ELAk, LABek eta Steilasek deituta, bigarren greba eguna dute gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sare publikoan. Joan den azaroaren 30ean deitu zuten lehen lanuztea, eta gaurko antolatua dute bigarren greba eguna Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege aurreproiektuaren aurka. Horren harira, protestetara deitu dute Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Goizean manifestazioa antolatu dute Gasteizen, 11:30erako, Bilbo plazatik abiatuta. Arratsaldean, berriz, hiru hiriburuetan deitu dute manifestatzera: Bilbon, Jaurlaritzak duen egoitzaren aurrean bilduko dira (Kale Nagusia, 85); Donostian, Alderdi Ederren, eta Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. 18:00etarako deitu dute manifestaziora.p>
Hezkuntza publikoan bigarren greba eguna deitu dute gaur @ELAhezkuntza@LABsindikatua eta @STEILAS_ sindikatuek. Gasteizen manifestazioa hasi dute. @berriapic.twitter.com/0VMAmwyE9a
— Edurne Begiristain (@ebegiristain) December 14, 2022
Sindikatuek emandako datuen arabera, hamar langiletik seik egin dute bat grebarekin, %60k, eta haur eskoletan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan sumatu da bereziki.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, berriz, apalagoa izan da parte hartzea: ikastetxeen %96ren informazioa jaso dute, eta irakasleen %32,7k egin dute greba. Azaroaren 30eko greba deialdiak %60ko erantzuna izan zuen, sindikatuek jakinarazi zutenez. Jaurlaritzaren arabera, ordea, irakasleen %35,2k egin zuten greba.
«Hezkuntza publiko, propio eta euskalduna»
ELA, LAB eta Steilas sindikatuak ez daude ados Jaurlaritzako Hezkuntza Saila lantzen ari den lege aurreproiektuarekin, eta «hezkuntza publiko, propio eta euskalduna» aldarrikatuko dute kaleetan. Sare publikoko langile oro dago deituta grebarekin bat egitera: irakasleak, Haurreskolak patzuergoko langileak, hezitzaileak eta sukaldeetako langileak eta garbitzaileak.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak «kezka» agertu zuen atzo bigarren greba deialdiarekin, eta sindikatu deitzaileei «presionatzea» aurpegiratu zien.