Irakaskuntza

Lanbide Heziketan irakasle euskaldunak nahi ditu LABek

Helegitea aurkeztu du EAEko Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kontsolidaziorako meritu lehiaketan

LABek Bilbon egindako agerraldia. BERRIA
gotzon hermosilla
2022ko abenduaren 5a
12:03
Entzun

LAB sindikatuak helegite partziala aurkeztu du EAEko Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kontsolidaziorako meritu lehiaketan, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak lanpostuen erdiak bigarren hizkuntza eskakizunik gabe atera baititu. Sindikatuak uste du lehiaketa honetan Hezkuntza Sailak euskara eta irakasle euskaldunak baztertu egin dituela.

LABek gogorarazi du Eusko Legebiltzarrean onartutako Hezkuntza Akordioan euskara «hezkuntza sistemaren ardatz» hartzen dela: «Hala ere, Jokin Bildarratzek zuzentzen duen sailak euskara baztertu egin du». Sindikatuak salatu du Lanbide Heziketako eskaintza publikoan ez direla betetzen legeak jasotzen dituen euskara bermatzeko artikuluak, eta Jaurlaritzak argitaratutako Lanbide Heziketako planetan ez dela jasotzen euskara indartzeko estrategiarik: «A ereduko eskaintza da nagusi hein handi batean».

Gainera, sindikatuak uste du irakasle euskaldunak «baztertu» egiten dituela Hezkuntza Sailak. Irakasle horiek eskolak euskaraz eta erdaraz eman ditzakete, baina aurten gauzatuko den lekualdatze lehiaketan lanpostu horiek oraingoz ez zaizkie eskaini, «ezkutuan utzi eta irakasle ez-euskaldunei soilik gordetzeko».

LABek eskatu du plaza guztiak bigarren hizkuntza eskakizunarekin atera daitezela: «Lanbide Heziketa euskalduntzeko bidean, ezinbestekoa da langile taldea euskalduntzea, horixe baita euskarazko ikasketen eskaintza handitzea ahalbidetzeko modu bakarra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.