SUDAN

Sudango krisi politikoa gainditzeko akordioa sinatu dute junta militarrak eta oposizioak

Hitzarmenaren helburuak dira «gobernu zibila» osatzea eta bi urteko epean bozak egitea. Parlamentuko eserlekuen %40 emakumeek beteko dituzte. Estatuko hainbat eragilek itunaren aurkako protestara deitu dute.

Hainbat sudandar, herrialdeko armadaren aurkako protestan, ekainaren 3an, Khartum hiriburuan. ELA YOKES / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko abenduaren 5a
11:40
Entzun

Sudango oposizioko aliantza nagusiak, FCC Askatasunaren eta Aldaketaren Indarrek, eta herrialdea gobernatzen duen junta militarrak akordio bat sinatu dute astelehenean, 2021eko urriko estatu kolpearen ondoren Sudanen piztutako krisiari amaiera emateko eta trantsizioa egiteko. Hala jakinarazi du SUNA Sudango berri agentziak. Presidentearen jauregian egin dute ekitaldia, Khartum hiriburuan, eta zeremonia horretan izan dira, besteak beste, erakunde politikoak eta alderdietako eta sindikatuetako ordezkariak, NBE Nazio Batuen Erakundeko eta Afrikako Batasuneko ordezkariak bertan zirela. Estatuko hainbat eragilek, ordea, protestara deitu dute ituna gaitzesteko, ez baitute uste «oso inklusiboa» denik.

Dokumentuak 27 artikulu jasotzen ditu, eta akordioaren helburua da, besteak beste, «gobernu zibila» osatzea eta konstituzioa egitea, bai eta datozen bi urteetan herrialdea gobernatuko duten erakunde legegileak, betearazleak eta judizialak eratzea eta hautatzea ere, «trantsizio aldia» amaituko duten hauteskunde orokorrak egin aurretik.

Akordio horren punturik nabarmenetako bat da armada gai politikoetatik «erabat desagerraraztea», baita Omar al-Baxir diktadore ohiaren erregimenaren jarraitzaileak ere; boteretik kendu zuten 2019an, eta horrek trantsizio prozesu labur bati bide eman zion, harik eta 2021eko urrian, militar talde bat gobernuaren aurka matxinatu zen arte. Indar amatuek, bestalde, segurtasun eta defentsa kontseiluan ordezkaritza izango dute, lehen ministroa buru dela.

Horrez gain, «biktimentzako justizia lortzeko» mekanismo bat indarrean sartzea ere jasotzen du akordioak, iraultzan eta estatu kolpe militarraren aurkako protestetan Sudango indarrek hil zituzten ehunka manifestariei erreferentzia eginez. Dokumentuaren arabera, parlamentu bat sortzea ere erabaki dute, eta ganberako eserlekuen %40 emakumeek beteko dituzte. Halaber, armada eta inteligentzia zerbitzua ere «erreformatuko» dituzte, «gobernuaren menpe egon daitezen».

Xehab Ibrahim Askatasunaren eta Aldaketaren Indarretako bozeramaileetako batek EFE agentziari esan dionez, beste talde batzuek ere, hala nola Kongresu Nazionalak eta Alderdi Errepublikanoak, itun hori sinatu dute, eta horrek «azken akordio bat» lortzeko bidea erraztuko du; Ibrahimen ustez, abenduaren amaieran sinatuko dute.

Sudango Iparraldeko Herriaren Askapenerako Mugimenduko buru Jasir Armanek Sudan Tribune hedabideari emandako elkarrizketa batean adierazi duenez, alderdi hauek sinatu dute hitzarmena: «FCCk, Al Hadi Idris buru duen Sudango Fronte Iraultzaileak, Herri Kongresuaren Alderdiak, Alderdi Unionista Demokratikoak eta gizarteko zenbait profesionalek eta taldek».

Horrekin lotuta, Armanek adierazi du espero duela preso politikoak aske utziko dituztela akordioaren bitartez. Bada, Sudan Tribun hedabidearen arabera, herrialdeko agintariek jakinarazi dute espetxetik atera dituztela Boterea Deuseztatzeko Batzordeko (ERC) kide Wagdi Salih eta Abdallah Suleiman polizia erretiratua, bi hilabetez atxilotuta egon ondoren.

Ituna sinatu baino ordu batzuk lehenago, FFCk sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez adierazi dute «jarrera argia» dutela: «Sudango prozesu politikoak irtenbide politiko sakon baterako proiektu bat izan behar du, iraultzaren indar guztiek parte har dezaten». Mezu horretan, gainera, ohartarazi dutenez, «Sudani ezarritako edozein prozesuren aurka» jardungo dute, «kosta ahala kosta».

Bestalde, NBEk Sudanen duen misioaren buru Volker Perthes izan da zeremonian hitzaldi bat eman duen lehena, eta galdegin du dokumentu horretan sinatutako artikuluak «arrakastaz betetzea». Halaber, Abdel Fatah al-Burhan Sudango Trantsiziorako Kontseilu Subiranoaren presidentea buru duen junta militarrari eskatu dio «sudandar guztien eskubideak errespetatzeko, etnia, erlijioa eta ideologia politikoak alde batera utzita».

NBEk eta Afrikako Batasunak bitartekaritza lanak egin dituzte junta militarreko eta oposizioko ordezkariak mahaiaren itzulian esertzeko helburuarekin. Estatu kolpearen ondoren, Sudango eragileek elkarrizketa erronda hasi zuten, Afrikako herrialdeak bizi duen krisiari irtenbidea aurkitzeko.

«Ezkutuan» adostutako ituna

Nazioarteak eta Sudango hainbat taldek goratu egin dute junta militarrak eta oposizioak hitzartu duten akordioa. Guztiek, ordea, ez dute begi onez hartu; manifestazioak antolatzen dituzten eragileek itunaren aurkako protestara deitu dute. Haien iritziz, bi aldeek «ezkutuan» negoziatu dute akordioa.

Al-Burhanek 2021eko urriko estatu kolpea gidatu zuen, eta Abdala Hamdok trantsizioko lehen ministroa kargutik kendu zuen. Aurreko junta militarrarekin akordioa lortu eta gero izendatu zuten Hamdok lehen ministro, Al-Baxirren aurkako 2019ko estatu kolpearen ondotik. Al-Burhanek zuzendutako gobernu hark erreforma sozial eta ekonomikoa abian jarri zuen, eta bake akordio bat lortu zuen Darfurko eta herrialdeko beste eremu batzuetako talde matxinoekin.

Hamdok 2021eko azaroan lehen ministro kargura itzuli zen arren, dimisioa eman zuen 2022ko urtarril hasieran, estatu kolpearen aurkako protestetan Sudango indarrek manifestarien kontrako errepresioa salatu ostean; ehunka lagun hil zituzten.

Al-Burhanek uztailean iragarri zuen bide emango ziela alderdiei eta gizarteko erakundeei gobernu berri bat osatzeko. Hala, ziurtatu zuen armadak ez zuela negoziazioetan parte hartuko, eta indar politikoei «elkarrizketak bultzatzeko» eskatu zien, «Sudango herriaren batasuna berrezartzeko». Bide horretan, nazioarteak Al-Burhanek hartutako erabakia txalotu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.