Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak El País egunkariak egindako elkarrizketan aitortu zuen gerra zikina antolatu zuela. Orain, berriz, Juan Alberto Belloch Espainiako Justizia eta Barne ministro ohia mintzatu da GAL hizpide hartuta, El Español hedabideak egindako elkarrizketan. Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneral izendatzeko erabakia bultzatu zuen Bellochek, hark egindako torturen jakitun izan arren. Argudiatu du «onena» zela «terrorismoaren kontrako borrokan». Are gehiago, adierazi du «metodo» horiek —hau da, torturak— zirela Galindok gaizki egiten zuen «gauza bakarra».
«Nire ideia izan zen mailaz igotzea», adierazi du Bellochek, 1994tik 1996ra ministro izandakoak. Hala argudiatu du erabaki hura: «Bi alde zeuden: judiziala eta antiterrorista. Judiziala: Galindok delitu bat egin bazuen, ikertua izan behar zien, beste edozein herritarrek bezala. Eta izan zen. Baina, borrokalari antiterrorista moduan, onena zen». Bere burua tortura kasuetatik aldentzeko, berriz, Bellochek azaldu du berak esan ziola Galindori ezin zuela «tratu txarrak» ematen jarraitu.
Bellochek zalantzan jarri du Galindok Lasa eta Zabalaren hilketetan parte hartu izana. Adierazi du ez zituela sinistu El Mundo-k Intxaurrondoko torturen eta Lasa eta Zabalaren hilketen inguruan argitaratutakoak: «Epaileek esan zuten arte, ez nuen pentsatu Galindok hil zituenik Lasa eta Zabala. Ez nuen inoiz imajinatu. Izatez, oraindik ere nire zalantzak ditut». Argudiatu du zail egiten zaiola sinestea Galindok egin izana zerbait «hain bortitza eta txoroa»: «Bera izan balitz, normalena litzateke ezer ez jakitea inoiz».
Justizia eta Barne ministro ohiak adierazi du Espainiako Barne Ministerioak hilean 500.000 pezeta ematen zizkiela Espainiako Poliziaren Bilboko komisariorde Jose Amedoren eta Bilboko Informazio Brigadako polizia Michel Dominguezen emazteei, haien isiltasuna erosteko. Halere, esan du berak eten egin zuela dirusari hori. «Rafael Vera [Espainiako Gobernuko Segurtasun zuzendaria] eragiten saiatu zen, Amedoren eta Dominguezen emazteentzako dirua ezinbestekoa zelakoan. Nire ministerioko goi kargudunekin hitz egin zuen, haiek konbentzitzeko dirusaria berrezarri zezaten».
Halere, Bellochek GALen ekintzetatik aldendu nahi izan du Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohia: «Zintzoki, uste dut Felipek ez zuela zerikusirik izan». Ardura Barne Ministerioko goi kargudunen gain utzi du: «Esan dezakedan gauza bakarra da GAL Barne Ministerioko goi zuzendaritzan eratu zirela, agintzen zutenen artetik. Ez zen pertsona bakarra izan».
Foro Sozial Iraunkorrak «onartezintzat» jo ditu Bellochen hitzak, horiek «kontakizun autojustifikatzaile» batean pean kokatuta: «Jose Barrionuevoren kasuan bezala, beharrezkoa da estatuaren biktimei babes politiko eta instituzionala adieraztea. Birbiktimizatuak ez izateko eskubide bera dute».