Joan den azaroaren 20an, Eba Blanco hautatu zuen EAko idazkari nagusi gisa ezohiko XIV. Biltzar Nazionalak. Aurretik ere horixe bera egin zuen alderdiaren biltzarrak aurtengo otsailean, baina alderdi barruko sektore kritikoak, Maiorga Ramirez buru dela, auzitara eraman zuen Blanco izendatzeko prozesua, primarioak bermerik gabe egin zirela salatuta. Gasteizko probintzia auzitegiak aintzat hartu zuen kritikoen salaketa, eta primarioak berriz egiteko agindu zuen, Eba Blancoren izendapena ezbaian jarrita.
Bada, orain, Eusko Alkartasunak Espainiako Auzitegi Gorenean jarri dituen bi helegite tramiterako onartu dituzte. Helegite horiek Gasteizko lehen epaiaren aurkakoak dira, primarioak berriz egin behar zirela agindu zuen horren aurka, eta, beraz, Auzitegi Gorenak aztertu egingo du kritikoen aldeko ebazpen hori balekoa den ala ez.
Edonola ere, EAk beste biltzar nazionala egin berri du azaroan, eta, horretan ere, Eba Blanco izendatu dute idazkari nagusi, biltzarkideen botoen %92rekin. Dena den, kritikoek berriro ezbaian jarri dute batzar horren zilegitasuna. Hala, EAren azken Biltzar Nazionalak ez du itxi alderdiaren barruko gatazka, eta kritikoek esan dute berriro auzitara joko dutela.
Zuzendaritzak «oso positibotzat» jo du Gorenaren erabakia; «helegite gehienak baztertu egiten ditu aztertzen hasi gabe», azaldu du alderdiak ohar baten bidez. EAk berriro esplikatu du «barne araudiaren arabera» egin zirela primarioak urte hasieran, otsaileko Biltzar Nazionalaren atarian: «Lurralde bakoitzeko berme kopuru jakin bat aurkeztu behar zuten hautagaiek, eta Maiorga Ramirezek ez zuen aurkeztu».
Eusko Alkartasunak bizi duen auzia gero eta katramilatuagoa dago, eta auzitara etengabe jotzeak erakusten du ez dela barne gatazkaren lokarria berehala askatuko. Alderdi horrek EH Bildu koalizioan jokatzen duen rolarekin lotzen dute arazaoa kritikoek; zuzendaritzak, berriz, «botere kontu bat» dela dio; alegia, gutxiengoan egotea zer den onartzen ez jakitea.
Eba Blanco idazkari nagusiak gogor salatu du «beste aldean alderdia txikitzen ari den sektore bat» dagoela. «Anbizio pertsonalarengatik» ari da sektore kritikoa bere ekinean, Blancoren arabera: «Euskal Herrian denek dakiten moduan, honek ez du zerikusirik ideologiarekin edo politikarekin».
EH Bildun duen rola
EAren ibilbideari erreparatu behar zaio barne gatazkaren testuingurua ulertzeko. EAJren banaketa batetik sortu zen Eusko Alkartasuna, Garaikoetxea lehendakari ohia buru zuela, 1986an. Ibilbide luze baten ostean eta beste banaketa baten (Hamaikabat, 2009) zamaren ostean, Euskal Herria Bildu koalizioko kide bilakatu zen 2012an; aurretik Bildun egon zen.
Ramirez EAko Nafarroako buru ohiak eta egun lau urterako afializioa galdu duen politikariak uste du «koalizioa zenak alderdi bakarraren egiturak» garatu dituela, eta ez du aitortzen EAko zuzendaritzaren zilegitasuna, alderdiaren barruan «demokrazia falta» dagoelako, haren ustez. Baina gatazkaren jantzi politiko hori ukatzen du egungo idazkari nagusi Blancok. «Hau ez da auzi politiko bat EH Bildun dugun enkajearen inguruan, botere kontu bat baizik», esan zuen modu argian azaroko biltzarrean.
Bi aldeen arteko arrakala are gehiago handitu du azken urteetan epaitegiek izan duten esku hartzeak, batik bat sektore kritikoaren ekimenez. Azaroko Biltzar Nazionala ez egiteko eskaera ere egin zioten epaileari, baina kautela neurririk ez zuen aintzat hartu hark, eta Eba Blanco berretsi zuten idazkari nagusi gisa, otsaileko biltzarra epaileen aginduz berriz egin ondoren.
Orain, berriz, gerta daiteke Espainiako Auzitegi Gorenak ebaztea otsaileko biltzarra berriz egiteko agindua ez zela legezkoa izan, eta egoera gero eta nahasgarriagoa bihurtzea. Oraingoz, EAren zuzendaritzak jarritako helegiteak aztertu egingo dituela da jakin berri dena.