Jadanik plazaratu dute Goya sarietarako hautagaien zerrenda, eta hainbat garaikur jasotzeko aukerak ditu Paul Urkijoren Irati filmak. Bost saritarako izendatu dute lana, zehazki. Besteak beste, gidoi egokiturik onenaren aitortza jaso dezake filmak, ikusizko efekturik hoberenen sarirako izendatu dituzte Jon Serrano eta David Heras, eta jantzi diseinu onenaren saria jasotzeko hautagai da Nerea Torrijos.
Bestalde, Irati filmean baliatutako musikak bi izendapen ditu Goya sarietarako. Batetik, kanturik hoberenaren aitortza jasotzeko izendatu dituzte Aranzazu Calleja, Maite Arroitajauregi eta Paul Urkijo. Hain justu, bi sari irabazteko aukera dute hiru izendatu horietako bik: Aranzazu Callejak eta Maite Arroitajauregik. Jatorrizko musika hoberenaren saria jasotzeko hautagaien zerrendan ere ageri dira.
Halaber, euskarazko beste film batek ere badu Goya saririk erdiesteko aukera: Fermin Muguruzaren Ainhoa: Black is beltza 2 filma hautagai da animaziozko film luze hoberenaren saria jasotzeko.
Gainera, euskarazkoa ez den baina euskal herritar batek egina den beste lan bat ere izendatu dute. 11 sari jasotzeko hautagai da Alauda Ruiz de Azua zuzendari barakaldarraren Cinco lobitos. Besteak beste, film hoberenaren, jatorrizko gidoiaren eta emakumezko aktore nagusi hoberenaren (Laia Costa) sariak jaso ditzake lanak.
Otsailaren 11n eginen dute sari banaketa, Sevillan (Espainia).