Euskal kulturaren gerra osteko susperralditik orain arte luzatu da Txomin Peillen idazle, euskaltzain oso eta kultur eragilearen bizialdia (Paris, 1932 - Kanbo, Lapurdi, 2022). Idatzi du etnografiaz, idatzi du hizkuntzalaritzaz, Igela aldizkaria sortu zuen Jon Mirande idazlearekin batera Parisen, baditu hamahiru ipuin liburu, kaleratu ditu 11 eleberri eta bost saiakera lan, eta kontatu ditu Aljeriako gerran bere begiz ikusitakoak ere, fikzio lan horietako batzuetan. 90 urterekin hil da, eta harekin batera itzali da Euskal Herriko historia alderik alde zeharkatu duten luma eta buruetako bat. Kulturgintza elizaren eragin pean zen sasoi batean, ezinbestean, heterodoxoa izan zen haren jarduna lehen urteetan, eta sei hamarkadaz eutsi dio euskal erroak ikertu, eta, aldi berean, euskal kultura nazioarteko kultur joerekin sinkronizatzeko lanari.
Aljerian ikusitakoez aritu zitzaion BERRIAri 2015ean. Erizain izan zen han, eta sarjentu bat ikustera bidali zutenekoa aipatu zuen solasaldi hartan. Hara iritsi, gelako atea jo, sartu eta hor ikusi zuen: «Bazen gizon bat biluzik, lotua. Bazituen elektrodo batzuk barrabiletan, beste bat ahoan. Eta elektrika sorgailu batekin elektrizitatea egiten. Eta gizona lehertzen ari. Animalia bat hiltzen ari delarik bezala ikusi dut hori».
Zaldi beltzakizeneko genero beltzeko ipuinen bilduma sortu zuen 2018an, eta bere ipurterretasun intelektual eta kulturalaren froga dira orduan esandakoak. «Euskaltzain zaharrena naiz honezkero, baina jo eta ke segitzen dut idazten». Eta Joseba Sarrionandiak lan hartarako idatzitako hitzaurreak ere balio dezake haren jardunaren nondik norakoa definitzeko: «Txominen obra guztietan gertatzen da —literaturan, etnografian, filologian edo politikan— bere ikerketak ez direla erosoak izaten, bere konklusioak ez direla zertan gustukoak izan. Errealista, kritikoa eta irekia izanda, jakina, ezkorra. Eta ezkorra denez, gauzak aldatzen ahalegintzen da».
Ikusi gehiago:«Ezin izan nuen Jon Mirande salbatu, burua gal ez zezan»
2020. urtean, Minotauro eleberria argitaratu zuen, Alberdania argitaletxearen eskutik. Horretan, Jon Miranderen Haur besoetakoa eta Vladimir Nabokoven Lolita liburuei «erantzuna» eman nahi izan ziela azaldu zion BERRIAri. Izan ere, intzestua eta pedofilia gai nagusitzat hartuz, bortxatu duten neska batek bizi izan dezakeenaz eta izan dezakeen bilakaeraz idatzi zuen. Hau da, Mirandek eta Nabokovek gizonezko pedofiloaren ikuspegitik idatzitakoari buelta eman, eta neska-emakumezkoari eman zion ahotsa. «Zer kontatzen dute haiek? ‘A, zer atsegina den pedofiloa izatea!’. Nik erran nahi dut pedofiliak pertsona bat desegin dezakeela, osoki. Nola eraikitzen ahal da pertsona bat intzestua eta bortxaketa bizi izan ondotik? Hori aipatu nahi nuen».
Idazle nekaezina izan da azkeneraino. 2021ean eman zuen argitara Bi neska miseria aztertzen eleberria, eta aurtengo udaberrian kaleratu zuen Mendekatzeak ipuin bilduma, biak ere Dakit argitaletxearekin. Harekin izandako hartu emana izan du gogoan Sabin Oregi editoreak, heriotzaren albistea zabaldu berritan. Eta hasierako sasoietan bezala, azken urteetan ere «heterodoxoa» zela aipatu du. «Haren lanetan emakumeek izan duten lekua eta indarra nabarmenduko nituzke». Eta, hain zuzen ere, horren adibide da, haren ustez, liburuak beti bi abizenekin sinatzeko zuen joera. Peillen abizenarekin batera, beti eraman baitute haren liburuek bigarren abizena ere: Karrikaburu.
Miranderekin edukitako harremana markatu zuen Peillen, hein batean. Igela aldizkaria argitaratu zuen Federiko Krutwig Sagredo, Juan San Martin eta Miranderekin batera, baina azken horren egoerak zapuztu zuen azkenean egitasmoa. «Eri bat daukazunean aitzinean, ari zara borrokatzen pareta batekin. Adiskidea bipolarra denean zure aitzinean, zaila da. Hor ere bazuen eredu bat buruan sartua, matxista eredu bat... Nazia baina agian ez osoki matxista, indarkeriaren aldekoa zen. Eta ni horretatik urrun».
Bere helburuetako bat «giristino literaturetatik ateratzea» izan zela adierazi zion BERRIAri 2018an. Hau da Euskal Herri osoko literaturan orduan zegoen kostunbrismo manikeotik urrundu nahi izan zuela literatura.
Haren nobelen artean, Gauaz ibiltzen dana (1967, Itxaropena), Altxorra eta altximia (1982, Hordago) eta Nina Waita: arupu baten itzalean (2015, Utrisque Vasconiae) daude. Hamar bat argitaratu zituen denera.
Saiakeren artean, berriz, Euskaldunen ingurugiroan (espazioa eta denbora) (2001, Dakit argitaldaria), eta Baloreak Euskal Herrian eta beste gizarteetan (2005, Utriusque Vasconiae). Eta etnologia gaiak ere landu zituen, besteak beste Zuberoaren inguruan: Animismua Zuberoan (1985, Haranburu)
Autobiografia ere idatzita utzi zuen: Paristar euskaldun bat (ni... neu) (1987, Elkar).
Erreakzio ugari
Peillenen heriotzak erreakzio ugari eragin ditu, eta gaur Durangoko Azokan izan diren hainbat idazle eta eragilek haren balioa ekarri dute gogora.
Luzien Etxezarreta
Maiatz argitaletxeko burua
«Bidegile bat izan da. Pentsatzen da Jon Miranderekin zuen adiskidetasunari buruz, eta bere nortasuna ezkutatua zen beharbada itzal horrekin, baina maila handikoak dira Parisen irakasle zelarik, eta, gero, honat bueltatuta egin dituen lan etnografikoak ere, Zuberoako bortuetaz eta hizkuntzari buruz. Eta beti izan da literaturan, munduko beste kulturei irekia. Bere azken denboretan hori ere azpimarratzen zuen. Euskaltzale atipiko bezala ikusia izan da, laikoa izan zelako, eta beti agertu delako elizaren aurka testuekin. Beti damutzen zen bere literatur ahalak ez zirela aski kontsideratuak. Azken denboretan Baionan bizi zen, baina bere zuberotar nortasun hori zinez azpimarratzen zuen. Ikuspegi biziki kritikoa eta probokatzailea zuen literaturan. Orain omenaldi asko eginen zaizkio, baina baztertua zen gizon bat zen, hala ere.
Amaia Elizalde
Literatura irakaslea EHUn
«Jon Miranderekiko zuen laguntasunaz ez ezik, nik nabarmenduko nuke harekin batera izan zuen heterodoxia. 50eko hamarkadatik hasita, denbora pasatuta ere, askotan jarraitu zuen heterodoxia horren pertinentzia azpimarratzen; segitzen zuelako defendatzen garai hartan kristau kulturatik urruntzeko egindako hautu literario eta kultural hori. Askotariko ideia estetiko eta filosofikoak ere sartu zituen euskaran eta euskal kulturan. Hasi zenean, gutxiengo baten parte izan zen, baina abangoardiaren parte izan zen, periferiatik. Ez ziren batere ulertuak izan beren garaian. Etorkizuneko bidea beti egon ohi da tarteko puntaren batean; Peillen eta Mirande muturrean egon ziren, eta, sentsazioa daukat, gerora, arrakasta lortu zutenak eta kanona ezarri zutenak erdibiderago egon zirela. Lan garrantzitsua egin zuen Peillenek, eta dotorezia handiz eta apal, gainera.
Joseba Sarrionandia
Idazlea
«Euskal kulturaren etenaldi luzean, izan ziren pertsona batzuk herri kultura zahar ia galduaren eta balizko euskal herri moderno baten alde itzelezko lana egin zutenak 50, 60 eta 70etako hamarkadetan. Transmisio hori korrontearen kontra modu bakarti eta berezian egin zuen horietakoa izan zen Txomin Peillen. Itzelezko lana egin zuen alor diferente askotan. Haren obra oso sakabanatuta dago, ez dut uste merezi bezain beste irakurri denik, baina uste dut ezagutuko dugula egunen batean ondo editatuta. Txomin pertsona oso irekia zen, jakin-min agorrezina zuen gauza guztiez. Harekin elkarrizketan asko ikasten zen zientziaren alor guztiez, eta batez ere bizitzaz. Nik neuk asko zor diot bere euskalduntasun heterotopikoari»
Nora Arbelbide
Idazlea eta kazetaria
«Iparraldeko idazleak elizarekin lotzen ditugu anitzetan, eta bera zen bere sasoiko literaturgileen artean elizgizona ez zen bakarra, elizarekin aski kritikoa, gainera. Aljeriako gerraz idatzi zuenak markatu ninduen, zeren eta torturak ezagutu zituen, eta hor ere, beste obretan bezala, taburik gabe mintzatzen da. Inportantea da Aljeriako gerra aipatzea, luzez, Euskal Herriarentzat trauma handia izan delako, baina ez dugu baitezpada aski ezagutzen, nahiz eta hortaz idatzi duten euskaraz, Peillenek bezala, beste hainbatek. Zuberoako ipuin zaharrak biltzen ere ibili zen, eta lan horietan ere Euskal Herriaren alde beltz hori beti bildu izan du. Xuberoko animismoa liburuan badira horrelako altxor batzuk. Hori dena bildu du, eta eskertzekoa da lan hori egin izana, zeren eta berak bildu du euskaraz osotasunean bizi zen Euskal Herri bat, oraindik globalizatu gabea, pentsamendua ere euskaraz zuena; eta bildu zuen garaiz zenean, berandu izan baino lehen.