz, zor horren bost bilioi euro ditu kutxetan banku zentralak. Belatzak presio egiten ari dira zor hori gainetik kentzeko, uste baitute inflazioa eragiten duen faktore bat dela, baina zuhurtzia nagusitu da azkenean.

Horrela, EBZk erabaki du APP zorra erosteko programaren bitartez erositako zor guztia berriro ez inbertitzea bonuak epemugara iristen direnean. Orain hasita eta 2023ko bigarren hiruhilekora arte, hilero 15.000 milioi euro kenduko ditu zirkulaziotik.

Orain arte, zor subiranoaren merkatuek ongi erantzun diote EBZk bonuen erosketa programak alde batera uzteari, eta euroguneko kideek beren zorraren truke ordaindu beharreko kopuruak ez dira asko igo. Baina kezka badago, batez ere Italiari begirakoa, zor oso handiak baititu. Gaur-gaurkoz, ia %4ko interesa ordaintzen ari da Italiako zorra bigarren merkatuan (inbertitzaileen artekoa); Espainiarena, berriz, %3tik gertu da, eta Frantziakoa, %2,5 inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.