Ustelkeria

Qatarrek ukatu egin du europarlamentuko ustezko ustelkeria kasuarekin loturarik izatea

Belgikako Poliziak lau lagun inputatu ditu, ustelkeria egotzita, Eva Kaili europarlamentuko presidenteordeetako bat barne. Qatarko herritarrei Schengen eremuan bisarik gabe bidaiatzen uzteko neurria berriz aztertuko dute batzordean, parlamentuko presidentearen aginduz.

Europako Parlamentuaren eraikina, Estrasburgon (Frantzia). JULIEN WARNAND / EFE
maddi iztueta olano
2022ko abenduaren 12a
14:32
Entzun

Une garratzean dago europarlamentua. Belgikako Fiskaltzak sei lagun atxilotu zituen joan den ostiralean, Qatarrekin lotutako ustezko ustelkeria delitu bat egotzita. Horietatik lau inputatu zituen atzo, eta aske utzi zituen beste biak. Fiskaltzaren arabera, Qatarrek «diru ugari eta opari esanguratsuak» eskaini dizkie ganbarako zenbait kideri, haien erabakietan eragina izateko. Qatarko Atzerri Ministerioak akusazioa ukatu zuen atzo argitaratutako ohar batean. Are, esan zuen «oinarririk gabekoa» dela kasuaren eta emirerriaren arteko lotura.

Belgikako Poliziak hamasei etxe miatu zituen iragan ostiralean, Bruselan. Sarekadan 600.000 euroz betetako poltsa bat eta zenbait ordenagailu eta sakelako konfiskatu zituen. Gaur-gaurkoz, «ustelkerian aritzea, dirua zuritzea eta erakunde kriminal batean parte hartzea» leporatzen diete inputatuei. Zurrunbiloaren erdian dago Eva Kaili europarlamentuko presidenteordea, eta harekin batera inputatu dituzte Francesco Giorgi europar legegile baten laguntzaile eta Kailiren bikotekidea, Luca Visentini Nazioarteko Sindikatuen Konfederazioko burua eta Pier Antonio Panseri europarlamentuko kide ohia.

Kasua argitara atera eta gutxira, parlamentuan zituen eskumenak eta Greziako Pasok alderdi sozialistako bazkidetza kendu zizkioten presidenteordeari. Pasok alderdiko lider Nikos Andrulakisek adierazi zuen ez duela onartuko «gardentasun falta txikiena ere». Hala ere, prozesu judizialarekin aurrera jarraitu ahal izateko, Kailiri eurodiputatu izateagatik duen immunitatea kentzeko eskatu behar dio Belgikako Poliziak parlamentuari.

Presidenteordeak Qatarren aldeko zenbait mezu zabaldu ditu azken hilabeteotan. Besteak beste, parlamentuan emandako hitzaldi batean aipatu zuen «mundu arabiarra eraldatzen ari delako froga» dela Munduko Kopa, baita Qatar «lan eskubideen auzian liderra» dela ere.

Erabaki handiak urteko azken saioan

Gaurkoa izango da europarlamentuaren urteko azken saioa, Estrasburgon (Frantzia). Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak gertatutakoaren inguruan hitz egin du, zenbait parlamentarik auziaren inguruko «berariazko eztabaida bat» egitea eskatu ostean. Ganberako buruak jakinarazi du Qatarko herritarrei Schengen eremuan bisarik gabe bidaiatzen uzteko neurria berriz aztertuko duela parlamentuak, Askatasun Zibil, Justizia eta Barne Batzordean. Gaineratu duenez, Kaili presidenteorde kargutik botatzeko prozesua hasiko dute astearte goizean, talde parlamentario guztietako buruak bilduta.

Hain justu, datorren astean zen bozkatzekoa bisaren inguruko neurria. Gertakariaren ostean, ordea, bozketa bertan behera uzteko eskatu dute zenbaitek, hala nola sozialdemokratek eta Berdeek. Neurri sorta berean eztabaidatzekoak ziren Ekuadorko, Kuwaiteko eta Omango herritarren bisa eskumenak, baina auzia itxi arte itxaron beharko dute.

Europaren sinesgarritasuna, jokoan

Nazioarteko zenbait atzerri ministro bildu dira gaur Bruselan, Atzerri Ministroen Kontseiluan. Kasuak gogor astindu du europarlamentua, eta ministro askok izan dute auzia hizketagai. Atzerri Gaietarako Europako Batasuneko goi ordezkari Josep Borrellek akusazio «oso larria eta kezkagarria» dela esan du gaur: «Albisteak asko kezkatu gaitu, baina frogen arabera jokatu behar dugu».

Are, Alemaniako Atzerri Ministro Annalena Baerbockeren arabera, kasuak zalantzan jar dezake «Europa osoaren sinesgarritasuna, batez ere Europako Batasunarena».

Dena den, izan dira Batasunaren aldeko iritziak ere. Italiako Atzerri Ministro Antonio Tajanik eskatu du ez nahasteko parlamentua «inputatuen ardura pertsonalarekin», eta berretsi du erakundea ez dela «ustela». Hala ere, iritzi dio ezinbestekoa dela ikerketari «gertutik erreparatzea eta beharrezko neurri guztiak hartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.