Alderdiak

UPNk Navarra Sumaren formula baztertu du, eta bakarrik aurkeztuko da

Gaurko batzorde eragileak berretsi behar du Javier Esparza presidentearen erabakia, baina ez da ezusterik espero, eta UPN bakarrik lehiatuko da datorren urtean zabalduko den hauteskunde zikloan

Javier Esparza UPNren ekitaldi politiko batera, azaroan. JESUS DIGES / FOKU
xabier martin
2022ko abenduaren 12a
16:59
Entzun

Hilabeteak eman ditu UPNko zuzendaritzak alderdiaren geroa baldintzatuko duen hauteskunde estrategiari buruz hausnartzen, betiere erabaki nagusi bat hartzeko: 2023an zabalduko den hauteskundeen zikloan bakarrik ala beste alderdi batzuekin batera aurkeztea. Bada, Javier Esparza presidenteak eta alderdiko zuzendaritzako beste zenbait kidek, besteak beste Enrique Maia Iruñeko alkateak, erabaki dute UPNk alde batera utziko dituela Navarra Sumaren gisako formulak, eta bakarrik aurkeztuko dela hauteskundeetan.

Alderdiko presidentearen eta haren albokoen erabaki horrek exekutibaren oniritzia jaso du jadanik; ez da ezusterik egon, eta Nafarroan eskuin-eskuin muturraren ordezkari nagusi izateko beste inorekin batera aurkeztu gabe lehiatuko da UPN, 2023ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak deitzen dituenean.

Beraz, duela lau urte abiatutako eskuineko hauteskunde aliantzarenak egin du Nafarroan. Navarra Sumaren barruan daude PP, Ciudadanos eta UPN 2019ko martxoaz geroztik, besteak beste «abertzaletasunari harresi» bat jartzeko; baina, orain, Esparzak ez du ikusten modurik horrelako sigla batuketa bati errentagarritasuna ateratzeko. Nafarroan, Voxen hazkundea apaltzea lortu zuen Navarra Sumak, baina, zenbait udal gobernu garrantzitsu lortu arren, esaterako Tuterakoa eta Iruñekoa, emaitza eskasak izan zituen, UPNk beste ziklo batzuetan ateratakoekin alderatuz gero.

PPk gehiago nahi

Edonola ere, iragarpen guztiek diote Ciudadanos desagertu egingo dela, eta muturreko liberalen desagertze horrek UPN-PP ahalezko aliantza bat uzten zuen Nafarroan. Esparzak, ordea, ez du garbi ikusi Alberto Nuñez Feijooren PPrekin batera azaltzea nafarren aurrean. Izan ere, PPk hautagai gehiago jarri nahi zituen zerrenda bakar posible horretan —Navarra Sumaren hogei eserlekuetatik soilik bi dira harenak—. Baina, boterea banatzeko desadostasun handiak aurreikusteaz gain, beste aldagai bat hartu du aintzat Esparzak UPN bakarrik aurkeztuko dela erabakitzeko: emaitzen kalkulua. Bakoitza bere aldetik aurkeztuta UPNren eta PPren batura errentagarriagoa izango dela uste du.

Edonola ere, Nafarroako presidente izateko azken aukera izango du Esparzak maiatzeko hauteskundeetan. 2015ean eta 2019an alderdiaren presidentegaia izan zen, eta huts egin zuen. 2023an, bakarrik aurkeztuta, UPNk aukera gehiago izango dituela deliberatu du, baina begien bistakoa da arriskuak badituela erabaki horrek, Voxekin eta PPrekin lehiatu beharko baita.

Ezin da ahaztu, izan ere, Sanchez Moncloatik ateratzeko ekinaldi sendoan ari dela PP, eta litekeena dela alderdi horrek ohi baino emaitza hobeak lortzea Nafarroan, maiatzeko foru hauteskundeak Espainiako Gorteei begira egingo dituelako. Gainera, bada beste aldagai kezkagarri bat UPNrentzat: Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero transfugak. Espainiako Kongresuan, lan erreformaren bozketan, UPNk erabakitakoaren aurka bozkatu zuten biek, askoren aburuz PPrekin hitzartutako maniobra batean. Orain, ezin da baztertu PPren Nafarroako zerrendan Sayas eta Garcia Adanero azalduko direla.

Batera edo bestera, Esparzak badaki UPN-PP baturak gehiengo absolutua lortuko balu Nafarroan eskura lukeela erkidegoko presidente izatea, eta batura horrek alderdi bakoitza bere aldetik aurkeztuta emaitza hobea izango duelako kalkulua gailendu da. Izan ere, UPNk PPk baino emaitza hobeak izango ote dituen galderaren erantzuna argia dela uste dute alderdi foruzalean: eskuinaren nagusitasuna UPNrena izango dela sinetsita daude.

Eta Navarra Suma alboratzeak badu azken abantaila bat; eta garrantzitsua izan daiteke, gainera. Esparzak ez du zertan baztertu PSNkin aliantza bat egitea. Yolanda Barcinaren gobernuak PSNren babesa izan zuela ez du ahaztu UPNren zuzendaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.