Euskararen urtekaria

Frantses gobernua eta lurralde hizkuntzak Hezkuntzan

Sebastien Castet - Euskal Konfederazioko kidea
2022ko abenduaren 2a
17:17
Entzun

Molac legea izenez ezaguna den Lurralde hizkuntzen babeserako eta garapenerako legea onartzen zuten frantses legebiltzarreko diputatuek 2021eko apirilean. Ordura arte gai horri buruz aurkeztu lege proposamen guziak baztertuak izanik —eta batzuetan hemizikloan eztabaidatu gabe ere— badirudi jarrera aldaketa gertatu dela frantses klase politikoaren artean.

Izan ere, oroitarazi behar da legea gehiengo zabalez onartu zutela diputatuek, nahiz eta Macron presidentearen gobernuko gehiengoak kontra egin, eta legea bozkatu ondoren Jean-Michel Blanquer orduko hezkuntza ministroaren kabinetetik antolatu zuten Kontseilu Konstituzionalean aurkeztuko zen helegitea.

Kontseilu Konstituzionalak zentsuratu ez zituen artikuluen artean, euskara bezalako lurralde hizkuntzen eskaintzaren orokortzearena, horrek erran nahi duelarik teorikoki ikastetxe guziek euskararen irakaskuntza proposatzeko betebeharra dutela. Baina, bestalde, murgiltze eredua Konstituzioaren aurkakoa dela deliberatu zuen, hots, 2021etik goiti eredu hori legez kanpokoa zela.

Erabaki horrek lurralde hizkuntzen defendatzaileen artean haserre gorria eragin zuen eta herri mobilizazioari esker —60 bat mobilizazio Hexagono osoan, tartean 10.000 jende bildu zuen Baionakoa— frantses gobernuak eredu pedagogiko horren koadroa finkatzeko zirkularra atera behar izan zuen, berak piztutako sua itzaltzeko. Jarrera aldaketa espontaneoa baino, karrikan erakutsi presioaren aitzinean eman behar izan zuen amore gobernuak.

Murgiltzea «berriz» baimentzeaz gain, zirkular horrek ahalbidetzen du eredu hau eskola publikoan ere eskolaldi osoan garatzea ordura arte ama eskolan bakarrik posible zelarik.

Alde negatiboari dagokionez, oroitarazi behar da zirkular bat besterik ez dela, hots, normen hierarkiatik kanpoko argibide zerrenda bat, balio juridikorik ez duena auzibide kasuan: Kontseilu Konstituzionalaren erabakiak indarrean segitzen du eta Damocles ezpata beti dabil murgiltze ereduaren buruaren gainean.

Bestalde, Molac legea promulgatu zenetik eta berantago zirkularra atera zenetik Hazkunde Ministeritzatik ez dute argibiderik eman euskararen eskaintzaren orokortzea praktikan gauzatzeari buruz. Eta Ipar Euskal Herrian aurtengo ikasturte sartzean aitzineko sartzeetan izan ziren mobilizazioak eta borrokak errepikatu behar izan gabe eskola publikoan hiru murgiltze proiektu berri eta lau hedatze gauzatu badira ere, ikusteke dago hemendik landa behar adina irakasle baliabide ezarriko dituzten legea egikaritzeko. Eta ikusiz alde batetik orain arte frantses gobernu desberdinek lurralde hizkuntzekiko izan duten jarrera erasokorra eta bestetik Hezkuntzaren gaur egungo egoera orokorra Frantzian, zilegi da zalantzak izatea...

Ezarriko diren baliabideak frantses gobernuaren partetik lurralde hizkuntzekiko politikari buruzko jarrera aldaketarik baden jakitea ahalbidetuko duen neurgailuetariko bat da, dudarik gabe, baina ez bakarra.

Izan ere, badira zenbait urte Seaska federazioak eta ikastolek borroka bat daramatzatela —karrika manifestaldiak, azterketa zentro okupazioak, ikasleek eta irakasleek egin desobedientzia zibil ekintzak probak euskaraz idatziz eta kopiak zuzentzea errefusatuz, hurrenez hurren...—, ikasleek brebetako eta batxilergoko azterketak osoki euskaraz pasatzeko aukera izan dezaten. Momentuz oinarrizko eskubide hau ez zaie aitortzen ikasleei eta egoera ubuesko batean gara zeinean eskolaldi osoan euskara hutsez ikasteko parada duten ikasleek baina lauzpabost egun irauten duten azterketen garaian euskara erabiltzea debekatzen zaien.

Egoera horrek areagotu ditzake frantses gobernuaren balizko jarrera aldaketaren inguruan izan ditzakegun dudak: nola pentsa daiteke ikastetxe guzietan euskarazko irakaskuntza proposatu ahal izateko baliabide frango behar dituen plan orokorra laster diseinatuko duela frantses gobernuak medio gehigarri mikorik eskatzen ez duen azterketen gaia ez duelarik konpondu nahi? Urtez urteko aitzinamenduak aitzinamendu, lurralde hizkuntzekiko posizio dogmatikoak dirau.

Frantzia mailan epe laburrean hizkuntza politikaren goitik beherako aldaketa nekez aurreikus badaiteke ere, Molac legeak erakutsi digu tematzeak lorpenak ekar ditzakeela, Ipar Euskal Herriko iraganak frogatu duen bezala herri mobilizazioak lerroak mugiarazteko gaitasuna zuela. Eta aitzinean ditugun erronkak ikusirik hemendik aitzina ere indar harreman hori sendotzen segituko beharko dugu euskaldunok eta euskaltzaleok euskaraz ikasteko eskubidea osoki errespetarazi arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.