Kosovok EBn sartzeko eskaria egin du, jakinda «oztopoak» izango dituela

«Erreforma sakonak egiteko konpromisoaren araberakoa» izango da EBn sartzeko prozesuaren erritmoa, Kosovoko lehen ministroak esan duenez.

Edi Rama Albaniako lehen ministroa eta Vjosa Osmani Kosovoko presidentea, aurreko astean, EBren eta Mendebaldeko Balkanen arteko goi bileran. MALTON DIBRA / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 14a
18:08
Entzun

Kosovo EB Europako Batasunean sartzeko eskaria sinatu dute gaur ofizialki herrialdeko agintari nagusiek. Egun «historikotzat» jo du Vjosa Osmani Kosovoko presidenteak gaurkoa: «Pauso garrantzitsu bat ematen ari gara, amets bat betetzeko, gure herrialdea pauso bat gertuago egon dadin EBtik. Kosovorentzat ez dago beste alternatibarik». Albin Kurti lehen ministroak EBko kideei eskatu die «aho batez» onartzeko eskaria, baina aitortu du «oztopoak» izango dituztela. Izan ere, EBko bost kidek ez dute Kosovoren independentzia aitortzen, hala nola Espainiak, Ziprek, Greziak, Eslovakiak eta Errumaniak.

«Erreforma sakonak eta progresistak egiteko dugun konpromisoaren araberakoa izango da aurrerabidea. Azkartasuna gure esku dago», nabarmendu du Kurtik. Serbiako probintzia izandakoak alde bakarreko independentzia adierazpena egin zuen 2008an, eta AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Mendebaldeko beste hainbat estaturen aitorpena izan bazuen ere, hainbat herrialdek ez zuten babestu; besteak beste, Serbiak, Errusiak, Indiak eta Brasilek.

Europako Batzordeak adierazi du «argia» dela Kosovoren «ikuspegi europarra», eta EBk babestu egingo duela erakundeak sartzeko prozesuan.

Kosovoren eta Serbiaren arteko tentsioa handitu den garaian egin dute eskaria Pristinan. Gehiengo albaniarra du Kosovok, baina Serbiako herritarrek salatu izan du gobernuak baztertu egiten dituela, eta, hori salatzeko, Kosovoren iparraldeko errepideak blokeatu zituzten aurreko astean. Serbiak dagoeneko adierazi du ez duela bat egingo Kosovo EBn sartzeko proposamenarekin. Are, azpimarratu du eskaria «marketin politikoa» baino ez dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.