Zinema

Zinemaldiaren 70 urteko historia webgune batean bildu dute

Donostiako jaialdiaren artxibo historikoko 4.000 dokumentu baino gehiago kontsultatu daitezke gaurdanik 'Artxiboa' web orrian. Gutunak, argazkiak, kartelak, aldizkariak eta bestelako materiala jarri dute erabiltzaileen eskura, baita 27.000 deskripzio fitxako katalogo bat ere.

'Artxiboa' web orriaren aurkezpena, Madrilgo Arte Ederren Zirkulua. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
itziar ugarte irizar
2022ko abenduaren 13a
18:27
Entzun

Donostiako Zinemaldiaren 70. urtemugarako lau urte falta ziren arren, Zinemaldia 70: historia posible guztiak izena jarri zioten Donostiako Zinemaldiak eta Elias Kerejeta Zinema Eskolak 2018an jaialdiaren historia hedatzeko abiatutako lanei. Zinemaldiaren artxibo historikoa kontserbatu, ikertu eta publiko zabalarentzat eskuragai jartzea zen haren xedea, eta lan horren lehen fase bat itxitzat jo dute orain, webgune berri baten aurkezpenarekin: Artxiboa. Gaur goizean aurkeztu dute, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan, eta bertan izan dira egitasmoa babestu duten erakundeetako ordezkariak ere, tartean, Euskadiko Filmategia, Medialab Tabakalera, Kutxa fundazioa eta Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundea. Larunbatean, berriz, Donostiako Tabakaleran egingo dute jendaurreko aurkezpena, arratsalde osoko jardunaldiarekin.

Denera, 4.000 dokumentu digitaletik gora bildu dituzte atari berrian. Zinemaldiaren eta Kutxatekaren funtsetako 3.000 argazki baino gehiago digitalizatu dituzte, eta Zinemaldiko egunkarien 711 ale —1954tik gaur artekoak gordetzen dira—, ia edizio guztietako 350 kartel inguru, eta bestelako artxibo eta prentsako hemeroteketatik jasotako dokumentuak ere apailatu dituzte. Horrez gain, 27.000 deskripzio fitxa baino gehiagoko katalogo bat ere badakar webguneak, eta irakaskuntzarako zein ikerketarako behar dituztenek eskatu ahalko dute bilduma horretarako sarbidea.

Bost dira webgunean nabigatzeko prestatu dituzten atal nagusiak, eta, proiektuaren izenari keinu bat eginez (Zinemaldia 70: historia posible guztiak), aurkezpen orri ezberdin bat topatuko du erabiltzaileak webgunea bisitatzen duen aldiro. Konbinazio horiek ugaritu egingo dira, gainera, fitxategia digitalizazio berriekin aberastuz joan ahala.

Artxiboari loturiko jardunaldia larunbatean

Webgunean bildutako artxiboa jendaurrean aurkezteko jardunaldi bat ere antolatu dute larunbat honetarako, Donostian. Tabakalerako zinema aretoan izango da, 16:30ean hasita, eta Maialen Beloki (Donostiako Zinemaldia), Carlos Mugiro (Elias Kerejeta Zine Eskola), Arantza Mariskal (Medialab Tabakalera), Joxean Fernandez (Euskadiko Filmategia) eta Ane Abalde (Kutxa fundazioa) ariko dira hizlari. Moderatzaile lanak, berriz, Pablo La Parra Perezek egingo ditu, proiektuaren ikerketa arduradunak.

Ondotik, Lorena Soria, Andrea Sanchez eta Anna Ferrer Homs zaharberritzaile eta kontserbatzaileak lanaren parte teknikoaz ariko dira, 17:15ean; Irati Crespo Zinemaldia 70 proiektuaren koordinatzaileak jaialdiaren artxibora sartzeko gakoak aurkeztuko ditu; La Parrak Un archivo vivo: investigación y pensamiento hitzaldia emango du; eta, jardunaldia ixteko, Clara Rusen ¿Cuáles son nuestros años? film laburra proiektatuko dute, EQZEko ikasleek 2018an artxiboarekin izandako lehen kontaktua dokumentatzen duen lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.