Zaila da CEOE Espainiako patronalaren eta Lan Ministerioaren arteko harremana, eta Espainiako Gobernuko alderdiek asteartean Madrilen EH Bildurekin adostutako neurriak bien arteko soka moztea eragin du. Atzo EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek tramitazio prozesuan dagoen Lanaren Legeari erdibideko zuzenketa bat egitea onartu zuten. Hala, legea onartuz gero, Lan Ikuskaritzak derrigorrez ebatzi beharko du egoera egokia den edo ez enplegua erregulatzeko espedienteak baimentzeko. CEOE eta Cepymeren ustez, neurri hori abenduko lan erreforman onartutakoaren aurkakoa da, eta Lan Ministerioarekin zeuzkan harremanak hautsi dituzte, gaur atera duten agiri baten arabera.
CEOE eta Cepyme patronalentzat, lan erreformari «traizio» egiten diote gobernuko alderdiek neurri horrekin: «Espainiako enpresariok uste dugu Lan Ministerioak onartutako erdibideko zuzenketak traizio egiten diola lan erreforman lortutako akordioari, eta ministerioaren jarduteko erak negoziatzeko fede ona haustea ekarri du. Fede horrek akordioak errespetatzera eta defendatzera behartzen ditu bi aldeak, eta ministerioaren jarrerak baliogabetu egiten du hura bitartekari fidagarri gisa». Patronalen arabera, hiru alderdiek adostu duten neurriak Espainiako Konstituzioaren aurka egiten du, baita enpresa askatasunaren aurka ere.
Ikuskaritza, begirale
Espainiako Parlamentuan onartu berri duten zuzenketarekin, Lan Ikuskaritza behartuta egongo da enplegua erregulatzeko espedienteen motiboen inguruko ebazpena egitera, eta, erregulazio espedienteak eskatzen diren bakoitzean, derrigorrez ikusi beharko du horiek onartzeko baldintzak betetzen diren edo ez. EH Bilduk adierazi duenez, neurri horrek indartu egiten du Lan Ikuskaritzak Lanaren Legean duen rola. Koalizio abertzalearen arabera, «kaleratze kolektiboak errazteko», Mariano Rajoyren gobernuak erregulazio espedienteen tramiteetatik kanpo utzi zuen Lan Ikuskaritza 2012an. Langileak babesteko neurri bat dela goratu du EH Bilduk. CGT sindikatuak adierazi du oraindik ez dela lortuko kaleratze kolektiboak gelditzeko 2011n zegoen ahalmena berreskuratzea.
2015eko Langileen Estatutuko 51. artikuluko 2. atala moldatu dute zuzenketarekin. Aldaketaren aurretik ere Lan Ikuskaritzak txosten bat egin behar zuen, baina orain kaleratze kolektiboaren kausen inguruan iritzia eman beharko du: «Ikuskaritzaren txostenak, komunikazioaren muturrak eta kontsulta garaiaren bilakaera begiratzeaz gain, iritzia eman beharko du enpresak hasierako komunikazioan zehaztutako motiboen konkurrentziaren inguruan, eta enpresak aurkeztutako dokumentazioa eskatzen denarekin bat datorren egiaztatu beharko du», dio Langileen Estatutuak moldaketaren ostean.