Ez da ezustekorik izan. Europako Parlamentuak onartu egin du Eva Kaili sozialista greziarra ganberako presidenteorde kargutik kentzea. Belgikako Fiskaltzaren aginduz, Poliziak sei lagun atxilotu zituen joan den ostiralean, tartean Kaili, Qatarrekin lotutako ustezko ustelkeria delitu bat egotzita. Fiskaltzaren arabera, Dohak «diru ugari eta opari esanguratsuak» eskaini dizkie ganbarako zenbait kideri, Europako erakundeko erabaki politiko eta ekonomikoetan eragina izateko.
Eurodiputatuen gehiengo zabalak babestu du egitasmoa Estrasburgoko osoko bilkuran; 625 ordezkarik Kaili presidenteorde kargutik kentzearen alde bozkatu dute; batek aurkako botoa eman du, eta bi abstenitu egin dira. Kargutik kendu ondoren, osoko bilkurari dagokio bigarren bozketan erabakitzea nork beteko duen eserlekua. Dena dela, ziurtzat jotzen da sozialdemokraten taldeko eurodiputatu bat izango dela, hamalau presidenteordeak izendatu zirenean negoziatutako oreka errespetatzeko.
Europako Parlamentuaren arauen arabera, hamalau lehendakariordeetako edozein kargutik kentzeko, prozesu bat ezartzen dute abian, bi fasetan, eta erakundearen araudiaren 21. artikuluak jasotzen du prozesu hori.
Gaur-gaurkoz, «ustelkerian aritzea, dirua zuritzea eta erakunde kriminal batean parte hartzea» leporatzen diete Kailiri, Francesco Giorgi europar legegile baten laguntzaile eta Kailiren bikotekideari eta Pier Antonio Panseri Europako Parlamentuko kide ohiari. Belgikako Poliziak gaur baieztatu du milioi bat eta erdi euro baino gehiago aurkitu dituela presidenteorde ohiaren eta Panseriren etxeetan.
Ikusi gehiago: Qatarrek ukatu egin du europarlamentuko ustezko ustelkeria kasuarekin loturarik izatea
Hori dela eta, talde sozialdemokratatik kanporatu zuten atzo Kaili, baita Pasok Greziako alderditik ere. Halaber, Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolak iragan asteburuan kendu zizkion greziarrari presidenteorde karguari lotutako erantzukizunak.
Hala eta guztiz ere, erabaki horrek ez dio Kailiri eragotzi eurodiputatu gisa eserlekuan jarraitzea, immunitate parlamentarioak babesten baitu. Hala ere, salbuespen horrek ez zuen asteburuko atxiloketa eragotzi, babes hori etenda geratzen baita agintariek ustez «delitu nabarmen» bat egiten badute. Atxilotuta dago gaur-gaurkoz, eta bihar da auzitegian agertzekoa, gainontzeko inputatuekin batera.
Presidente ohiak ez du gaiaren inguruko adierazpenik egin gaur arte. Haren abokatu Mijalis Dimitrakopulosek akusazio oro ukatu du, eta esan du Kailik ez duela «zerikusirik Qatarko finantzaketa ekintzekin».
Konfiantza berrestea da asmoa
Zurrunbiloaren erdian, eurodiputatuen «zintzotasuna» azpimarratu dute Europako Parlamentuko liderrek. Haien arabera, «sagar ustel batzuek» egindako ekintzek ez dute zalantzan jartzen «europarlamentuaren lana eta gardentasuna».
Sozialdemokratek, liberalek eta popularrek, guztiek egin dituzte kasuaren inguruko adierazpenak, eta guztiek nabarmendu dute ustezko delituak «indibiduo batzuen ardurapekoak» direla. Europako Sozialdemokraten buru Iratxe Garciak, adibidez, eskatu du «ez orokortzeko», eta gogorarazi du langileen gehiengoak «guztien onerako» egiten duela lan.
Ustezko irregulartasunek, ordea, erreforma eskaerak hauspotu ditu. Nazioarteko Gardentasuna GKE gobernuz kanpoko erakundeak atzo eskatu zuen «lehenbailehen EB Europako Batasuneko erakundeen etika eta integritate sistemen erabateko erreforma» egitea. Are, eskatu zuen Kaili ordezkatuko duen presidenteordea bozketa bidez hautatzeko, europarlamentuko kideek beste herrialdeetako ordezkariekin egiten dituzten bilera guztiak publiko egiteko eta Europako Batzordeak organismo etiko eta independente bat «berehala» sortzeko.
Hain justu, Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek atzo gogorarazi zuen Batzordeak tankera horretako proposamena egin zuela: EBko erakundeek jarduera egokiak egiten dituztela gainbegiratuko duen organo bat sortzea.