Aurrekontuak

Jaurlaritzako alderdiek oposizioaren 40 milioiren zuzenketak onartu dituzte

Jeltzaleek diote horrek erakusten duela aurrekontuak negoziatzeko eskaintza «benetakoa» zela. EH Bilduk dio «gehiengoaren alferra pasatzen ari den irudia» galarazi nahi dutela eta «azken argazkia makilatzen» ari direla.

Aurrekontuen batzordea, gaur, Eusko Legebiltzarrean. L.RICO/ EFE
xabier martin
2022ko abenduaren 14a
16:36
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontuen onarpenaren kontakizunean jarri dituzte ahaleginak Eusko Legebiltzarreko talde politikoek azken asteotan, eta abenduaren 23ko osoko bilkuraren egunaren atariko errelato hori eraikitzeko beste ekarpen bat egin dute Aurrekontuen Batzordean. Jaurlaritzako alderdi biek, EAJk eta PSEk, aurreko astean iragarri zutenoposizioaren zuzenketa batzuk onartuko zituztela, baina, azkenean, 40 milioi eurorenak izan dira, eta ez 30 milioirenak; hamabi milioi garraio arloko deskontuetarako izango dira, eta beste hamaika milioi eta erdi, osasunerako. Bada, horrek erakusten du, EAJko Alaitz Zabala legebiltzarkidearen arabera, gobernuaren «elkarrizketa eskaintza benetakoa zela».

Joan den ostiralean, oposizioak eskatu zuen aurrekontuak Jaurlaritzari itzultzeko, «errealitateak aurrean eraman dituelako jada aurrekontuak», EH Bilduren kasuan. Orain, Zabalak dio Gasteizko gobernua osatzen duten alderdien «borondate zintzoa» agerian geratu dela, EH Bilduren, Elkarrekin Podemos-IUren eta PPren 40 milioi euro inguruko zuzenketak onartuko dituztela eta. 20,3 milioi EP-IUren zuzenketei dagozkie; 17,06 milioi, PPren zuzenketei; eta soilik 1,5 milioi, EH Bilduk aurkeztutako bi zuzenketa partziali.

Garraioaren deskontuak

EAJko Zabala legebiltzarkideak alderdi horien «danbatekoa» azpimarratu du negoziazioei buruz aritzean. Garraiorako eta osasunerako zuzenketekin batera, zazpi milioi euro jasoko dituzte aurrekontuek seme-alabak dituzten familientzako laguntzetarako, eta beste bost milioi Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako obretarako. Gainerakoa banatuko dute alokairuko etxebizitzaren sustapenerako eta Lanbideko lan orientatzaileak eta Osalaneko ikuskatzaileak kontratatzeko.

«Tamalez, EH Bilduk ateak itxi dizkio berriro elkarrizketari», helarazi du legebiltzarkide jeltzaleak. «Hamabi milioi lor zitzaketen garraiorako laguntzetan, baina ez dute nahi izan». Koalizio abertzaleak Osasun Sailari aurkeztutako milioi eta erdiko bi zuzenketak onartu dituzte Jaurlaritzako alderdi biek, edonola ere; Osasun Mentaleko Planerako da bata, eta Elikadura Nahasmenduaren Arretarako Unitaterako bestea.

Koalizio subiranistaren «anbizio eskasa» nabarmendu du Zabalak, eta haren diskurtsoaren eta zuzenketen bidez eskatutakoaren arteko «koherentzia falta» ere bai. «Osakidetzako egoerari buruzko diskurtso katastrofistarekin bat etorri izan balira, gehiago lortuko zuten».

EH Bilduk azkar erantzun die adierazpen horiei. Ohartarazi du EAJk, PSEk eta EP-IUk atzoko Aurrekontuen Batzordean adostutako hamabi milioi euroko finantzaketa otsailerako amaituko dela, «deskontuak urte osoan luzatzeko kostua 72 milioikoa baita», Iñaki Arriola Garraio sailburuak zehaztu duenez. «EH Bilduk uko egin dio negoziazio horretan sartzeari, neurri hori Legebiltzarrak onartu zuelako azaroan, eta, hortaz, Jaurlaritzak derrigorrez aplikatu behar duelako, berriro negoziatu gabe», argitu du koalizioak.

Azken argazkia «makilatzen»

Garraioaren esparruan, ordea badu beste proposamen bat EH Bilduk: «Hamabi urtez azpiko umeentzat doakoa izatea». Eta aurrekontuen tramitatzera ere eraman du ekinaldi hori; ez dute onartu batzordean. EH Bilduko legebiltzarkide Leire Pinedok esan du «gehiengoaren alferra pasatzen ari den irudia» galarazi nahi dutela EAJk eta PSEk, eta «beren negoziazio prozesuari zuzenketak» jartzen dizkiotela orain. «Argi geratu da ez zutela negoziatu nahi; azken argazkia makilatzen ari dira».

EP-IUko legebiltzarkide David Sotok uste du oposizioaren zuzenketa batzuk onartzean EAJk eta PSEk «jarrera aldaketa» izan dutela aurreko urteen aldean. «Taktika hutsagatik izan da, oposizioko talde guztien zuzenketei ezezkoa emateak ez zuelako zentzurik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.