Energia

Energia krisi globala ziztu bizian ari da indartzen berriztagarrien hazkundea

Energia segurtasunaren inguruko kezkak areagotu egin ditu inbertsioak. IEAren arabera, eguzki energia fotovoltaikoak 2027an gaindituko du ikatza

Eguzki plakak eta haize errotak Dongtain, Txinako Jiangsu probintzian. ALEX PLAVEVSKI/ EFE
Irune Lasa.
2022ko abenduaren 6a
17:43
Entzun

Zenbat aldatu diren gauzak urte bakarrean. Ukrainako gerrak, besteak beste, hankaz gora jarri du energiaren mundua, eta energia segurtasunaren inguruko kezkak «ziztu bizian indartu» du energia trantsizioa, IEA Nazioarteko Energia Agentziaren ustez. Hortik, adibidez, energia berriztagarrientzat iaz egindako hazkunde iragarpenak %30 handitu behar izan ditu orain IEAk.

«Itzelezko booma ikusten ari gara berriztagarrietan, mundua osoan», azaldu du gaur Fatih Birol IEAko presidenteak. «Azken hogei urteetan hazitakoa adina handituko da berriztagarrien potentzia instalatua munduan hurrengo bost urteetan. Itzelezko hazkundea».

Berriztagarrien zabalkunderako arrazoi nagusia orain arte klima larrialdia izan bada ere, orain beste bi elementu berri agertu dira, hazkundea «ziztuan indartzen» ari direnak. Bat energia segurtasuna da: «Herrialde asko ari dira berriztagarriak aukera gisa ikusten energia segurtasunerako; hori agerikoa da Europan».

Hazkunderako beste pizgarri berria energiaren prezioak dira, Birolen aburuz. «Badakigu azken urteetan berriztagarrien kostuak jaitsi egin direla, baina orain horri gehitu behar zaizkio energia fosilen prezio handi eta aldakorrak. Gas eta ikatz garestiak prezioetan lehiakorrago egin ditu berriztagarriak».

Berriztagarriak nagusi 2025erako

Errekor bat bestearen atzetik ari dira hausten berriztagarriak, eta IEAko presidenteak gutxi batzuk azpimarratu ditu, hala nola oso urte gutxian, 2025. urtean, argindarra sortzeko modu nagusia izango direla.

Soilik plaka fotovoltaikoen potentzia instalatuak gaindituko du gas naturala 2026. urtean, eta ikatza bera 2027an. Energia eolikoaren hazkundea ere esanguratsua izango da, eta potentzia instalatua bikoiztu egingo da datozen bost urteetan.

Txinan gertatuko da berriztagarrien hazkunde handi horren zatirik handiena —erdia inguru—, aurten onartutako bost urteko plana betetzen bada. India, Europa eta AEBak izango dira berriztagarrien hedapenerako beste zona handiak.

Eguzki energiari buruzko beste datu interesgarri bat ere eman du Birolek. «Gaur egun Txinan egiten dira panel fotovoltaikoen %90. Gure aurreikuspenen arabera, Indiak eta AEBek orain gutxi abiatutako politiken ondorioz, 2027. urtean ekoizpenaren %75 hartuko du Txinak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.