Bagira sortu dute, mugimendu abertzaleko oinarriak gaurkotzeko

Ipar Euskal Herriko abertzaleen oinarriak eguneratu, helburu eta etapa partekatuak kokatu, eta mugimendu gisa artikulatzeko jardunaldiak abiatuko dituzte ondoko asteetan. 2023an bi eguneko Aberri Eguna antolatuko dute Itsasun, mugimendu abertzalearen 60. urteurrena ospatzeko

jarraia221986.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko abenduaren 14a
17:00
Entzun

Zer da abertzale izatea gaur egungo munduan? Besteak beste, galdera horri erantzun nahi dio Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak bere jardunaldietan. Ondoko asteetan abiatu eta 2024ko Aberri Eguna arte iraungo du Bagira izena hartu duen prozesuak. Lurralde, belaunaldi, ibilbide, sektore eta engaiamendu maila guzietan ari diren lagunak deitu dituzte herri topaketa batzuen forma hartuko duen gogoetarentzat. Lau helburu nagusiri erantzutea da asmoa: mugimenduaren oinarriak eguneratzea, epe ertaineko helburu eta etapa partekatuak kokatzea, mugimendu gisa antolatzea eta artikulatzea, eta belaunaldi transmisioa bultzatzeaz gain publiko berriei zabaltzea.

Mugimendu abertzaleko hamar kidek aurkeztu dituzte jardunaldiak, Bidarrain (Nafarroa Beherea): Pantxika Ibarboure, Jean Noel Etxeberri Txetx, Terexa Lekunberri, Jeronimo Prieto, Ximun Lacroix, Nerea Peponnet, Iñaki Berhokoirigoin, Mattin Etxeberria, Anita Lopepe, Txomin Poveda eta Argitxu Dufau. «Ez da sekula antolatu horrelako momenturik gogoetatzeko zer den abertzale izatea eta nola proiektatzen dugun», adierazi du Povedak.

Duela 60 urte kokatu dute Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen sorrera. 1963ko Aberri Eguna zela eta, haritz bat landatu zuten Itsasun (Lapurdi), eta abertzaletasunaren adierazpena zekarren harri bat ere ezarri zuten. «Ezerezetik abiatutako mugimendu abertzale hau, gaur egun, emendatzen ari den fronte politiko eta instituzional batean garatzen da; baina baita, erakunde politikoetatik harago, esparru guzietan eta zabaltasun handiko sektoreen antolakunde konstelazio batean ere, norberaren eguneroko engaiamenduan gauzatuz».

Konstelazio horren parte lirateke, gaur egun, LAB, Bizi, EH Bai, Sortu, Alda, ELB, baina baita Korrika, Alternatiba, EHZ, Herri Urrats eta Lurrama ere, batzuk aipatzearren. «Existentzia sinple batetik abiatuz, borroka abertzaleak kuantitatiboki eta kualitatiboki aitzina egin du inflexio puntu garrantzitsu batera iritsi arte».

Gaur egun egoera berri bat dagoela uste dute: borroka armatuaren bukaera eta gatazkaren ondorioen konponbidean egin diren aitzinamenduak aipatu dituzte, baina baita Ipar Euskal Herriko historiako lehen instituzioa eta abertzaleen hauteskunde emaitzak ere. Haatik, «sakabanatze» bat ikusten dute, «paraleloan» lanean ari diren eragile eta dinamikak «elkar gurutzatu» gabe. Era berean, aldaketa globalek «mehatxu berriak» dakartzatela uste dute, baina Euskal Herriaren burujabetzaren «beharra eta garrantzia» baieztatzen duten aukerak sortzen dituztela ere bai. Ororen buru, belaunaldi berriak «kuantitatiboki eta kualitatiboki» sortzen ikusteko beharra azpimarratu dute.

Bost momentu nagusi

Otsailean hasiko dute prozesua, transmisio historikoarekin. Mugimendu abertzaleko eragileek Euskal Herriaren eraikuntzan egindako ekarpena oroitarazi eta transmitituko dute formatu anitzetan. Apirilaren 8an eta 9an bi eguneko Aberri Eguna antolatuko dute Itsasun. «Oraina ospatzeko eta etorkizunera proiektatzeko herri giroko momentua izanen da».

Ondotik, diagnostikoari ekingo diote, apiriletik uda arte. Mugimendu abertzalearen gaur egungo egoera eta biharko erronkak aztertzea izanen da helburua, galdeketa kuantitatiboen eta topaketa kualitatiboen bidez.

Azken fasea heldu den ikasturte hasieratik 2024ko apiril arte iraganen da. Hor erantzun nahi diete galdera nagusiei: «Zer gara? Zer da abertzalea izatea gaurko munduan? Zer lortu nahi dugu? Epe ertaineko zer helburu eta etapa partekatzen dugu? Nola mugimendu egin? Nola antolatu eta artikulatu helburu horiek kausitzeko?». 2024ko Aberri Egunarekin emanen diote bukaera herri topaketen prozesuari.

Ikasturte hasieratik Ipar Euskal Herriko berrogei eragilerekin kontrastatu dute proiektu hau, eta jadanik hirurogei bat pertsona ari dira laguntzaile modura. www.bagira.eus webgunea sortu dute, eta bertan dago jardunaldiei buruzko dokumentazio osoa. Prozesuan parte hartzeko dei zabala egin dute agerraldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.