Hezkuntza

Hezkuntza akordioak «jauzi bat» ekartzea nahi du EH Bilduk

Lege berriak haren ustez ekarri beharko lituzkeen 11 urratsak zerrendatu ditu Bilbon egindako mintegi batean.

Pello Otxandiano, Blbon egindako hitzaldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko abenduaren 6a
15:21
Entzun

EH Bilduk uste du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erdietsitako hezkuntza akordioak «jauzi bat» ekarri behar duela euskalduntzean, laikotasunean eta inklusioan, eta akordioan agertzen den Euskal Hezkuntza Zerbitzua «oinarrizko kanpaleku gisa» jotzen du euskal hezkuntza sistema publiko eta burujabea lortzeko bidean. Hala adierazi du Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariak, koalizioak Bilbon egin duen hezkuntza konferentzian.

Euskalduna jauregian egindako bilkuran, koalizioak aztertu ditu Kataluniako hezkuntza sistemaren berezitasunak eta hortik atera daitezkeen irakaspenak, Kataluniatik etorritako zenbait adituren laguntzarekin, eta aukera baliatu du EH Bilduren ustez hezkuntza lege berria diseinatzeko prozesuan zehaztu beharko liratekeen 11 lorpenak. «Hurrengo hilabeteetako erronka lege on bat onartzea izango da», esan du Otxandianok; «asko dago jokoan eta ezker subiranistak bere onena emango du».

Euskal Hezkuntza Zerbitzuari dagokionez, EH Bilduk uste du horrek kontzertazio unibertsala amaitu eta «doakotasun erreala» bermatu beharko lukeela. «Euskara ardatz duen eredu orokortura» jauzia ekarri beharko luke, eta «sexu-generoaren araberako bazterkeria» bukatu eta laikotasuna ziurtatu.

Lege berriak «eskola publikoa indartzea» ekarri beharko luke EH Bilduren iritziz, eta, horretarako, lau helburu finkatu ditu: klasearen eta jatorriaren araberako segregazioari aurre egiteko estrategiak ezartzea, Haurreskolak partzuergoa «doako eta kalitatezko eskaintza unibertsala egingo duen zerbitzu publiko» bilakatzea, eskola publikoaren azpiegiturak indartzea eta eskola mapa antolatzerakoan «eskola publikoaren perimetroa» zabaltzea.

Azkenik, sistemaren eraldatzeari dagokionez, eraldaketa pedagogikoa bultzatzea, ikastetxeen autonomia sustatzea eta herri eta auzoetan ikastetxeen arteko elkarlana artikulatzea bilatzen du EH Bilduk.

Aitortza eragileei

Otxandianok aitortza egin die Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aritzen diren eragileei. Eskola publikoaren komunitateari eskerrak eman dizkio «administrazioaren inbertsio ezaren ondoriozko baldintza kaskarretan» herrigintzan egindako lanagatik, euskara zabaltzeko ahaleginagatik eta segregazioa eztabaida publikoaren erdigunean jartzeagatik. Ikastolei aitortu die «kultur transmisioan eta euskararen irakaskuntzan» egindako lana eta «bere hezkuntza jardueran nazio ikuspegia» bermatu izana.

Nuria Mora Kataluniako Generalitateko Hezkuntza Saileko idazkaria, Lleidako Udaleko alkatetzako aholkulari Juanjo Falco eta Francesc Colome Generalitateko Hezkuntza Saileko idazkari izandakoa mintegian egon dira, eta Kataluniako hezkuntza arloko errealitatearen nondik norakoak azaldu dituzte, EH Bilduko Bakartxo Ruizek eta Ikoitz Arresek gidatuta. Kataluniako Hezkuntza Legea nola eta zergatik sortu zen azaldu dute, eta han erdietsitako Hezkuntzaren Nazio Ituna giltzarritzat jo dute prozesu horretan.

Katalunian segregazioari buru egiteko erabilitako estrategiak ere hizpide izan dituzte: «Segregazioa bultzatzen duen sistema, bidegabea izateaz gain, ez da efikaza, gizarte osoari kalte egiten diolako», esan du Falcok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.